Hauteskundeak 2024
qrcode

Euskadiko ingurumen zentroen Ekoetxea sareak zifra errekorra lortu zuen 2023an: 132.000 bisita, 10etik 9,5eko balorazioarekin

2024-01-25
  • Edukien proposamen berrituarekin, 34.000 pertsonak baino gehiagok aktiboki parte hartu zuten ingurumenaren aldeko esperientzia berezietan, eta portaera aldatzeko 2.000 konpromiso formalizatu zituzten.
  • Ia 30.000 ikaslek –3 urtetik 18 urtera bitartekoak– eskola programaren ikaskuntza esperientzietan parte hartu zuten, besteak beste, biodibertsitatea, klima aldaketa eta ekonomia zirkularra esparruetan
  • Ekoetxea sarearen eraldaketa digitaleko prozesuari esker, 5.000 erabiltzailetik gorako komunitate bat sortu da

 

Eusko Jaurlaritzaren ingurumen ekipamenduen Ekoetxea Sarea osatzen duten lau zentroek (Urdaibai eta Meatzaldea, Bizkaian; eta Txingudi eta Azpeitia, Gipuzkoan) 132.771 ikustaldi erregistratu dituzte 2023an; horietatik 34.000 baino gehiago ingurumenaren aldeko kontzientziazioa eta ekintza hobetzera bideratutako esperientziez gozatzeko egin dituzte, eta, gainera, ohiturak benetan aldatzeko konpromisoa hartzeko.

Jende gehienak eskatutako esperientziak hauek izan dira: Ingurumenaren Mundu egunean (ekainaren 5ean) hondakinak modu kolektiboan biltzea; irteera itsasontzian, “Zetazeoak 10etan/Cetáceos a las 10” programarekin; Lurzoruaren Mundu Egunean esperientzia digitala ikasleekin (abenduaren 5ean); eta azaroan, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen esparruan, familientzat egindako “Ez zaitez biltzen utzi” kanpaina.

Ekoetxea zentroetan egin daitezkeen jardueren eskaintza eraldatzeko landutako garrantzizko prozesua izan daiteke, hain justu, 2023an sarean jasotako bisitetan izandako zifra errekorra lortu izanaren funtsezko arrazoietako bat. Eraldaketa horren helburua da zentroak bisitatzen dituzten pertsonek ingurunearen ikusle soil izateari uztea, eta ingurumena hobetzeko konpromisoa duten pertsona bihurtzea.

Helburu horrekin, Ekoetxea sareak esperientzien eskaintza berritu bat zabaldu du –hibridoak zein presentzialak–, metodologia berritzaile batekin diseinatuak, parte hartzeari, gogobetetze mailari eta jarduerek herritarrengan duten eraginari buruzko datuak lortzeko. Horri esker, jakin ahal izan da sareak 2023an eskainitako 256 esperientzietan parte hartu duten pertsonen gogobetetze maila 10etik 9,5 puntukoa izan dela.

 

Konpromiso jasangarriak sortzea

Ekoetxea Sareko esperientzien tipologia askotarikoa da, hala nola hainbat naturgunetako pista jokoak, ihes jarduerak edo ginkanak, eta baita familientzako tailerrak edo ikuskizunak ere. Jarduera bakoitza ingurumen esparru jakin batean oinarritzen da, eta esperientzia esanguratsu eta berezia bizitzeko aukera ematen du, gogoeta eta ekintzarako bidea sustatuz. Horregatik, horietako bakoitzean jasangarritasunarekiko konpromisoa sartzen da, pentsatzeko eta jarduteko moduan aldaketa hori aktibatzeko.

Esperientzia horiek ez dira soilik modu fisikoan gauzatzen zentroetan. Esperientzia murgiltzaileago batez gozatu ahal izateko, bertaratzen den pertsonak, bisita egin aurretik, “lehen ezagutza” moduko batean parte hartzen du, normalean modu digitalean. Behin Ekoetxeara doanean, jardueraz gozatzen du, eta, ondoren, konpetentzien ikaskuntza indartu ahal izateko, jarduera digital bat egin ahal izango du, bere konpromiso jasangarria lortzeko motibatzea helburutzat hartuta.

Iaz, 2.000 konpromiso baino gehiago formalizatu zituzten hainbat jardueratan parte hartu zuten ia 400 familiak. “Kontsumo arduratsu eta jasangarriaren alde egitea” dago hartutako konpromisoen sailkapenaren lehen tokian. Zehazki, familiek honako konpromiso hauek hartu dituzte: erosketak egitean etxetik poltsa berrerabilgarriak eramatea, janaria alferrik ez galtzea, eta hondakinak etxean behar bezala bereiztea eta dagokien edukiontzietan botatzea.

Gaur egun, Ekoetxea sareak 5.000 pertsonatik gorako komunitatea du, eta kanal sozialen eta webgunearen erabiltzaileen kopuruak ere nabarmen egin du gora; azken horrek, iaz, 122.771 bisita izan baitzituen.

 

Eskola Programa

Ekoetxea sareak, sortu zenetik, lotura handia du euskal eskola komunitatearekin. Berrikuntzaren eta etengabeko hobekuntzaren aldeko apustuak Eskola Programaren eskaintza egokitzea eta birdefinitzea ekarri du.

2023an, ikastetxeei zuzendutako eskaintzak 3 eta 18 urte bitarteko 30.000 ikasle inguru erakarri ditu, eta, besteak beste, biodibertsitatearekin, klima aldaketarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako ikaskuntza esperientzietan parte hartu dute. 

 

2023KO DATUAK 

  • 132.771 bisita presentzial
  • 34.464 erabiltzaile
  • 29.689 ikaslek gozatu dute jasangarritasunari buruz ikasten
  • 5.000 erabiltzaile baino gehiago komunitate digitalean
  • Ia 400 familiak 2.000 konpromiso baino gehiago hartu dituzte beren gain
  • 256 esperientzia eskaini dira sareko 4 zentroetan
  • 10etik 9,5eko balorazioa
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak