Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Berlingo Zinema Jaialdian Euskadiri buruzko eguna

2012.eko otsailak 13

Eusko Jaurlaritza, hainbat sailetako ordezkariekin, Berlingo Zinema Jaialdira joan da euskal kultura, produktuak eta Euskadi helburu turistiko moduan sustatzera; han izan dira Blanca Urgell kulturako sailburua, Isabel Muela turismoko zuzendaria eta Amaia Barrena Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendaria.

Zinemaldia izan zenean, Donostiako Zinemaldiaren Culinary Zinema sailaren eta Berlinalearen Kulinarisches Kino sailaren artean lankidetza-hitzarmena sinatu zen eta lankidetza horren ondorio dira ekitaldiak.

Berlinale jaialdiaren barruan, gaur Euskadiren Eguna izango da; eguna hasteko, Espainiak Berlinen duen Enbaxadan ekitaldi bat egin dute eta bertan izan da Espainiak Alemanian duen enbaxadore Rafael Dezcallar de Mazarredo jauna, Eusko Jaurlaritzaren kulturako sailburu Blanca Urgell andrea, turismoko zuzendari Isabel Muela andrea, Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendari Amaia Barrena andrea eta Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari Aizpea Goenaga andrea.

Urgell sailburuak Euskadi ezagutzeko gonbidapena egin die bertaratu direnei; izan ere, Euskadin "Europako historiaren zati berezi bat aurkituko dute, baita hizkuntza berezi bat ere, Europako gainerako hizkuntzekin inolako zerikusirik ez duena; baina, batez ere, lurralde langile bat aurkituko dute, etorkizunaren eta berrikuntzaren alde lan gogorra egiten ari den lurraldea", esan du.

Kulturako sailburuak nabarmendu duenez, urte luzez malkotan, berunaren eta sufrimenduaren mende bizi izan ostean, orain, "aro berrian sartu gara; terrorismoa iraganeko kontua da eta bakea betiko lortzeko itxaropena dugu, egiazko itxaropena. Itxaropen-garai honetan, ez diogu uko egiten eta ez diogu uko egingo memoriari, indarkeria eta tolerantziarik eza pairatu dutenekiko erabateko eta betiereko errespetuari, baina jakin badakigu gehitzeko garaia ere badela, elkarguneak eta bide komunak bilatzeko garaia, bizikidetza-guneak bilatzekoa".

Blanca Urgellek amaieran ideia bat nabarmendu du; hain zuzen ere, Euskadi deskubritzeko, partekatzeko eta inbertitzeko tokia dela. "Esperientzia errepikaezinak bizitzeko tokia -esan du-, produktu natural bereziak dastatzeko, gastronomiarik finenarekin gozatzeko, eta gure jendearen seriotasuna eta harrera ona ezagutzeko lekua. Geu ezagutzea eta bisitatzea nahi dugu, geure esperientzia partekatu nahi dugu eta besteengandik ikasi. Nire herria sorkuntzan, industriaren nahiz kulturaren arloko sorkuntzan, ahalegin handia egiten ari delako eta konfiantzaren eta bizi-kalitatearen mailei goian eusten dielako".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren turismoko zuzendari Isabel Muela andreak Euskadi helburu turistikoa aurkeztu du eta lurralde osoaren elementu erakargarriak azaldu ditu: Euskadin bizi daitezkeen esperientziak, gastronomia, enologia eta 3 hiriburuak, baita mendietako berdetasuna ere, kostaldea Flyscharen ibilbidearekin eta kultura museoekin. Ez dugu ahaztu behar Alemania lehentasunezko merkatu dela Euskadirentzat, hainbat arrazoirengatik; hala nola, hegaldi zuzenen loturagatik eta alemaniarrek Alemaniaren antzeko lurralde bat ezagutzeko interesagatik. Urtean 70.000 turista baino gehiago iristen dira EAEra Alemaniatik.

Basque Day honetan goizean, arratsaldean eta gauean izango dira ekitaldiak; goizean, euskal elikagai-industriaren aurkezpena egin du Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendari Amaia Barrena andreak. Amaia Barrenaren esanetan, "hitzordu hau oso garrantzitsua da merkatu alemaniarrarekin merkataritza-harremanak ezartzeko, nekazaritzako eta elikadurako industriari dagokionez merkatu nagusietako bat den aldetik". 

Basque Day jardunaldian euskal produktuen ordezkaritzak ere izan dira; adibidez, Arabako Errioxako ardoak, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuarekin, "Araex Export Group" Esportazio Partzuergoaren eta Bodega Heredad de Ugarte upategiaren bitartez; txakolina, Getariako Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearekin; Kontserbak eta arrainetik eratorritako beste produktu batzuk, CORPA (Corporación Pascual Hermanos) eta Hijos de José Serrats enpresekin; eta Idiazabal Gazta, Jatorri Deiturarekin, Basque Cheese-en bitartez.

Horrekin batera, Gastronomia, artea eta gizartea izeneko mahai-inguru bat ere egin dute; honako hauek parte hartu dute: Basque Culinary Center-eko zuzendari Joxe Mari Aizega jaunak; Zinemaldiaren ordezkari Jose Luis Rebordinos jaunak; Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak, Eneko Atxa sukaldariek eta Kulinarisches Kino-ren zuzendari Thomas Struck jaunak.

Goizeko jardunaldia amaitzeko, Elena Arzakek eta Eneko Atxak bazkaria prestatu dute bertaratu diren lagunentzat (100 baino gehiago ziren); gainera, sukaldariek pintxoak egin dituzte gonbidatuen aurrean, zuzenean.

Gaueko programazioan, aldiz, Luís Aduriz sukaldariak egin duen Mugaritz BSO filma ikusi ahal izango da; hiru Michelin izar dituen sukaldariak zentzumenen fusio berritzailea egin du proiektu horretan. Etxepare Institutuak Felipe Ugarte autorearen entzunaldia eskainiko du; Ugartek dokumentalaren soinu-banda egin du eta zuzendarikide ere bada. Emanaldian Beñat Iturriotzek txalaparta joko du eta Mikel Aristegui dantzariak dantza egingo du.

Mugaritz BSO dokumentala Eusko Jaurlaritzak finantzatu zuen eta Berlinale jaialdian Euskadiri eskainitako egunari amaiera emateko Adurizek berak 200 lagunentzat prestatuko duen afaria ere bai.

Donostiako Zinemaldiaren Culinary Zinema sailaren eta Berlinalearen Kulinarisches Kino sailaren arteko lankidetza-hitzarmenaren ondorio dira ekitaldiak. Lankidetza hori Donostiako azken Zinemaldian sortu zen; izan ere, Basque Culinary Center-ekin bat egin eta Culinary Zinema saila jaio zen, gastronomiari buruzko saila. Aurrerantzean, Zinemaldian beti izango du txoko bat sail horrek.

Eusko Jaurlaritzak hainbat ekitaldi egin ditu Euskadi nazioartean helburu turistiko gisa bultzatzeko eta Basque Day jardunaldia esparru horretan sartzen da; gastronomia turismoaren trakzio-ardatz nagusi bihurtu da, azken bi urteotan datu ezin hobeak eman baititu.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 13a

2 iruzkin
  • @Lanabesa
    2012.eko otsailak 14

    Comentario de Twitter:
    RT @euMONDRAGON: Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko eguna antolatu zuten Berlinalen http://t.co/GdYYFV3o

  • @euMONDRAGON
    2012.eko otsailak 14

    Comentario de Twitter:
    Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko eguna antolatu zuten Berlinalen http://t.co/GdYYFV3o

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)