Hauteskundeak 2024
Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzaren Paziente Bizia – Paciente Activo programak gaixotasun kronikoak dituzten eta haien zaintzaren ardura duten 9.000 pertsona baino gehiago laguntzen ditu

2024-01-25
  • Gaur egun, 200 begirale inguruk gidatzen dituzte heziketa-tailer hauek

  • Bihar urtarrilaren 26a, OSTIRALA, Osakidetzak gai horri buruzko jardunaldi bat eta begiraleen omenaldi bat antolatzen du Gasteizen egingo den VIII. topaketan

Osakidetzaren Paziente Bizia – Paciente Activo Programa 2010ean abian jarri zenetik, gaixotasunak dituzten edo horiek zaintzearen ardura duten 9.000 euskal herritarri baino gehiagori lagundu die, eta prestakuntza-saioak eskaini ditu autozainketako trebakuntza areago dadin eta norberaren osasunaren eta gaixotasunaren kudeaketa hobetu dadin.

Osasun Sailaren eta Osakidetzaren ildo estrategikoetako bat da herritarren ahalduntzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea. Helburu horrekin, bizitza autonomoagoa bultzatzeko eta osasunaren zaintzan segurtasun handiagoa lortzeko tresnak eskaintzen dituzten programak jarri dira abian.

Paziente Bizia – Paciente Activo programa pazientea ahalduntzeko estrategiaren barruan sartzen da, eta 200 begirale inguru ditu. Begirale horiek ere gaixotasun kroniko bat dute edo gaixoen zaintzaile dira. Eta begirale horiek dira, hain zuzen, heziketa-tailer horiek emango dituztenak. Azken batean, berdinen arteko tailerrak dira, nork bere burua zaintzeko trebakuntza areagotzera zuzentzen direnak.

44 BEGIRALE BERRI ETA 350 PARTE-HARTZAILE

Bihar, ostirala, urtarrilaren 26a, Osakidetzak omenaldia egingo die programako begiraleei, Osakidetzaren Gasteizko egoitzan egingo den begiraleen VIII. Topaketaren barruan. Jardunaldi horretan parte hartuko dute Rosa Pérez-Esquerdo zuzendari nagusiak eta Susana Martin Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko zuzendariordeak.

Aurtengo jardunaldian, 44 begirale berri akreditatuko dira, eta Paziente Bizia – Paciente Activo programari jarraipena emango dioten begirale horietako gehienak ‘Nire ongizate emozionala zaintzen’ prestakuntza-ildoari atxikita daude. Tailer horiek 2023ko martxoan jarri ziren abian, eta, une horretan, osasun emozionalari ekitea aukera bat ez ezik, erronka bat ere bazen. Herritarren erantzuna arrakastatsua izan da, 350 pertsonak baino gehiagok parte hartu baitu tailer horretan.

Ekitaldian, “Nire ikasketen esperientziak” Ipuin Laburren III. Lehiaketako saria emango da —tailerretako parte-hartzaileek beraiek parte hartu dute lehiaketa horretan—.

PAZIENTE BIZIA – PACIENTE ACTIVO IKASTARO-ESKAINTZA

Paziente Bizia- Paciente Activo programak eskaintzen dituen tailerretan, gaixotasunari buruzko oinarrizko ezagutzez gain, bizi-ohitura osasungarriak lantzen dira (elikadura, ariketa fisikoa, atsedena, etab.), kudeaketa emozionala, sexualitatea, sintomen kudeaketa, baita osasuna hobeto kontrolatzen lagunduko duten trebetasunak ere, hala nola ekintza-planak ezartzea, arazoak konpontzea, komunikazio-teknikak, estresa kontrolatzeko teknikak eta erabakiak partekatzea, hori guztia berdinen arteko laguntzaren barruan.

Gaur egun, hauek dira Paziente Bizia – Paciente Activo programak eskaintzen dituen aurrez aurreko edo bideokonferentzia bidezko tailerren prestakuntza-ildoak: Nire osasuna aktiboki zainduz, Nire diabetesa zaintzen, Ijitoen herriaren osasuna zaintzen, Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen, Nire bihotz-gutxiegitasuna zaintzen eta Nire ongizate emozionala zaintzen. Horiei 2020tik aurrera Entrenamendu aktiboa izeneko online ikastaroa gehitu zaie.

 

Paziente Bizia - Paciente Activo Programako begiraleen VIII. Topaketaren programa 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak