Eman odola!
Berriak Osasuna
qrcode

Zahartzeari eta kronikotasunari buruzko Osakidetzaren osasun-estrategia, Europar Batasunak jardunbide egoki gisa aukeratua

2024-01-04
  • Euskadik 7 herrialdetako osasun-erakundeei transferitu die zahartzeari eta kronikotasunari buruzko estrategia: Italia, Portugal, Kroazia, Danimarka, Serbia, Txekiar Errepublika eta Grezia
  • Buru den JADECARE proiektuaren bidez, osasun-sistema eskuragarriago, bidezkoago eta jasangarriagoetan arreta integratuagoa emateko gakoak eskaintzen ditu

Europako Batzordeak nabarmendu du Europa osasuntsuago baterako JADECARE proiektu europarrak egindako ekarpena; Biosistemak —Osadun  Saileko eta Osakidetzako Ikerketa Sanitarioko Institutuak— gidatutako proiektua da, herrialdeen arteko lankidetzan oinarritua, eta Europan osasun-arreta eraldatzeko helburua du, pertsonarengan zentratutako osasun-sistemetarantz igaroz.

JADECARE proiektu honen esparruan, Euskadi, eta, zehazki, Zahartzearen eta Kronikotasunaren arloko euskal osasun-estrategia, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetara transferitzeko jardunbide egokitzat hautatu du Europako Batzordeak.

Zahartzeari eta kronikotasunari aurre egiteko Osakidetzako Erakunde Sanitario Integratuetan (ESI) azken urteetan ezarritako hurbilketa sanitarioak aurkezten dituen estrategia hau 7 herrialdetako —Italia, Portugal, Kroazia, Danimarka, Serbia, Txekiar Errepublika eta Grezia— erakunde sanitarioetan ezarri da; bertan, aldaketak txertatu dira osasun-sistema eskuragarriago, bidezkoago eta jasangarriagoetan arreta zabalago eta hobe integratu bat eskaintzeko, pazienteen eta, oro har, herritarren mesederako.

Proiektuaren azpian dago biztanleriari, oro har, arreta ematea prebentziozko esku-hartzeen bidez, baina baita biztanleriaren estratifikazioarekin eta herritarren beharretan oinarritutako arreta-planekin ere. Arretaren jarraitutasuna eta pazienteen ahalduntzea eta autokudeaketa ere azpimarratzen ditu.

Era berean, Osakidetzan azken urteotan abian jarri diren tresna eta plataforma digitalei buruzko ezagutza transferitzeko lan egin da, hala nola, historia kliniko elektroniko bateratua, E-rezeta izeneko errezeta elektronikoa, Osasun-karpeta, paziente espezifikoentzako telemedikuntza, Osasun Kontseilua, Osasun Eskola, herritarrentzako informazio- eta prestakuntza-zerbitzua, haien osasunari eta gaixotasunari buruzko jarrera arduratsua eta aktiboa lortzeko, edo herritarrentzat eskuragarri dauden aplikazioak.

Hiru urtez, JADECARE proiektu europarrak EBko 16 herrialderen artean 4 jardunbide egokiren (Euskadi, Katalunia, Danimarka eta Alemaniakoak) transferentzia babesten lan egin du, eta horri esker, 21 eskualde, 4 milioi pertsona baino gehiago, soluzio berritzaileez baliatu ahal izan dira.

Proiektuaren barruan sartzen dira laguntza-arloko ibilbideak berrantolatzea, aldaketa kudeatzea, eraldaketa digitala egitea edo herritarrak gaitzea hainbat arlotan, hala nola integrazioan, gaixotasun kronikoetan, multimorbilitatean, pertsona ahuletan eta premia konplexuak dituzten pazienteetan, autozainketan, herritarren osasunaren prebentzioan eta sustapenean, gaixotasunen kudeaketan eta kasuen erabileran.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak