Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Segurtasuna
qrcode

Erkorekak baieztatu du 14 salaketa eta 3 pertsona inputatuta daudela kalteen delituagatik Errenterian gertatutako sutearen harira

2024-01-08

Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburuari, Josu Erkorekari elkarrizketa egingo diote Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan. Besteak beste legealdia amaieraz, eskualdatzeko dauden eskumenez eta segurtasun sailari dagozkion gaiez hitz egin du.

Legealdiaren amaieraz esan du, oraindik hauteskundeak noiz izango diren zehaztu gabe dagoenez, datozen hilabetetan lanean jarraitzeko plangintza egina dutela sail guztiek, Lehendakariak horrela eskatuta, abenduaren 26an egindako azken Gobernu Kontseiluan.

Eskumenen eskualdatzeaz galdetuta, Lehendakariordeak adierazi du emandako hitza hor dagoela eta 3 hilabeteko epean hiru eskumen eskualdatzea hitzartu zela, otsaila arte urratsak eman beharko direla konpromisoak betetzeko  esan du eta Jaurlaritzak bere aldetik, eginbehar guztiak egingo dituela.

Segurtasuna

Segurtasun sailari lotutako gaiei dagokienean, Erkorekak esan du Pedro Sanchezen aurkako Bilboko manifestazioan parte hartu zuen Ertzaintzaren ikerketak aurrera jarraitzen duela, Legebiltzarrean kasu horren berri eman zela eta ez dela horrelako bestelako kasurik frogatu.

Alkalako espetxetik alde egindako presoa dela-eta Getxo inguruan sortutako alarma eta kezkaren inguruan esan du, Ertzaintzak ez duela alarma egoerarik edota pertsona hori Euskadin dagoenik jakinarazi, Getxoko udaltzaingoak kaleratutako informazioaren harira sortu  da nahasmena, kaleratutako irudiak bertako herritar batekin duen antzekotasun fisikoa dela eta. Edonola ere, Ertzaintza jasotako salaketak bideratzen ari da eta beharrezkoak diren azterketak egiten, baina ikerketak momentuz ez du emaitzarik izan. SAREko kanpainaren harira, Durangoko PPko zinegotzi batek jarritako Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen aurkako salaketaren harira, Erkorekak argitu du ez dela Ertzaintzak sustatutako ikerketa bat izan, salaketa baten ondorioz egindako ikerketa bat baizik.  “Datuak biltzen dituen txostena egin du Ertzaintzak, baina azken hitza eta erabakia epailearena da” esan du.

Urtezahar gaueko suzirien inguruan ere mintzatu da Erkoreka, neurri zehatzak indarrean daudela gogorarazi du legeak baimentzen duenaren baitan, “baina legeak uzten ez duena ere egiten da eta horrek ekartzen ditu ezbeharrak, Errenteriako sutea kasu; suhiltzaileekin batera ari da Ertzaintza ikerketa aurrera eramaten, sutea barruko patio batean sortu zen eta tximiniaren efektuaren ondorioz erre zen goiko solairua eta argi dago suziriek eragindako sutea izan dela, hortik aurrera ikerketak zabalik jarraitzen du hiru pertsona inputatuta daude eta 14 salaketa izan dira” azaldu du Erkorekak.

Amaitzeko, trafiko balantzeari lotuta Erkorekak esan du, datuen atzean kolektibo zaurgarriak nagusitzen direla, hala nola, txirrindulariak, oinezkoak eta motorretan doazen pertsonak. “Kolektibo horiei zuzendutako kanpainak egiten ditugu urtero, iaz erakundeen arteko adierazpena ere sinatu genuen trafiko segurtasuna hobetzeko, konpromisoa beraz hartuta dago eta helburua da errepideetan 0 heriotza izatea” esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)