Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak baieztatu du orain Euskadiren helburua Europan duen lekua finkatzea dela, ondoen prestatu eta gehien aurreratu eta bateratu diren gizarte horien artean

2024-01-30
  • Bruselako euskal komunitateari eta RLEG ekimeneko kideei harrera egin die Iñigo Urkulluk
  • Lehendakariak baieztatu duenez, Euskadi Europako Nazio bat da, eta bere helburua da bere hitza eta Europa osatzen duten beste Eskualde eta Nazioena “entzutea eta aintzat hartzea”

Bere Bruselako bisita ofizialeko bigarren eguna biribiltzeko, Lehendakariak harrera egin die Europako hiriburuko euskal komunitateko eta Euskadi buru duen RLEG ekimeneko zenbait ordezkariri. Iñigo Urkulluk bertan adierazi duenez, “Euskadi Europako nazio bat da” eta Europan bere ahotsa eta Europa osatzen duten beste Eskualde eta Nazioena “entzutea eta kontuan hartzea du jomuga”.

Europaren hausnarketa eta eraikuntza prozesuan Euskadik egin dituen ekarpenak berrikusi ondoren, Lehendakariak baieztatu du Europan ondoen prestatu eta gehien aurreratu eta kohesionatu diren jendarteen artean bere tokia finkatzea dela Euskadiren helburua.

Iñigo Urkulluren ahotan, “oso emankorra” izaten ari da egunotan Bruselan egiten ari den bisita instituzionala, zentzu horretan, Europako erakundeei eskerrak helarazi dizkie euskal ekarpen eta proposamenei harrera ona egiteagatik. Beste batzuen artean, legegintza eskumenak dituzten Eskualdeek eta Nazionalitate konstituzionalek EBko erabakietan parte har dezaketela bermatzeko, Dubravka Suiça presidenteordearen bitartez, Europako Batzordeari aurkeztu dion protokoloaz mintzatu da Lehendakaria. “Alegia, Euskadiren moduan, estaturik ez duten Herriak euren etorkizunaren jabe izan ahal izatea Europar Batasunaren barruan” – adierazi du Lehendakariak.

Beste proposamen batzuen artean, protokoloak eskualde-lurralderen batean ofizialak diren hizkuntza guztiak Europar Batasunean ofizialak izatea ipini du mahai gainean Iñigo Urkulluk; era berean, nazionalitate konstituzional hauei guztiei Europar Batasuneko etorkizunari buruzko debate guztietan eta Tratatuak berritzeko prozesuetan parte hartzeko eskubidea aitortzea ere proposatu du Lehendakariak.

Azken finean –baieztatu duenez– proposamen bat gehiago da, bere sorrerako oinarriak berreskuratzen dituen Europa bat eraikitzen laguntzeko. “Guk –adierazi du– oinarrietatik eraikitzen den Europa batean sinesten dugu, berau osatzen dugun herrietatik sortutako Europa batean; ez estatuen batuketa hutsa den Europa batean”.

Bukatzeko, harrerara bertaratu diren pertsona guztiei eskerrak eman dizkie Lehendakariak, Europaren etorkizuna eraikitzeko, Euskadi ordezkatuz eta Euskadiren interesak babestuz, eskainitako “hurbiltasunarengatik eta laguntzarengatik”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak