Berriak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak
qrcode

Herritarren etxebizitzarako eskubidea eta hori lortzeko formulak aztertuko dituzte nazioarteko adituek Etxebizitza Sailak antolatutako kongresu batean

2024-01-25
  • Austria, Alemania eta Holandako esperientziak izango dira protagonista hiritarrek etxebizitza duina eta eskuragarria izateko beharrari erantzun nahi dion topaketa honetan
  • Kudeaketa publikoko, arlo akademikoko edo sektore pribatuko profesionalek aztertuko dituzte nola gauzatu etxebizitzarako eskubide subjektiboa eta etxebizitzaren funtzio soziala eta nola baliatu prezioei eusteko tresnak edo alokairuko parke publikoaren ereduak
  • Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuak adierazi du herritarren premiei erantzuteko beharrak eraginda hasi dela etxebizitza agenda publikoetan sartzen


Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak datorren urtarrilaren 29an egingo du International Congress on Housing Policies foroa. Foro horrek Euskadira ekarriko ditu Europan etxebizitzaren arloko erreferentziazko politika publikoak bultzatu dituzten profesionalak. Bilboko Euskalduna Biltzar Jauregian egingo den jardunaldi horren helburua da pertsonek etxebizitza duina eta egokia izateko premiari erantzuteko moduari buruzko ezagutzak trukatzea.

Kongresuak honako ideia hau izango du ardatz: etxebizitza bihurtzea ongizate-estatuaren bosgarren zutabe —osasuna eskura izatea izan zen lehen zutabea, hezkuntza bigarrena, erretiroa hirugarrena eta mendekotasunari laguntzeko zerbitzuak laugarrena—.Izan ere, etxebizitza edukitzea oinarrizko baldintza da bizitza-proiektuari gutxieneko baldintzetatik aurre egin dakion, eta, gero, beste oinarrizko eskubide batzuk erabili ahal izan daitezen eta bizi-prozesuak garatu ahal izan daitezen.

Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuak nabarmendu duenez, kongresua egingo da administrazio guztietako agenda publikoetan etxebizitza sartzen hasten den une batean, administrazioak jakitun baitira herritarrek arlo horretan dituzten premiei eta zailtasunei erantzun behar zaiela. Eta erantsi du hitzorduak arlo horretan sakontzeko aukera emango duela, baita administrazioek eta partikularrek oztopo horiek gainditzeko har ditzaketen neurriei buruz hausnartzeko aukera ere.

Zer urrats egiten ari dira etxebizitza benetako eskubide bihurtzeko? Nola egin daiteke aurrera etxebizitza ongizate-estatuaren bosgarren zutabe bihurtzeko? Euskadin etxebizitza-arloko arduradunek gai horiei buruz eztabaidatuko dute erreferentziako profesionalekin, eta sektore pribatuko, unibertsitateko, hirugarren sektoreko eta administrazio publikoko 400 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute.

Etxebizitzarako eskubide subjektiboari heltzeko moduak izango dira, hain zuzen ere, lehenengo esku-hartzeen eta ondorengo elkarrizketaren helburu nagusia, ‘Etxebizitza-politikak eta eskubide subjektiboa’ lelopean. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jauregirekin batera, Wohnpartner-Wien elkarteko bitartekari Isabella Wohinz andreak parte hartuko du. Elkarte horrek Austriako hiriburuko alokairuko parke publikoa kudeatzen du, eta herrialde hori erreferentziazkoa da Euskadirentzat, lau etxebizitzatik bat soziala baita. Izatez, Vienako higiezin-parkearen zati handi bat esku publikoetan dago, eta mantentze-jasangarrirako eta komunitateen elkarbizitzarako programak ditu. Eztabaidan parte hartuko dute, halaber, Javier Martin Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioko Etxebizitzako zuzendari nagusiak eta Maite Arrondo Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako zuzendari nagusiak. Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa dira etxebizitzarako eskubide subjektiboa gauzatzen duten autonomia-erkidego bakarrak, eta oso modu desberdinean egiten dute: Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, etxebizitza publikoak esleitzeko sistema baten bidez edo, bestela, zuzeneko laguntza ekonomikoen bidez; eta Nafarroaren kasuan, errentamenduagatiko kenkari fiskalen sistema baten bidez.

Jardunaldiko bigarren blokeko esku-hartzeetan aztergai izango dira etxebizitzaren funtzio sozialari heltzeko modua eta funtzio sozial horrek dakartzan prezioei eusteko beharra. Euskal Autonomia Erkidegoaren ikuspegitik, Mario Yoldi Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak ezagutaraziko du etxebizitzaren erronkei erantzungo dien fiskalitaterako proposamena. Bestalde, DIW Berlin-eko Konstantin Kholodilin ikertzaile elkartuak eta prezioen kontrolaren arloko Europako aditu handienetakoak Europako zenbait herrialdek gai horretan duten egoeraren berri emango du. Bestalde, Carme Trilla Bartzelonako Etxebizitzaren Metropoli Behatokiko presidenteak eta etxebizitza-politika publikoen erreferentziazko analistak, Kataluniako egoerari buruzko ikuspegia azalduko du; eta UNECAko presidente Luis Albak, berriz, ikuspegi pribatutik egingo du gogoeta.

Arratsaldean, kongresuaren hirugarren blokeak gai hau izango du ardatz ‘Etxebizitza publikoaren erronkak XXI. mendean: nola sortu eta kudeatu etxebizitza-parke publikoak?’. Epigrafe horren azpian esku hartuko dute: Marije Raap Amsterdamgo Lurzoruaren eta Garapenaren Zuzendaritzako etxebizitza-programaren gerenteak —Holandako hiriburuak 2019tik aurrera 7.500 etxebizitza berri sortzeko programa bati heldu dio; etxebizitza horien heren bat etxebizitza sozialak izango dira eta alokairu mugatuko eta txandakako programak izango dituzte; gainera, etxebizitza kooperatibek eta elkarteek ere eraikitzen dute—; Patricia Val Alokabide - Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sozietateko zuzendariak, gauzatzen ari diren ekimenen berri emango duenak; eta Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak, etxe publikoak eraikitzeko ikuspegi berritzailea azalduko duenak. Azkenik, Begirune Fundaziotik Jose Antonio Oleaga soziologoak etxebizitzaren domino efektua gizarte politiketan aztertuko du.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2024-01-26

    Logelen alokairuak eta ordainketa elektronikoa ez eskatzeak ez du lekurik izan behar, baldin eta, salbuespenak salbuespen, iruzurraren jarraipena zailtzen badu eta berralokatzeko prezio artifizialen igoera elikatzen badu. Jasotako postaren posta-helbideekin ere ofiziozko ikerketa egin daiteke, eta ez dago ezkutalekurik justiziatik ihes egiten duten pertsonentzat, eta, gainera, Estatuak babestu egin dezake kasu batzuetan, ekintzarik ez egiteagatik.

  • Argazkia Xaver
    2024-01-26

    Eso del alquiler de habitaciones y no exigir el pago electrónico no tiene que tener cabida cuando salvo excepciones, dificulte el seguimiento del posible fraude y alimentar el aumento de precios artificial de realquilar, incluso con las direcciones postales del correo recibido se puede dar pie a una investigación de oficio no haya tampoco escondites para personas escapen de la justicia y además el Estado salvaguardarlo en algunos casos por omisión de acciones.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)