
Euskal gazteek euren errealitateari buruzko balorazioa hobetu dute, konfiantza handiagoa dute etorkizunarekiko eta pandemiak eragin zuen joera ezkorra aldatu egin da
- Ikerketako hamar adierazleetatik bederatzi hobetu egin dira, eta hamargarrenak ez du atzera egin. Hau lehenengo aldiz gertatu da pandemia hasi zenetik
- Etorkizunarekiko konfiantza indizea nabarmen hobetu da, zehazki, 5 puntu igo da, 100 punturekiko 59 puntu erdietsita
- Lan egiten ez dutenen artean, urte bateko epean lana aurkitzeko itxaropena handitu egin da, eta %72ra iritsi da batezbestekoa
- Asebetetze pertsonalaren indizea berriro igo da aurreko urtearekiko eta 100 punturekiko 71 puntuan geratu da
- urtearekin konparatuta, ezinbestean emigratu beharko dutelako aurreikuspena jaitsi egin da, eta % 9an kokatu da; 2013an % 16koa zen
- Bestalde, BJAko datuak kontuan hartuta, 2023aren amaieran, 2008tik izan den txikiena da 16 urtetik 29 urterako gazteen langabezia, hain justu ere, % 10,8koa da datua
- Euskal gazteen okupazio tasa, tarte eta adin berean, 2009tik izan den altuena da, zehatz-mehatz, % 44,5ekoa
Gaur goizean, Bilbon, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2023 Agendaren idazkari nagusiak eta Miren Saratxaga Gazteria Zuzendariak, prentsaurreko batean, “Aurrera Begira – Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak” izeneko ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte; eta, bestalde, Biztanleriaren Jardueraren Araberako (BJA) Inkestak eman dituen 2023ko laugarren hiruhilekoko Euskadiko gazteen okupazio-tasari eta langabezia-tasari buruzko datuen berri ere eman dute.
Aurrera Begira gazteen egoerari eta euren pertzepzioari buruzko ikerketa bat da, eta 10 adierazleren inguruan antolatuta dago. Duela hamaika urtetik eramaten da aurrera, gazteek euren egoerari eta itxaropenei buruz egiten duten balorazioa ezagutzeko. 2023ko edizioa, abenduaren 11tik 15era, 15 urtetik 29 urtera arteko gazteei egin zitzaien online inkesta batean oinarritu da. Orotara, 6.737 pertsonak hartu zuten parte: horietatik 1.113 gazte Araban bizi dira; 3.224, Bizkaian; 2.054, Gipuzkoan; eta 334 Euskaditik kanpo.
Euskal Estatistika Institutuak (EUSTAT) hiru hilerik behin Biztanleen Jardueraren Araberako (BJA) Inkesta eramaten du aurrera, eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 urtetik 29 urtera arteko gazteei buruzko datu zehatzak eskaintzen dizkio. Aurrera Begira ikerketako datuak eta BJAkoak Behatokiaren web orrian argitaratuta daude.
Miren Saratxaga Gazteria zuzendariak Aurrera Begirako edizio honetako datu esanguratsuenetako batzuk aurkeztu ditu:
- Bizi dugun unearen balorazioa, zehazki, 2023. urtekoa, 65 puntukoa da 100 punturekiko, eta 3 puntu igo da 2022. urtearekiko. Aurrerapausoa adierazle honen hiru adarretan atzeman da: egoera pertsonala; gazteria, oro har; eta Euskadi. Gazteenek (zehazki, 5etik 19ra artekoek) baloratzen dute ondoen gaur egungo egoera.
- Asebetetze pertsonalaren indizea puntu bat igo da aurreko urtearekiko, 100 punturekiko 71era ailegatuta. Adierazle honek dituen hamaika esparruen artean, familia baloratu da ondoen (83 puntu); eta erabilgarri dagoen diruak jaso du emaitzarik apalena (60 puntu).
- Lanari erreparatuta, modu nabarian jaitsi da urte bateko epean lana galtzeko edo enplegua prekarizatzeko beldurra, eta 6 puntu jaitsi da 2022. urtearekiko.
- Lanik gabe dauden gazteen %72k 2024an lana aurkituko dutela uste dute; eta % 80k bere prestakuntzarekin lotutako enplegua aurkitu ahalko dutela uste dute; gai horri dagokionez, aurreko 11 edizioetako portzentajerik altuena lortu da.
- Ezinbestean emigratu behar izango dutelako aurreikuspena puntu bat jaitsi da 2022. urtearekiko eta % 9an kokatu da. 2013an % 16koa izan zen.
- Emantzipazioa zapuztuko delako usteak ere hoberantz egin du, eta 2023an % 43koa da. 2022ko datua hobetu da, hain justu ere, 2 puntu jaitsi da.
- Nahiko luketen aitatasuna edo amatasuna atzeratu egin beharko dutelako portzentajeak bere horretan dirau, izan ere, iaz bezala, % 26koa da datua.
- Azkenik, etorkizunarekiko konfiantza nabarmen hobetu da aurreko urtearen aldean, izan ere, 5 puntu igo da, eta 100 punturekiko 59 puntura ailegatu da. Kontuan hartzen diren hiru alderdietan egin du aurrera: egoera pertsonala; gazteria, oro har; eta Euskadi.
Jonan Fernandezek nabarmendu duenez, “Aurrera Begira ikerketako hamar adierazleetatik bederatzik joera aldaketa bat erakusten dute, eta aurreko datuak hobetzen dituzte. Hamargarrenak bere horretan dirau, ez du atzera egin. Iaz ez genuen horrelako daturik jaso, ezta azken urteetan ere, are gehiago, pandemia hasi zenetik horrelako emaitzak jasotzen diren lehenengo aldia da.”
Aurrera Begira ikerketan pertsonek eskaintzen dituzten pertzepzio hauei, 2023ko laugarren hiruhilekoko Biztanleriaren Jardueraren Araberako Inkestaren bitartez, EUSTATek emandako datuak gehitu zaizkie.
- Koadroa: Langabezia-tasa
Emaitzek erakusten dutenez, Euskadiko 16 eta 29 urte arteko gazteen langabezia-tasa % 10,8koa da, 2008.urtetik erregistratu den baxuena. 2013an, % 30ekoa izan zen; eta 2020an, % 23,9koa. Okupazio-tasarekin berdin gertatzen da, izan ere, orain, % 44,5ekoa da, 2009.urtetik erregistratu den altuena.
- Koadroa: Okupazio-tasa
Ondorio modura, Jonan Fernandezek adierazi duenez, “2023. urteak joera aldaketa bat ekarri du Euskadiko gazteen egoeran eta aldartean. Pandemiak eragin zuen ezkortasuna atzean geratzen ari da. Euskal gazteriak bere errealitatearekiko balorazioa hobetu du eta geroarekiko konfiantzak ere gora egin du”.
Albiste hau oso ona da” aipatu du Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak. “Datu hauek erakusten dutenez, euskal gazteek, azken urteetako trabak gorabehera, etorkizunari itxaropenez eta borrokatzeko gogoz begiratzen diote. Etsipenaren edo biktimismoaren aurrean, gero eta oihartzun handiago dute erresilientziak, norberaren ardurak eta gisa horretako balioek”.
Aurrerago, Jonan Fernandezek honakoa gaineratu du: “korronte positibo hau babestearen aldeko apustua egiten dugu, gazteak bultzatzeko eta euren jarrera eraikitzailea aintzat hartzeko. Erakundeon ardura da joera hauek babesteko baldintzak sortzea”.
Bukatzeko, gogorarazi duenez, datu hauekin batera, “Gazteriaren Legea onartu dugu; emantzipatzeko anbizio handiko estrategia dugu; eta 2024rako Eusko Jaurlaritzako aurrekontua 65,5 milioikoa da, gazteentzako politikak sustatzera bideratutako kopuruak bost aldiz handitu ditu zifra horrek. Ziurgabetasun handiko garai honi eta etorkizunari aurre egiteko, behar-beharrezkoa da belaunaldien artean enpatia sentimendu indartsua garatzea. Belaunaldien arteko elkarrekikotasunerako eta lankidetzarako begirada”.