Lehendakariak lankidetza publiko-pribatua aldarrikatu du, “pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko”
- Iñigo Urkulluk IRISBOND enpresa bisitatu du, enpresa hori liderra da hitz egiteko zailtasunak edo mugikortasun mugatua duten pertsonei komunikatzen laguntzen dien begi-jarraipenaren teknologian
Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, elkarlan publiko-pribatuaren eredua defendatu du Lehendakariak, eta, adibide gisa, eyetracking delako teknologian punta-puntakoa den IRISBOND enpresa ipini du. Iñigo Urkulluk enpresa horretako Donostiako instalazioak bisitatu ditu, Arantxa Tapia eta Gotzone Sagardui sailburuekin batera. Bertan, Lehendakariak lehen eskutik ezagutu ahal izan du begi-jarraipeneko teknologia hau; teknologia horrek, hainbat gailuren bidez, komunikatzeko edo elkar eragiteko erraztasunak eskaintzen dizkie hitz egiteko zailtasunak edo mugikortasun mugatua dutenei.
Bisita honetan, Lehendakariak enpresa honen lan-ildo berriak ezagutu ditu, hain justu ere, alzheimerra, parkinsona eta gisa honetako gaixotasun neurodegeneratiboen hautemate eta diagnostiko goiztiarrekin lotuta. Ondoren, hizketaldi labur bat izan du Paulerekin. Paule teknologia hau erabiltzen duen neska bat da; teknologia honi esker, ikastolako klaseak jarrai ditzake beste ikaskideekin. Iñigo Urkulluk eredu modura jarri du, eta “Paule pertsona askorentzat eredutzat hartzeko ispilua dela” dela gaineratu du.
“Gaur ezagutu dugun adibidea baino garbiagorik aurkitzea zaila da. Pauso asko eta ondo eman behar izan dira Pauleren bizi-kalitatea hobetzeko. Benetan, hunkituta gaude gaur ikusi dugunarekin. Zorionak eta eskerrik asko prozesu honetan parte hartu duzuen guztiei”- adierazi du.
Iñigo Urkulluk Gipuzkoako ETE honen eredua nabarmendu du, izan ere, laguntza publikoak industria-ikerketara eta garapen esperimentalera bideratu ditu.
“Zuen lanari eta lankidetzari esker, begi-bistan daude emaitzak” gaineratu du, eta aipatu du emaitza hauek Osakidetzaren bidez ere aplikatzen direla, “pertsona bakoitzaren zailtasun errealei konponbideak eskaintzeko gai baita, Pauleren kasuan bezalaxe”.