Hauteskundeak 2024
Berriak Hezkuntza
qrcode

Ikastetxeetan telefono mugikorren erabilera erregulatzea

2024-01-18
  • Bere antolamendu eta funtzionamendu-autonomiaren barruan, ikastetxe bakoitzak neurri pedagogikoak hartuko ditu eskola-jardunean telefono mugikorren eta erloju adimendunen erabilera erregulatzeko
  • Hezkuntza Sailak prestakuntza eskainiko die ikastetxeei, bai gailuen erabilera egokirako eta hezkuntza-erabilerarako, bai erregulatzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak gaur goizean aurkeztu dituzte, ikastetxeetan telefono mugikorren eta erloju adimendunen erabilera erregulatzeko Hezkuntza Saila egiten ari den urratsak. Erregulazio hori Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa ematen dituzten ikastetxe publiko zein itunpekoetan egingo da. Arlo honetako jarduketa berrienen artean nabarmentzekoak dira Sailak prestatu eta ikastetxeei igorri dizkien jarraibideak eta laster abian jarriko den prestakuntza-jardueren egutegia.

Aurkezpenean, Pedrosak eta Arévalok gogorarazi dute Hezkuntza Sailak, hezkuntza-komunitatearekin batera, urteak daramatzala gai hau ikastetxeekin lantzen. Helburua da maila guztietako ikasleak informazio eta komunikazio-teknologien erabilera seguruan heztea, baita teknologia horien erabilera arautu behar duten printzipio etikoetan ere, ziberbizikidetza posible izan dadin. Azken urteotan, alderdi horiek guztiak Bizikasi ekimenaren esparruan edo Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planean jorratu dira, ikastetxeen eskura jarritako gida, prestakuntza eta material didaktikoen bidez.

Erabilera egokia sustatzea

Teknologia digitalek ahalmen handia dute irakaskuntza eta ikaskuntza-praktikak hobetzeko eta dibertsifikatzeko, baita ikasleen artean konpetentzia digitala garatzeko ere. Teknologia horiek irakaskuntzarako, ikaskuntzarako, komunikaziorako eta sormenerako eskaintzen dituzten aukera ugariak baliatzea da kontua. Baina, zalantzarik gabe, eta batez ere telefono mugikorrek, zuzeneko eragina dute ikasleen garapenean eta interakzioetan. Horregatik, beharrezkoa da gailu horien erabilera egokia sustatzea, eta bizikidetza positiboa bultzatuko duten ohitura, jarrera eta estrategiak bultzatzea, baita esparru digitalean ere. Izan ere, teknologiek aukera eta hobekuntza berriak emateaz gain, arrisku eta mehatxu-iturri ere izan daitezke, eta horiei aurre egin beharra dago.

Gailu mugikorrak erabiltzeko arauak ezartzea ikastetxeen antolamendu eta funtzionamendu-autonomiaren barruan dago, betiere bakoitzaren berezitasunak eta testuingurua kontuan hartuta.

Erabilera erregulatzea

2024an zehar, ikastetxeek —publikoek zein itunpekoek— neurri pedagogikoak onartu beharko dituzte eskola-jardunean mugikorren eta erloju adimendunen erabilera erregulatzeko. Eskola-jardunaren baitan hartzen dira eskola-ordutegia, jolas-orduak, edo ikastetxeak eskaintzen dituen zerbitzuak —hala nola jantokia edo garraioa—, baita jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak ere.

Erregulazio hori Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeen Antolaketa eta Funtzionamendu Araudian jaso beharko da, eta ikastetxe horietako Eskola Kontseiluak onartu beharko du. Neurri horiek hezkuntza-komunitateari jakinarazi beharko zaizkio, telefono mugikorrak eta erloju adimendunak gehiegi erabiltzearen arriskuei buruzko sentsibilizazio-ekintzak sustatuko dira, eta, bereziki, ziberjazarpena prebenitzeari buruzkoak.

Era berean, ikastetxeek ziberjazarpena edo telefono mugikorren eta erloju adimendunen bidezko abusu-egoerak prebenitzeko jarduketak aurreikusi behar dituzte euren bizikidetza-planean, orientazioko eta tutoretza-ekintzako planetan, baita Ikastetxeko Proiektu Digitalean ere, prebentziozko jarrera proaktiboak eta mekanismoak areagotzeko.

Lanbide Heziketak ere heltzen dio gai honi, ziberbullyinga eta telefono mugikorren erabilera egokia bezalako alderdietan arreta jarriz. Ikastetxeetan ari dira dagoeneko alderdi hauek lantzen. Baina prestakuntza-modalitate horrek ezaugarri espezifikoak ditu gainerako hezkuntza-etapen aldean. Alde batetik, ikasleen adina, batez besteko adina 20 urtetik gorakoa baita ikasleen artean (nahiz eta 16 eta 17 urtekoak ere badituen). Bestalde, gailu digitalak Lanbide Heziketan funtsezko ikaskuntza-tresna dira ikastetxeen egunerokoan. Berezitasun horiek kontuan hartuta, Lanbide Heziketako ikastetxeek ere beren Antolaketa eta Funtzionamendu Araudian islatu beharko dituzte, zentro bakoitzaren autonomiaren barruan, gero eta gehiago erabiliko diren tresna digitalen erabilerari buruz hartzen dituzten neurriak.

Hain da hori horrela, ezen Euskadiko Lanbide Heziketako Legeak (2018) ezartzen baitu Lanbide Heziketan ikerketa, besteak beste, harmonizatu egin behar dela ingurune digital berriekin eta sistema adimendunekin. Gainera, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan "Produkzio-sistemari aplikatutako digitalizazioa" modulua sartzen da, nahitaezko zati enborrean.

Prestakuntza

Gailuen erabilera ondo erregulatzea bezain garrantzitsua da hezkuntza-komunitatea arlo horretan prestatzea. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak prest du prestakuntza-jardueren egutegi bat, datozen asteetan hasiko dena. Saio horiek ikastetxeetako arduradunentzat antolatu dira (zuzendaritza-taldearentzat, berrikuntza-arduradunentzat, orientatzaileentzat edo mentore digitalentzat, besteak beste).

Zeharkako prestakuntza da, eta hainbat esparru eta ikuspegitatik heltzen dio gai honi, hala nola: bizikidetza eta ziberbizikidetza, ikastetxeen lidergoa, digitalizazioa edo metodologia- eta curriculum-alderdiak aintzat hartuta. Programatutako saio guztien artean, aipatzekoak dira hainbat mintegi eta tailer: “Mugikorrak helburu hezitzailearekin erabiltzen”, “Bizikidetza-plana, bizikidetza positiboaren eta ongizate emozionalaren ikuspegitik” edo, “Mugikorren erabilera eta ziberbizikidetza” mintegiak, besteak beste. Tailer hauek burutu aurretik, saioetan landuko den dokumentazioa bidaliko zaie ikastetxeei.

Prestakuntza-saio horietan, halaber, Sailak laguntza emango die ikastetxeei gailuen erabilera arautzearen inguruan, erreferentzia gisa erabil ditzaketen hainbat erregulazio-eredu emanez. Helburua da ikastetxeei ahalik eta gehien erraztea gailu mugikorren erabilerari buruzko araudi bat egiteko lana.

Era berean, prestakuntza-ekintzen artean, “prestakuntza-pilulak” ere nabarmentzen dira. Prestakuntza-bideo laburrak dira hauek, Digigunearen bidez eskainiko direnak (Hezkuntza Sailaren ataria da Digigunea, eta eraldaketa digitalaz eta konpetentzia digitalaz dihardu). Pilula hauek mugikorren erabileraren inguruan legeak dioena eta ikastetxeetan erabilera hori arautzeko erabiltzen diren dokumentuen inguruko informazio azkarra aurkezten dute.

2024-2025 ikasturteari begira, Hezkuntza Sailak familien prestakuntzan jarriko du arreta, familien zeregina garrantzitsua baita gazteen artean Internet eta gailu mugikorrak modu seguruan eta arduratsuan erabiltzeko. Ez da ahaztu behar ikasleek beren denboraren % 10 edo % 12 baino ez dutela igarotzen ikastetxean. Hortaz, funtsezkoa da gai honi beste ingurune batzuetan ere heltzea, hala nola familian edo gizarte arloan.

Ahalduntze digitala

Gaur egun indarrean dagoen araudian —edo aurki indarrean egongo denean— ezin konta ahala erreferentzia egiten zaizkio ikasleen digitalizazio etikoari, konpetentzia digitalari edo ahalduntze digitalari. Horrela, berriki onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren 17/2023 Lege berriak, abenduaren 21ekoak, ezartzen du Euskal Hezkuntza Sistemaren helburu bat dela “ikasleak digitalki ahalduntzea bizi behar duten gizarte teknologikoki aurreratuan trebatuta egon daitezen, digitalizazioari lotutako erabakiak hartzeko gai izan daitezen, erabiltzen dituzten tresnen gaineko kontrola eta ahalmena izanez eta tresna horiekiko mendekotasun oro saihestuz”.

Era berean, indarrean dauden curriculum-dekretuek (Oinarrizko Hezkuntzakoak eta Batxilergokoak) ikasleen irteera-profila zehazten dute, non ikasleen konpetentzia digitala ezartzen den, bizitzan zehar aurre egin beharko dieten erronkei erantzuteko presta daitezen. Edo, Lanbide Heziketan, “Produkzio-sistemari aplikatutako digitalizazioa” modulua sartzen da erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloen nahitaezko enbor-zatian.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @CentrosDigitale
    2024-01-22

    Comentario de Twitter:
    Regulación del uso de teléfonos móviles en centros educativos #Euskadi #Educación #Infantil #Primaria #ESO #Bachillerato #FormaciónProfesional.

    https://t.co/IpDuBL0fjl

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak