Iñigo Urkulluk: “10 gaztetik 9 baino gehiagok euren etorkizun profesionala Euskadin garatu ahal dutela uste dute”
- Lehendakaria bilera instituzional baten buru izan da, bertan Euskadi 2040 ikuspegia eta bere erronkak partekatu dira
- 2021ean abiatu zen hausnarketa publiko-pribatuko prozesu bat da, eta gaur euskal erakundeen babesa jaso du
- Erronketako bat talentua sortzea eta erakartzea dela nabarmendu du Iñigo Urkulluk, eta Euskadi bide horretan “pauso sendoz” aurrera doala baieztatu du
Lehendakaria, arratsalde honetan, lehen orduan egin den bilera instituzionalaren buru izan da, eta bertan Euskadi 2040 koadernoa adostu da, alegia, Euskadi 2040ren ongizaterako Lehiakortasuna: ekintzarako gogoeta izeneko dokumentu aurreratu bat. Ikerketa prozesu baten emaitza da, zehazki, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak koordinatutako ikerketa prozesu bat, hainbat eragile publiko eta pribaturekin etengabe lankidetzan arituta garatutakoa. Gogoeta publiko-pribatuko prozesu partekatu eta kontrastatu hau 2021ean jaio zen, eta euskal erakundeen oniritzia jaso du.
Batzarrean honakoek hartu dute parte: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, Euskadiko hiru hiriburuetako alkateek, Arantxa Tapia sailburuak, hiru lurraldeetako Ekonomia Sustapeneko ahaldunek, EUDELeko presidenteak eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zenbait ordezkarik.
Euskadi 2040 koadernoaz gain, topaketa honetan, bildutakoek Euskadi Talent eta Orkestraren azkeneko Lehiakortasun Txostena ere partekatu dituzte.
Bere mintzaldian Lehendakariak adierazi du partekatutako lan-prozesu honetan, talentua erakartzeko eta sortzeko premia nabarmendu dela, lehiakortasunerako erronka global gisara, eta baieztatu du, hori erdiesteko, Euskadi “pauso sendoz” eta norabide egokian doala aurrera.
Ildo beretik, nabarmendu du Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, erdira jaitsi dela derrigorrez atzerrira emigratzeko itxaropena (% 16tik % 8ra), eta azken hamarkadako mailarik baxuenean dagoela. Horrek esan nahi du euskal gazteriaren arabera, Euskadi gaur egun duela 10 urte baino erakargarriagoa dela lan egiteko. “Edo, bestela esanda, 10 gaztetik 9 baino gehiagok euren etorkizun profesionala Euskadin garatu ahal dutela uste dute”- adierazi du.