Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 800.000 euro bideratuko ditu gazte-elkarteak indartzeko laguntzen deialdira

2023-12-27
  • Gazte-elkarteek abenduaren 27tik 2024ko urtarrilaren 26ra —biak barne— eska ditzakete laguntzak
  • Deialdi hau gazteen programak eta jarduerak garatzen laguntzera zuzenduta dago, eta aisialdian hezkuntza sustatzeko estrategiaren barruan kokatzen da
  • Gazte-elkarteek gazteak sozializatzen, gizarteratzen eta balioetan trebatzen laguntzen dute 

2023.12.27.- Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak 800.000 euro bideratuko ditu gazteen esparruan programak eta jarduerak garatzeko laguntzen deialdira. Helburua gazte-elkarteen funtzionamendua eta jarduerak babestea da.

Interesa duten gazte-elkarteek 2023ko abenduaren 27tik 2024ko urtarrilaren 26ra bitartean eskatu ahal izango dituzte laguntzak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0050911

Esparru horren barruan honako hauek barne hartzen dira: lurraldez gaindiko jardueren urteko programak, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen bizi-kalitatea sustatzera eta hobetzera bideratutako gazte-elkarte edo -erakundeek bultzatuak; dinamizatzaile soziokulturalen ikastaroak, animazio soziokulturaleko eskolek antolatuak; eta izaera berritzailea edo eragin soziala duten jarduerak.

2023ko ekitaldian, Gazteria Zuzendaritzak, deialdi honen bidez, 74 dirulaguntza eman zituen, guztira 799.630 euro.

2030erako Euskal Estrategia, aisialdiko hezkuntza sustatzeko

Deialdi hori Astialdi Sareak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Astialdi Foroak eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak prestatu duten "Astialdi Hezigarria sustatzeko 2030 Euskal Estrategian" dago jasota.

Estrategiaren helburua da aisialdiko taldeak sendotzea eta haien eskaintza familien, haurren eta gazteen behar berrietara egokitzea.

Gazte-elkarteak gizarte-ekimeneko erakundeak dira, batez ere boluntarioek osatuak, komunitateetatik sortuak, eta haien zerbitzura jartzen dira, haiekiko lotura mantenduz. Eta, batez ere, autonomia, partaidetza eta konpromiso sozialeko eskola dira, Euskal Autonomia Erkidegoarentzat oso kapital sozial baliotsua proiektatzen dutenak.

Haien zeregina funtsezkoa da sozializaziorako, gizarteratzeko eta norberaren nortasuna eraiki eta garatzeko, belaunaldi berrientzako bizitzan zeharreko balioen arabera.

Gazteen esparruan balio prosozial horiek duten garrantzia kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak 800.000 euro bideratuko ditu deialdi honen bidez haren erakundeak eta jarduerak indartzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak