Javier Hurtado sailburua: “Euskadiko turismo-industriaren urterik onena da, hazteko moduagatik eta enpleguaren gaineko eraginagatik”
- Turismoa zuzeneko enpleguaren % 11 da Euskadin dagoeneko, 100.000 familia baino gehiagorekin, eta eragin positiboa du hari esker hazten diren beste sektore batzuetan, hala nola garraioan, merkataritzan, ostalaritzan edo kulturan
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak Euskadiren standa inauguratu du gaur FITUR azokan, urtarrilaren 24tik 28ra bitartean Madrilen ateak zabalduko dituen azokan. Inaugurazioan erakunde, elkarte, enpresa eta sektoreko profesionalen ordezkariak eta beste ordezkari politiko batzuk izan dira.
Euskadiko standak 900 metro karratu ditu, eta gune nagusia profesional eta enpresen lanera zuzenduta dago; 130 baino gehiago dira, eta egun horietan hainbat bilera eta topaketa egingo dituzte. Horretarako, enpresei zuzendutako espazioa handitu da, eta bilerak kudeatzeko tresna digital berri bat prestatu da, turismo-eragileen etorkizuneko topaketetan erabiltzen jarraitu ahal izango dena.
Sailburuak gogorarazi duenez, “denok proiektu beraren parte garela, eta proiektu horren helburua da Euskadin turismoa sustatzea, jasangarritasunaren, erantzukizunaren eta garapen eutsi eta jasangarriaren eredutik abiatuta, eta elkarrekin baino ezin dugu lortu hori. Horregatik gaude hemen turismoari merezi duen garrantzia ematen diogun guztiok. Stand hau, Euskadi bezala, gure etxe komuna da eta hemen denok dugu lekua. Izan ere, hauxe da Euskadiren gure zatitxoa, mundura irekia”.
Ildo horretatik, sailburuak legegintzaldiaren balantzea egin du. Legegintzaldi honetan “eskua luzatu diegu guztiei, eta denekin batera aritu gara, leialtasunez eta konpromisoz”. Udalerri, eskualde eta aldundiekin egindako lana nabarmendu du. Izan ere, horien lankidetzari esker, Euskadik Europako funtsetatik 90 milioi baino gehiago banatu ditu, horietako 80 34 proiektutan banatuta, modu orekatuan, “dagoeneko egikaritzen ari diren” jasangarritasun turistikoko planetarako. Gainera, elkarlana esparru autonomikoan hedatu da, Eusko Legebiltzarretik eta Turismo Batzordearen bitartez Espainiako Gobernuarekin eta Ministerioarekin, Europako funtsak bezalako gai garrantzitsuetan, baita Europarekin ere. Izan ere, “gure sektorerako funtsezkoak diren gaiak aldarrikatu eta landu behar izan ditugu, hala nola iraupen laburreko alokairuen Europako erregelamendu berria”.
“Eta lankidetza publiko-pribatu hori eta gobernantza juridikoa” aztertu ditu sailburuak: “horixe da gaur hona ekarri gaituena. Ez bakarrik Fitur, baizik eta Euskadiko turismo-industriaren egoera onena bere historian. 2023an turismoaren urterik onena bizi izan dugu, eta ez diot soilik ikuspegi kuantitatibotik. Egia da % 8,6 hazi garela 2022aren aldean, urte horretan turismoa suspertzen liderra baikara, eta 4,5 milioi bisita izan ditugula. Baina garrantzitsuena da modu desestazionalizatuan hazten garela; izan ere, uztailean eta abuztuan % 0,4 baino ez ginen hazi, baina udatik kanpo % 13 inguru hazi gara. Eta modu orekatuan hazten gara lurralde osoan, eta horrek esan nahi du fluxuen mugimendua areagotu egiten dela. Eta oso garrantzitsua da nazioarteko turismoa berreskuratzeko sustapen-ahaleginaren emaitzak ikustea; izan ere, % 16 igo da, eta Estatuko turismoa, berriz, % 3”.
Sailburuak datu horiek enpleguan zuzeneko eragina dutelako duten garrantzia azpimarratu du. Idoia Mendia lehendakariordearen presentziaz, “bere politikak” nabarmendu ditu, “eta Espainiako Gobernuaren lan-erreformari esker, legegintzaldi honetan Euskadiko turismo-sektorean kontratazio mugagabearen hazkundea ia % 400 izan da”. Eta turismo-industriaz ari gara. Lehenik eta behin, EAEko 100.000 familia baino gehiagori ematen zaie zuzeneko enplegua, hau da, Euskadiko langile guztien % 11ri. Eta, bigarrenik, eragin positiboa du beste sektore askotan, hala nola merkataritzan, garraioan, ostalaritzan eta kulturan, zeinak hazi egin baitaitezke turismoaren bultzadari esker”.
“Eta, horregatik, turismo-enpleguak duen balio handia aldarrikatu nahi dut. Lan-kostuak 2024ko turismo-jardueraren oztopo izan daitezkeela aldarrikatzen duten batzuen aurrean, Sailetik argi eta garbi defendatzen dugu oparotasun ekonomikoa eta lan-eskubideak erabat bateragarriak direla. Are gehiago, jakin behar dugu langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak daudela aurreikusitako jarduera-maila handiagoa dela-eta; eta sektorearen lan-eskubideetan sakonduta baino ezin direla gainditu zailtasun horiek. Soldatei eragiten dietenak, bai, baina ez bakarrik soldatetara mugatzen direnak, baizik eta lan-kontziliazioa bezalako gaietan sakontzen dutenak. Kalitatezko turismoa nahi badugu; kalitatezko enplegu baten alde egiten jarraitu behar dugu”.
Inaugurazioa amaitzeko, Grand Tour Euskadi Basque Country aurkeztu da, Euskadin zehar 8 etapatan banatutako bidaia. Bidaia horretan, gure eskaintza turistiko osoarekin lotutako esperientziak bizi ahal izango dira: ekoturismoa, zikloturismoa, turismo industriala, familia-turismoa, gastronomia… Eta, Grand Tourrarekin, Euskadik indartu egiten du turismo jasangarriaren estrategia, desestazionalizazioa, lurraldean zeharreko fluxuen mugimendua eta egonaldiaren luzapena sustatzen dituena.