Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: "Formula kontserbadoreek beste atzeraldi bat eragingo lukete"

2012.eko otsailak 13

Lehendakaria eszeptiko agertu da Mariano Rajoyren Gobernuak lan-arloan martxan jarri duen erreformaren harira, eta Lan ministroak sindikatuekin egingo duen bilera "protokolo kontu huts" bat ez izatea espero du

Patxi López lehendakaria eszeptiko agertu da Gobernu zentralak ostiralean lan-arlorako onetsi zuen erreformaren harira, "ez baitie une honetako beharrei erantzuten". "Lana sortzeko baldintzak sortu behar dira, ez da langileak kaleratzea erraztu behar; non daude hobeto kontratatzeko baldintzak?", azpimarratu du "Matinal Telecinco" saioan. Lehendakariaren ustez, erreforma horren ondorioz langileek enpresariekin negoziatzeko gaitasun txikiagoa izango dute, eta erreformak "alderdi positiboren bat" duela onartzen duen arren, beraren ustez beharrezkoa da hazkuntza ekonomikoa susta dezaketen esparruak lehenestea, esaterako, I+G+b arloa.

Elkarrizketa horretan, lehendakariak Greziaren egoera ere izan du hizpide. Herrialde horrek Europako politika aldatzea eskatzen du, formula kontserbadoreek Europar Batasuneko herrialdeak "bigarren atzeraldi batera" eraman litzakeelako. "Ezin dut ontzat jo eraikinak erretzea, baina greziarrak ulertzen ditut. Belaunaldi bat baino gehiago muturreko txirotasunera kondenatu dugu", erantsi du. Lópezek esan du Greziaren egoera "mundua alderantziz" dela; hau da, bertan, merkatuek kontrolatzen dituztela gobernuak. Lehendakariaren ustez, Greziako egoera ezin da ekarri gure herrialdera, eta ziur dago defizita kontrolatu behar dela, baina, halere, "beharrezkoa da zorra jaulki ahal izatea ekonomian sustapen-neurriekin jokatzeko eta lana berreskuratu eta sortzeko".

Bestalde, lehendakariak azpimarratu du Euskadiko eragile politiko guztien zeregina dela "bakea lortzeko gauza asko egitea, baina, bereziki, ezker abertzalearen egitekoa da". "Euskadin memoria behar dugu, biktimak gogoratu behar ditugu, gertatutakoa kontatu behar dugu, eta hiltzailea hiltzaile gisa eta biktimak biktima gisa irudikatu behar dira", azpimarratu du, eta horrez gain esan du ziur dagoela demokraziak "desberdinak diren pertsonak indarkeriara jo gabe elkarrekin bizitzea ahalbidetzen duela".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)