Berriak

Eusko Jaurlaritza ongizate-estatua “Urkullu eredua” aplikatu gabe mantentzearen alde

2012-02-14

Espainiako Gobernuak lan-arloan abian jarri duen erreforma ez da lagungarria izango lana sortzeko eta langileak kaleratzea erraztuko du, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez

Dirubideen Euskal Kontseilua gaur arratsaldean batzartuko da. Idoia Mendiak adierazi duenaren arabera, bilera “normaltasunez” gauzatuko da; izan ere, ez da “tirabirarik” egon Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek gaurko bilera baino lehenago egin dituzten batzarretan. Eusko Jaurlaritza ongizate-estatua mantentzearen eta “iraunkor egitearen” alde agertu da. Idoia Mendia bozeramaileak Eusko Jaurlaritzak gastu korrontea murrizteko eta osasunaren eta hezkuntzaren arloen kudeaketan eraginkortasun ekonomikoa lortzeko egin duen ahalegina azpimarratu du, eta zergak igo beharrean iruzur fiskalaren kontra borrokatzearen nahiz fiskalitate iraunkorra lortzearen alde agertu da. Gai horren harira argitu du Jaurlaritza “ez dela ari EAJren presidenteak planteatzen duen bidea aztertzen” diru-bilketaren esparruan. Eredu hori “CIUren Kataluniako ereduaren antzekoa da”, esan du Idoia Mendiak.

Gaur Lehendakaritzan (Gasteizen) egin den Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Jaurlaritzaren bozeramaileak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak EAJrekin lan egiteko eta akordioak bilatzeko (arlo ekonomikoan, bereziki) prest jarraitzen duela.

Zahartze aktiboa

2012. urtea “Zahartze aktiboaren eta belaunaldi arteko elkartasunaren urtea” izateko Europar Batasunak egindako aldarrikapenari atxikitzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak.

Aldarrikapen horrek berekin dakar ongizatearen Europako gizartea eraikitzeko eta mantentzeko adinekoek gizartearen eta ekonomiaren alorrean duten garrantzia onartzea.

Ikerketa proiektuetarako laguntzak

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu du 74,3 milioi euro bideratzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen agenteen ikerketa-jarduera bultzatzeko, hau da, korporazio, aliantza eta zentro estrategikoena, enpresa-arloko I+Gko unitateena, unibertsitateena, berrikuntzako bitarteko erakundeena, eta abarrena. Guztira % 22ko hazkundea da iazko kopuruekin alderatuta.

Programa horien atzean dagoen proiektu bakoitzean lorturiko emaitzetan oinarritzen da Eusko Jaurlaritzak haien alde egindako apustua, Euskadin jarduera ekonomikoa (industria- eta enpresa-arlokoa) eta enplegua bultzatzen dutela erakusten baitute.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2012.02.14)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012-02-14n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)