Berriak Kultura
Eu

Euskal Kultura eta Gatazka Politikoa - Universität Konstanz (Alemania), otsailak 13-14, 2012

2012.eko otsailak 13

Mari Jose Olaziregi, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria:

Italo Calvinoren ipuin ederrak ezin hobeto irudikatu zigun nola maitemindu zen Karlomagno enperadorea Konstantzako (Alemania) laku politaz. Inguru horrek nahiz izen bereko hiriak, alegia, Konstantzak (alemanez Konstanz), II. Mundu Gerrako bonbardaketak Suitzarekiko hurbiltasunari esker saihestu ahal izan zituztelako eutsi ahal izan diote edertasunari. Bertako judutarrak kanporatzea eta sinagoga suntsitzea ezin izan zituzten, ordea, itzuri. Ez da zaila Euskal Herriarekin alderatzea, mingarriegi egiten zaigun errealitate historiko eta politikoaren arrastoak gure geografia ederrean barreiatzen baitira. Oroimenaren mapa bilakatu zaizkigu eta kaleak, zoritxarrez deigarri gertatzen den topografiaren baitan.

Edonola ere den, ez zaio ingurunearen edertasunari zor, baizik eta nazioarteko ospeari eta euskara eta euskal kultura sustatzeko hartu duen konpromisoari, Etxepare Euskal Institutuak Konstantzako unibertsitate alemaniarrean euskal hizkuntza eta kulturaren inguruko irakurletza sortzeko erabakia. Konstanz Universität-ek euskal ikasketak hartzen ditu barne bertako curriculumean eta gure kulturaren ezagutza sustatzen du, euskal institutuaren laguntzarekin euskara eta euskal kulturako irakasleak dituzten gainerako 30 unibertsitateen kasuan bezala. Irakurletza horren sorrera izan dugu, hain zuzen ere, “Euskal kultura eta gatazka politikoa” izeneko nazioarteko sinposioa, gaur aurkezten ari gatzaizkizuena, antolatzeko aitzakia. Biltzarrak euskal gatazkaren inguruan hausnartzeko esparrua eskaintzea du xede, euskarazko literatura idatziak aspalditik mintzagai izan dituen berbaldi narratiboen sorburuan diren gatazkaren sorreraren eta errekonozimendurako politiken inguruan gogoeta egiteko. Alemaniarren begiratua izango dugu, Universität Konstanz bezain ospetsua den eztabaidarako gune batetik egindako irakurketa, izan ere, bertan ditugu, besteak beste, literaturan terrorismoak duen errepresentazioa aztertzen duten ikerketa-taldeak. Eta horixe egiteko asmoa dugu sinposioan. Horretarako, Aleida Assmann unibertsitate horretako ikertzaile entzutetsuak esandakoaren ildotik, bakerako gakoa oroimenean datzala onartzetik abiatuko gara, baita oroimenak, Walter Benjaminek esan bezala, ahalmen iraultzailea duela onartzetik ere. Alemaniako unibertsitateak berak proposatu zizkigun sinposioaren izenburua eta edukia. Bertako programan ditugu, esate baterako, Juan Aranzadi, Jesús Casquete, Francisco Letamendia edo Gonzalo Álvarez Chillida historialariak. Horiez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko hizkuntzalariak, hala nola, José Ramón Uriarte, Maitena Etxebarria, Mari Jose Ezeizabarrena edo Itziar Idiazabal. Imanol Murua kazetaria ere bertan izango da, baita Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano edo Iban Zaldua euskal idazleak ere. Horiekin amaituko da, hain justu ere, sinposioa, solasaldi batekin eta adostasun soziala lortzen lagun dezakeen oroimen kulturala osatzen ari diren gaur egungo literatura-testuen irakurketarekin. Literatura eta, bereziki, fikzio garaikidea gure errealitate asaldatua erakusteko, aztertzeko eta berreraikitzeko esparru pribilegiatu gisa onartzetik abiatuko gara. Eta hori idazketa narratiboa, hain zuzen ere, oroimenak gogo berotzen duelako egin dezake, eta gure ondare emozionaletik hurbilago dagoenez, gizakiaren kontraesanak eta beldurrak agerian uzten dituelako. Horrexegatik da literatura diskurtso historiografikoa baino egiazkoagoa, benetakoagoa. Harkaitz Canoren azkeneko nobela, Twist (2011), Arantxa Urretabizkaiaren “Koaderno gorria” (1998) edo Iban Zalduaren ipuinetako batzuk, hala nola, “Bibliografía” gomendagarria (2000) izango ditugu gogoan euskal erradikalizazio politikoaren inguruko diskurtso memoristikoak egiten ari diren ekarpen handiari buruzko eztabaidan. Amaitzeko, Ruper Ordorikaren kontzertua nabarmendu nahi genuke. Blanca Urgell Kultura sailburua eta Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria ere sinposioan izango dira, Berlinaletik bueltan.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Aizpea Goenaga