Jaurlaritzak 600 milioi baino gehiagoko ETEentzako Laguntza Plana onartu du Euskadiko enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko
• Eusko Jaurlaritzak ITSASERTZA Euskadiko Larrialdi Plan Berezia aktibatu du alerta fasean, itsasoaren kutsadurari aurre egiteko
• Euskadik Lurralde arteko Osasun Kontseilura eramango du musukoaren erabileraren inguruan adostasuna lortzeko proposamena
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin eta Gotzone Sagardui, Osasuneko sailburuarekin batera.
2024KO ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEN LAGUNTZA PROGRAMA
Arantxa Tapia sailburuak berriz, Gobernuak gaur onartu duen 2024ko ETEentzako Laguntza Planaren berri eman du. Ezegonkortasun egoeraren aurrean, aurten Enpresen Laguntza Plana inoiz baino lehenago kaleratu da Euskadiko enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzen jarraitzeko helburuarekin eta 562,2 milioi euroko zuzkidura eta 80 programa baino gehiago ditu. Plan berriak 600 milioitik gorako aurrekontua izango du, kluster sektorialen jarduera finantzatu eta laguntzeari lotutako gainerako tresnak kontuan hartuta.
Gauzak horrela, enpresek laguntzen katalogo xehatua izango dute aldez aurretik, programa bakoitzari dagokion dokumentazioa prestatu ahal izateko. Laguntza-plan honek www.euskadi.eus eta www.spri.eus webguneetan eskuragarri dagoen katalogo digital izango du, eta, era berean, interesa duten enpresa guztiek jaso ahal izateko paperezko katalogo bat ere argitaratuko da. Katalogo honek modu erraz eta praktikoan jasotzen ditu laguntza edo zerbitzu bakoitzaren izena, 2024ko deialdiaren zenbatekoa, haren deskribapena eta helburua, nori zuzenduta dagoen, noiz argitaratuko den laguntza (gutxi gora behera), Jaurlaritzaren Zuzendaritza edota horren ardura duen sozietatea, eta web esteka bat laguntzaren eskaera egiteko eta laguntzari dagokion araudia eta informazio guztia kontsultatu ahal izateko.
Sailburuak azaldu duenez, Planaren aurrekontuaren % 49,3k I+G+B ekimenak lehenesten ditu, % 30ek deskarbonizazioa, eta inbertsio berrietarako, enplegua sortzeko eta nazioartekotzeko laguntzak ere aurreikusten ditu. Indartu egin dira, baita ere, landa-eremuen eta itsasertzaren garapen ekonomikoari laguntzeko ekimenak, bai eta lehen sektorearen belaunaldi-erreleboa bermatzeko ere.
Arantxa Tapia sailburuak zuzentzen duen Sailak deialdi batzuk aldez aurretik ireki ditu, interesa duten enpresek izapideak bizkortu ahal izan ditzaten. Zabaldutako programen artean, ekonomikoki oso garrantzitsuak diren hainbat ekimen daude, hala nola Elkartek (44 M), Hazitek (92,5 M) eta Gauzatu industria (28 M) programak.
ITSASERTZAREN KUTSADURARI AURRE EGITEKO LARRIALDI-PLAN BEREZIA
Tapia sailburuak jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailaren bitartez, prebentzio moduan,ITSASERTZA, Itsasertzaren kutsadurari aurre egiteko Euskadiko larrialdi-plan bereziaren alerta fasea aktibatu duela, Galiziatik eta Asturiasetik Euskadiko kostaldera hondakin mikroplastikoak irits daitezkeela aurreikusita. Fase horrek inplikatzen du itsas kutsadurako gertakari posible baten aurrean mobilizatu daitezkeen baliabideak eta bitartekoak antolatzea, beharrezkoa den erantzun-mailaren arabera.
Egoeraren jarraipen estua egiten ari da Gobernua AZTI itsas teknologiaren zentroaren simulazio sistemaren bidez, arriskuen ebaluazioa egiteko eta beharrezkoak diren neurriak sustatzeko. ebaluatzeko, Oraingoz ez da inolako eraginik hauteman gure kostaldean. Alde horretatik, aurreikuspenen arabera, ekialdetik eta ipar-ekialdetik joko duen haizeak, hasiera batean, eragotzi egingo du isuria epe laburrean (aste honetan) gure kostaldera iristea. Hala ere, eta Plana aktibatu izanaren ondorioz, eta isuria iritsiko balitz ere aurrea hartu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak etengabeko zaintza-lana lehenetsi du, erakunde, organismo eta sektore guztiak koordinatuz, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren zuzendaritzapean, ahalegin guztiak bateratu eta koordinatzeko.
EUSKO JAURLARITZAREN PROPOSAMENA MUSUKOAREN ERABILERAREN INGURUAN
Atzoko Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren ondotik, gaur Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak adierazi du Jaurlaritzak Ministerioari musukoaren erabileraren inguruan adostasuna lortzeko proposamena luzatuko diola. Izan ere, akordiorik gabe amaitu zen atzoko bilera eta autonomia-erkidegoen gehiengoak bota zituen atzera Ministeritzaren proposamenak, forma- eta funts-arrazoi ezberdinak medio. Sagarduik adierazi duenez, “ Ministerioaren proposamenak komunikabideen bidez ezagutu genituen. Proposamenen artean, autonomia-erkidegoek urteetan aplikatu dituzten prebentzio- eta antolaketa-neurriak daude, langileen artean kontingentzia-planik edo osasun-prebentziorako sistemarik ez bagenu bezala. Proposatutako neurri batzuek garrantzi handia dute: nahitaezkotasunak, salbuespenezkoa izan behar du eta justifikazio epidemiologiko eta juridikoan oinarrituta egon behar du eta Ministerioak ez zuen aurkeztu osasun-zentroetan maskarak nahitaez erabili behar zirela bermatzen zuen txostenik. Ez da larrialdi-egoerarik ezarri. Inplikazio juridikoak dituen neurria da, eta, gainera, autonomia-erkidego gehienek uste zuten une honetan ez duela eraginkortasunik kutsatzearen prebentzioan. Gainera, Ministerioak bi egun eman zituen bere proposamenari ekarpenak egiteko, baina handik ordu gutxira bere erabakia inposatuko zuela iragarri zuen. Ez gatoz bat beraz, gauzak egiteko modu eta formekin” azpimarratu du Sagarduik.
Hala eta guztiz ere, konponbideak bilatzeko asmoz, Osasun Sailak, musukoen erabileraren inguruan adostasuna lortzeko proposamena luzatuko dio Ministerioari eta zehazki eskatuko dio: maskarak erabiltzeko derrigortasuna ezabatzea, kontingentzia-planei buruzko erreferentzia ezabatzea Euskadik aplikatzen dituelako, eta baja automatikoei buruzko erreferentzia ezabatzea, Lurralde arteko Kontseiluaren eremua gainditzen duela iritzita. Azkenik, Sagarduik jakinarazi du zerbitzu juridikoak aztertzen hasiak direla musukoak nahitaezko erabileraren erabakiaren ondoriozko egoerak.
GOBERNU KONTSEILUAK ONARTUTAKO BESTE HAINBAT GAI
Ohikoa den moduan, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratu eta onartutako beste hainbat gai.
Lehenik eta behin, bozeramaileak adierazi du gaurko Gobernu Kontseiluan Lehendakariak aste honetan Madrilera egingo duen bidaiaren berri eman duela. Bidaia bihar eta etzi bitartean egingo du Lehendakariak. Takahiro Nakamae Japoniako enbaxadorearekin elkartuko da ostegunean iaz gauzatu zen Euskadi-Japonia programaren emaitzak aztertzeko, betiere alde biko harremanak estutzen eta Euskadi Basque Country sustatzen jarraitzeko. Egun horretan bertan iragan den urtean Japonian antolatu ziren jardueretan parte hartu zuten kulturako, enpresako eta industriako eragile eta ordezkari ugari biltzeko asmoa du Japoniako enbaxadak. Zita honen aurretik, Madrileko Euskal Etxean bertako kideekin bilduko da Lehendakaria eta Mariano Jabonero Iberoamerikako Estatuen Erakundeko (IEE) Idazkari Nagusiarekin ere batzartuko da. 2021ean sinatu zen Lankidetza Hitzarmenaren berritzea aztertu nahi da, Hezkuntzan, Zientzian eta Kulturan euskal komunitatearen eta komunitate iberoamerikarraren artean ekintza bateratuak aurrera eramaten jarraitzeko.
Bestalde, Gobernu Kontseiluak 2024-2025 aldian ikerketa eta berrikuntza teknologikoko proiektuak garatzeko dirulaguntzak biltzen dituen agindua onartu du, unibertsitateetako ikerketa taldeei zuzendua dagoena. Unibertsitatetik enpresetara ezagutza transferitzeko helburua du Agindu honek, eta 500.000 euroko zenbatekoarekin onartu da. Deialdi honen bidez, unibertsitateetako ikerketa-taldeen eta enpresa-sarearen arteko lankidetza sustatu nahi da -enpresa horien intereseko arloetan- bai eta, hala badagokio, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gainerako eragileen artekoa ere.