Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak euskararen biziberritze prozesuan “adostasuna eta eragileen arteko lankidetza” gakoak izan direla azpimarratu du

2024-01-08

Euskararen Aholku Batzordearen Bilera

Iñigo Urkullu lehendakaria legegintzaldiko azken Euskararen Aholku Batzordearen buru izan da eta urte guzti hauetan lortutako “adostasuna eta lankidetza” printzipioak azpimarratu ditu. “Iritzi eta ahots ezberdinek lekua izan dute hizkuntza politikarako hartu diren erabakietan eta lehenetsi diren programetan” eta horrek ekarri du, bere hitzetan,  ezarritako konpromiso eta jomugen “betetze maila osoa” izatea.

Lehendakaritzan egin den bileran Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak ere parte hartu dute batzordea osotzen duten gainontzeko kideekin batera. Lehendakariak legegintzaldian zehar sortu diren proiektu esanguratsuenak izendatu eta etorkizunera begira euskararen indarberritzean eragin handia izango duten hiru mugarri ere aipatu ditu: 86/1997 Dekretua aldatzera datorren Dekretu berria; Euskara Sustatzeko Ekintza Plana berrituko duen eta gaur aurkeztu den AROA euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa; eta Legebiltzarrean onartu berri den Hezkuntza Lege berria.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, “euskararen indarberritze prozesuan urrats sendoak ematen ari bagara ere, asko dugu oraindik herritarren hizkuntza eskubideetan sakontzeko, baita euskarak leku sozial normalizatua erdiesteko ere. Datozen urteetako norabidea finkatzea dagokigu, malgutasunez jokatuz baina helburuak argi edukita. Horrela, gaurko bileran gizartearen beharrei erantzun nahi dion “Aroa Marko Estrategikoa” eta aurkeztu da; Gobernu Kontseiluan onartu beharko dena. Dokumentu honez gain, hurrengo lan hauek ere aurkeztu dira Euskararen Aholku Batzordeko bileran:

  • Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda: euskararen ekarpena.
  • Hizkuntza eta Generoa batzorde-atal Bereziaren dokumentuak
    • Euskara indarberritzeko politika publikoak: zeharkakotasuna ulertzeko ikuspegi berri baten proposamena.
    • Hizkuntzaren eta generoaren gurutzaketa: orain arte egindako bidearen azterketa eta aurrera begirako gomendioak.
  • Arlo sozioekonomikoa batzorde-atal Bereziaren dokumentua: Lan-eremuko plan gidarirako ardatzak.

Instituzio eta gizarte eragileen arteko lankidetza: proiektu esanguratsuenak

Lehendakariak aipatu duenez, “Euskararen eremua osatzen dutenen arteko lankidetza ez ezik, munduko hizkuntza gutxituen arteko loturak hurbiltzea ere izan da hizkuntza politikaren egitekoa”. Nafarroako Gobernuaren, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko Hiruko itunaren bidez alde batetik, eta HAKOBAren koordinazioa bultzatuz, bestetik, bideratu dira legealdiko programarik esanguratsuenak, azaldu du: Euskaraldia, “Euskaraz barra-barra” marka berria, kirolean euskara sustatzeko plana, helduen euskalduntzean doakotasunari bidea irekitzea; “GAITU hizkuntza teknologien plan” berria edota jarduera sozioekonomikoan euskara sustatzeko plana eta enpresa zein erakundeentzako ziurtagiri sistema berria.

Gero eta euskaldun gehiago

Honez gain, Urkullu lehendakariak gogora ekarri ditu Euskal Autonomia Erkidegoko VII. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak. Izan ere, bertatik atera daitekeen ondoriotako bat da gero eta euskaldun gehiago daudela Euskal Autonomia Erkidegoan 16 urte edo gehiagoko biztanleen artean: 680.629 euskaldun, 1991n baino 261.000 gehiago, 12 puntuko hazkundea.

Euskararen Aholku Batzordea

Bukatu aurretik, lehendakariak Euskararen Aholku Batzordea osatzen duten kideei eskerrak eman dizkie euskararen biziberritze prozesuan izan duten konpromisoagatik. Euskararen Aholku Batzordearen helburua da hizkuntza-normalizazioan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzea, bideratzea eta koordinatzea euskara normalizatzeko. Gaur egun 26 kidek osatzen dute Euskararen Aholku Batzordea eta lau batzorde-atalez osotuta dago: ESEP berritzeko batzorde atal berezia; ingurune digitalarena; hizkuntza eta generoarena; eta eremu sozioekonomiko pribatuarena. Batzorde-atal horietan gizartearen ordezkaritza zabala batzen da; izan ere, arlo bakoitzean adituak diren pertsonek osatzen dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak