Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak  Bruselan egiaztatu duenez, “Euskadiren izena eta izana ezagunak dira Europan eta ondo baloratuta dago”

2024-01-30
  • Europako agintariek Euskal ekarpenekiko “harrera ona” erakutsi dutela nabarmendu du
  • Iñigo Urkulluk Europako Batzordearen laguntza eskatu du Makroeskualde Atlantikoari “azken bultzada” emateko, eta protokolo bat aurkeztu du legegintza eskumenak dituzten eskualdeek eta nazionalitate konstituzionalek Europar Batasuneko erabakietan parte hartu ahal izatea bermatzeko

Bere Bruselako bigarren jardunaldia, batik bat, Europako mailarik altueneko agintariekin elkartzeko baliatu du Lehendakariak, eta batzar horietan egiaztatu ahal izan duenez, “urteetako lanaren ondoren, Euskadiren izena eta izana ezagunak dira Europan eta ondo baloratuta dago”.

Bruselatik bertatik asteroko Gobernu Kontseiluko bileraren buru izan da Iñigo Urkullu, eta, ondoren, arratsaldeko lehen orduan, Dubravka Suiça Europako Batzordeko Demokrazia eta Demografiarako presidenteordearekin elkartu da. Lehendakariak Dubravka Suiça-ri protokolo bat aurkeztu dio, legegintza eskumenak dauzkaten eskualdeek eta nazionalitate konstituzionalek EBko erabakietan parte hartzea bermatzeko, eta Europako arduradun horrek ondo hartu du Jaurlaritzaren ekarpena.

Ondoren, Iñigo Urkullu eta Marian Elorzak zuzentzen duen Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritzako taldea Maroš Šefčovič Itun Berderako presidenteordearekin batu dira. Bilera horretan Jaurlaritzako ordezkariek Euskadi 2040 egitasmoko ikuspegi estrategikoa partekatu dute Europako arduradunarekin.

Europar Batasuneko arduradunekin egindako bileren azken txanpan Elisa Ferreira Kohesio eta Erreforma komisarioa izan da. Iñigo Urkulluk aurrez aurre eskerrak eman nahi izan dizkio “Makroeskualde Atlantikoari ematen ar izaion babesagatik”. Zentzu horretan, Lehendakariak egitasmo honi azkenengo bultzada bat eman behar zaiola helarazi dio eta bere laguntza ezinbestekotzat jo du “Euskadirako eta Arku Atlantikoko Batzorderako lehen mailakoa den helburu hau” erdiesteko. “Hori lortzetik hurbil gaude”- adierazi du Lehendakariak batzarraren ostean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak