Eman odola!
Berriak Hezkuntza
qrcode

Jokin Bildarratzek ETHAZI jardunaldian parte hartu du, Euskadiko Lanbide Heziketaren metodologia honen hamargarren urteurrenean

2024-01-24
  • ETHAZI ikaskuntza-ereduak ebatzi beharreko problemak eta gainditu beharreko erronkak planteatzen dizkie Lanbide Heziketako ikasleei
  • 10 urteko ibilbidean, Lanbide Heziketako ia 80.000 ikaslek ikasi dute ikaskuntza kolaboratiboko eredu horretan
  • 2023-2024 ikasturte honetan, 83 ikastetxetako 25.421 ikaslek ikasten dute erronkak gainditzearen bidez, 2.000 irakasle baino gehiagoren inplikazioarekin

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gaur goizean hasiera eman dio ETHAZI jardunaldiari. Hezkuntza Sailak etekin handiko zikloen eredu hau Euskadiko Lanbide Heziketan ezartzearen hamargarren urteurrena dela eta antolatu da jardunaldia. Erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboko eredu hori ikasgeletan ematen duten Lanbide Heziketako ikastetxeetako 350 arduradun inguru —zuzendaritza-taldeetako kideen eta irakasleen artean— bildu dira Bilbao Exhibition Centreko (BEC) auditorioan.

80.000 ikasle

ETHAZI-k, erronketan oinarritutako ikaskuntza-eredu kolaboratiboak, Euskadiko Lanbide Heziketako 5 ikastetxetan abian jarritako esperientzia pilotu gisa ekin zion ibilbideari 2013-2014 ikasturtean. 5 heziketa-ziklotako 100 ikasle eta 25 irakaslerekin hasi zen. Une horretatik aurrera, eredua zenbait elementurekin garatu eta aberastu da, eta, aldi berean, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe gehienetara zabaldu da, publikoetara zein itunpekoetara. Gaur egun, eredua Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe ia guztietan dago ezarrita, hein batean edo bestean. Hamar urte hauetan 79.664 ikaslek ikasi dute eredu honen bidez. 2023-2024 ikasturtean, 83 ikastetxetako 25.421 ikasle eta 2.048 irakasle ari dira eredu horretan lanean, hau da, Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetako ikasle guztien % 73.

ETHAZI, etekin handiko zikloak

Ikaskuntza-eredu honen izena Etekin Handiko Zikloak akronimotik dator. Erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboa du ardatz: ikasleei egoera problematikoa planteatzen zaie, eta egoera hori talde osoarentzako erronka bihurtzen da. Prozesu osoa —emaitza bat lortu arte edo erronka hori ebatzi arte— egituratuta dago ikasleak ikasten ari diren ziklo horretako konpetentzia teknikoak eta espezifikoak eskuratzeko moduan, baina horrez gain baita profesional ororen prestakuntzan estrategikoak diren zeharkako konpetentziak eskuratzeko ere, hala nola ikaskuntzaren arloko autonomia, talde-lana, erabakiak hartzea edo ezohiko emaitzekiko orientazioa.

Egoera problematikoak, kasu guztietan, taldetan antolatutako gela batean planteatzen dira, eta lan-prozesuak aukera eman behar die ikasleei egoera problematiko horiek erronka gisa bizitzeko. Hortik abiatuta, ikasleek beharrezko ezagutzak eskuratu ahal izango dituzte, soluziorik onenak eskaini ahal izan ditzaten.

Erronka bidezko ereduaren planteamenduak ikasteko mekanika berrinterpretatzea eskatzen du. Ikaskuntza bilakaera-prozesu bat izango da, eta ikasleek izango dute ikaskuntza-prozesu horren gaineko ardura. Ikasleek, banaka zein taldeka, lanean jarriko dira eta emaitza bat lortuko dute. Emaitza hori interpretatu beharko da: zerk funtzionatu duen, eta zerk ez, aztertuko da, eta, hurrengo erronka batean goragoko helburu batzuetara hurbilduko badira, zer egingo den beste modu batera erabakiko da. Eredu horrek, halaber, ordutegiak, ebaluazioak edo ikasgelaren konfigurazio fisikoa gisako elementuak birpentsatzea eta birdefinitzea eskatzen du.

Hitzaldiak, mahai-ingurua eta sari-banaketa

Tknika – Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroak gaur antolatutako jardunaldiak helburu bikoitza du. Eredua lantzen duten Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe guztietako arduradunak eta irakasleak biltzea ETHAZIren 10. urteurrena ospatzeko enpresa-sektoreko ordezkari batzuekin eta Lanbide Heziketako ikasleen ordezkariekin batera.

Ospakizunaz gain, proiektu horretan parte hartu duten pertsona eta eragile guztiei eskerrak eman nahi izan zaizkie, bide horretan aurrera egiteko bultzada argia izango baita, datozen urteetan sortuko zaizkigun egoera eta erronka berrietara egokitze aldera.

Jardunaldiaren programan, Bildarratz sailburuaren hasierako hitzen ondoren, Javier Martínez Aldanondoren hitzaldia etorri da. Nazioarteko zenbait erakundetako aholkularia da Martínez Aldanondo (hala nola Nazio Batuen Erakundea, Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundea, FAO, Munduko Bankua eta Garapenerako Banku Interamerikarra, ezagutzaren eta ikaskuntzaren arloan) eta 25 urteko esperientzia du Espainiako eta Latinoamerikako enpresa eta erakundeei aholkularitza ematen, erakunde adimendunak gara daitezen.

Martínez Aldanondoren hitzaldiaren ostean, mahai-ingurua egin da ETHAZI ereduan sakontzeko; ereduaren jatorria, bilakaera eta aldaketak izan dira aztergai, eta berrikuntza metodologikorako bide horretan aurreikusten den etorkizunari buruz hitz egin da. “ETHAZI 10 URTE: Etorkizuna konkistatzen” lehiaketaren sari banaketa ere izan da. Lehiaketa horretan Euskadiko Lanbide Heziketako zenbait espezialitatetako ikasleen 70 proiektuk baino gehiagok parte hartu dute. Jardunaldiari umore pixka batekin amaiera emateko, Virginia Imaz pailazoak goizean zehar ikusi eta entzun denari buruzko clowndorioak eskaini ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jokin Bildarratz participa en la jornada ETHAZI, en el décimo aniversario de esta metodología de FP Euskadi