Elkarlan Sariak
Berriak Hezkuntza
qrcode

Zabalik da 2024ko Urruzuno literatura lehiaketan lanak aurkezteko epea

2024-01-08
  • Otsailaren 29ra arte egongo da zabalik epea, prosan nahiz poesian, euskaraz idatziriko lanak aurkezteko
  • DBHko 3.eta 4.mailako, Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek har dezakete parte
  • Hezkuntza Sailak antolatzen duen lehiaketa 39. ediziora iritsi da aurten

Hezkuntza Sailak gaur ireki du 2023-2024 ikasturteko Urruzuno Literatura Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Prosan zein poesian, otsailaren 29ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Duela ia lau hamarkada abian jarri zen lehiaketa hau, euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatzeko xedez, eta gazteek euskara beren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazteko tresna gisa lantzeko helburua bere eginda. Ordutik, Urruzuno literatura lehiaketa erreferentziazko sariketa da euskal kultura esparruan, eta bertan garaile izan diren hainbat neska-mutil dagoeneko ez hain gazteren sinadurak ezagunak dira egungo euskal literaturan, bertsolaritzan, kazetaritzan nahiz kultura-sormenarekin loturiko beste zenbait esparrutan.

Parte hartu nahi duten ikasleek kontuan izan beharreko oinarriak honako hauek dira, nagusiki:

  • Literatura lanak aurkezteko epea zabalik, 2024ko urtarrilaren 8tik otsailaren 29ra arte (egun hau barne)
  • Bi kategoria bereizten dira, ikasleen ikasmailaren arabera:
    • B kategoria, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzat;
    • A kategoria, Batxilergoko 1. eta 2. mailetakoentzat, eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari direnentzat.
  • Literatura lanek originalak izan behar dute, eta lehiaketa honetan izena emateko epea itxi arte bestelako literatura saririk irabazi gabeak. Lanak euskaraz sortuak izango dira, bakarkakoak, poesiaz zein prosaz idatziak. Gaia librea izango da.

Lehiaketaren oinarriak xeheago eta parte hartzeko orria argitaratuta daude Hezkuntza Sailaren webgunean, honako esteka honetan:

https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2024/urruzuno/web01-tramite/eu/

20 lan saritu

Epaimahaiak 20 lan onenak aukeratuko eta sarituko ditu aurkeztutako guztien artetik: 10 lan kategoria bakoitzeko (bost prosa-lan eta 5 poesia-lan). Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lan guztiekin Sagastiberri sailean. Liburu hori Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara banatuko da.

Idazlanik onenak aukeratzeko, ondoko irizpideok izango ditu kontuan epaimahaiak:

  • Irudimena eta sormena
  • Testuaren ezaugarri literarioak
  • Testuaren arintasuna eta koherentzia/kohesioa
  • Hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna

Epaimahaia bost euskal idazlek eta Hezkuntza Saileko teknikari batek osatuko dute.

Literatura egonaldia

Lan sarituen egileek, bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzeko aukera izango dute, 2024ko udan. Egonaldi horretan, literatura tailerrak eta idazketarekin nahiz literatura-sormenarekin zerikusia duten lanketak egiteaz gain, hainbat euskal artista eta idazle gertu-gertutik ezagutuko dituzte, baita Euskal Herriko zenbait leku ere. Gazteek euskal idazle bat laguntzaile izango dute, uneoro, egonaldi horretan.

Horrez gain, ikastetxeentzat ere bada saririk. Ikastetxeen eta irakasleen ahalegina aitortu eta eskertu nahian, lan kopururik handiena aurkeztu duten 5 ikastetxeak ere saritu egingo dira. Hezkuntza Sailaren Idazleak Ikastetxeetan programako bina saio egiteko aukera izango dute saritutako ikastetxeek.

Urruzuno literatura lehiaketa: ia lau hamarkadako ibilbidea

Hezkuntza Sailak lehen aldiz 1986an antolatu zuen Urruzuno literatura lehiaketa 39. ediziora iritsi da aurten. Hasiera-hasieratik, ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea izan du helburu ekimenak. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskaraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketak urtez urte. Baina helburu hau ez da asmo hutsean gelditu, eta azken hamarkadetako jardunak soberan frogatu du lehiaketak bere xedea ongi bete duela. Irabazle horietako asko euskal kultur munduan sinadura ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 600dik gora dira ekimen honek saritu dituen “urruzunotarrak”, eta zerrenda horretan izenak ugarituz doaz, urtez urte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)