Osakidetzak milioi euro baino gehiago inbertitu ditu Bilbo-Basurtuko ESIko Erradioterapia Onkologikoko zerbitzua eraberritzeko
- San Bizente pabiloian dagoen zerbitzu honen obrek eraikinaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzen dute.
- 1.150.000 euro inbertitu dira erradioterapia onkologikora esklusiboki bideratutako pabiloi honetako 3 solairuak berritzeko
- Ekipamendu hau berritzearekin eta brakiterapiako ebakuntza-gelarekin batera, Bilbo-Basurtu ESIko Erradioterapia Onkologikoko zerbitzua munduko erradioterapiaren abangoardian dago
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Erradioterapia Onkologikoko Zerbitzuaren instalazioak bisitatu ditu gaur. Eraberritze-proiektu honi esker, dagoen azalera birbanatu da (300 m2, 3 solairutan banatuta), pazienteen irisgarritasuna hobetu da, eta laneko espazioak eta zerbitzuko langileen erosotasuna ere hobetu dira.
Obra horretara bideratutako inbertsioa 1.150.000 eurokoa izan da. Eraberritzeari esker, eraikinaren segurtasuna hobetu da, sarbideak kontrolatzeko eta zaintzeko sistemak txertatu dira eta energia-efizientziako neurriak ezarri dira, hala nola klimatizazio-sistemetan beroa berreskuratzea edo LED bidez argiztatzea. Gainera, nabarmendu beharra dago eraikinaren irisgarritasuna hobetzen laguntzen duen igogailu bat instalatu izana.
Espazioen eraberritze hau ekipo guztien berrikuntza teknologikoaren ondoren sortu da. Berrikuntza hori 2023an amaitu zen, 2018-2023ko Euskadiko Plan Onkologikoaren esparruan, eta berekin ekarri du 4 D teknologia duen OTA simulatzaile berri bat eta azken aurrerapen teknologikoekin hornitutako azeleragailu lineal bat instalatzea. Ekipamendu hori berritzearekin eta brakiterapiako ebakuntza-gelarekin batera, Bilbo-Basurtu ESIko Erradioterapia Onkologikoko zerbitzua “munduko erradioterapiaren abangoardian dago”, Francisco Javier Fuertes zerbitzuburuaren hitzetan. “Bi ekipo berri horiek —gaineratu du— jauzi kualitatiboa ekarri dute egingo ditugun tratamenduen kalitatean, eta kalitate-bermea eskaintzen dute, horiek baitira arlo horretan eskura dauden bitarteko onenak. Teknologia horrekin batera, gure pazienteek espazio erosoagoak eta eskuragarriagoak dituzte hemendik aurrera, ematen diegun arreta orokorra hobetzen laguntzeko”.
Urtean bi mila paziente
Erradioterapia Onkologikoko zerbitzuak urtean 2 mila paziente ingururi ematen dizkie tratamenduak. Gaur egun, zerbitzu horrek kanpoko erradioterapian lan egiten du, eta honako hauek barne hartzen ditu: gainazalaren bidez gidatutako erradioterapia bidezko tratamendua, burmuineko metastasien HyperArc bidezko tratamendua, ezkerreko bularreko tumoreetan inspirazio sakona duen tratamendua eta irudiak gidatutako erradioterapian eta gorputzeko erradioterapia esterotaxiko zatikatuan oinarritutako tratamenduak. Era berean, tasa baxuko eta altuko brakiterapia bidezko tratamenduak ere egiten ditu prostatako eta brakiterapiako kartzinometan, zerbixeko tumoreetan erresonantzia magnetikoak gidatuta.
Azken datuen arabera, minbizia duten pazienteen % 70ek erradioterapia jasoko dute gaixotasunean zehar, eta tratamendu mota honek, kirurgiarekin edo kimioterapiarekin lotuta, % 40tan sendatzen laguntzen du. Bestalde, tratamendu esklusibo gisa, gaur egun % 25-30 arteko sendatze-indizea du. Azken batean, etengabe eboluzionatzen ari den eta etengabe berritzen ari den espezialitatea da, esparru berrietan lanean ari dena, hala nola erradioterapia moldagarrian, gainazaletik gidatutako erradioterapian edo Flash teknikan, besteak beste.
-
2024-01-29
Comentario de Twitter:
🛠️🏥@GSagardui sailburuak San Bizente pabiloian dagoen Erradioterapia Onkologikoko zerbitzua bisitatu du, zeinen obrak amaitu berri diren. Guztira, 1.150.000 euro inbertitu dira eraberritzean, eraikinaren segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko
➕ https://t.co/Dyz1cExW9J -
2024-01-29
Comentario de Twitter:
🛠️🏥La consejera @GSagardui ha visitado el servicio de Radioterapia Oncológica, pabellón San Vicente, cuyas obras acaban de finalizar. En total, se han invertido 1.150.000 euros en esta reforma que mejoran la accesibilidad y seguridad de este edificio ➕https://t.co/YzpVBVSoZg https://t.co/QQOccBSaZd -
2024-01-29
Comentario de Twitter:
Osakidetza invierte más de un millón de euros en la reforma del servicio de Radioterapi https://t.co/OmcbxzF6Gl