Eman odola!
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 820.000 euroko dirulaguntzak onartu ditu ikus-entzunezko sektoreari lotutako talentu berriei zuzenduta (Gobernu Bilera 2023-12-26)

2023-12-26

2023 urteko azken Gobernu Batzordeko bileran ikus-entzunezko sektoreari lotutako hainbat dirulaguntza onartu dira talentu zein belaunaldi berrien beharrei erantzuna emango diena. Kultura eta Hizkuntza Politika sailetik bultzatutako dirulaguntza zuzen hauek bilatzen dutena da profesional berriei tresnak ematea sormena, ekintzailetza eta profesionalizazioa garatzeko ahalik eta denbora laburrenean beren hazkundea ahalbidetzeko. Guztira 820.000 euro bideratuko dira 2023-2024 epean.

Eusko Jaurlaritzak, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren bidez, bertoko ikus-entzunezkoen ekoizpena babestu eta sustatu nahi ditu, bereziki euskaraz egiten direnak eta emakume artistek sortzen dituztenak. Horrela, babesa eskainiko zaie sorkuntza prozesuan, beste laborategi eta proiektuekin esperientzia-trukeak egingo dira, teknologia berrietara egokitzeko irizpideak, edota nazioartekotzeko babesa, beste ekintza batzuen artean. Hau posible izango da Eusko Jaurlaritza eta Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren arteko akordio bati esker.

Jaurlaritzak onartutako finantzaketa honek Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren “Ikusmira berriak” proiektua sortzen lagunduko du; “ZINEBI Networking: dokumentalen sorgunea” izeneko prestakuntza-ingurunea sustatzeko balioko du; “Dirdira Lab” deituriko film artistiko eta esperimentalak garatzeko, “Tabakalera Lab” proiektua finantzatzeko; "Noka Industry" ikus-entzunezko proiektua martxan jartzeko edota “ARENA" narratiba berrien inguruko proiektua abian jartzeko aukera emango du.

Apellaniz & De Sosari 100.000 euroko dirulaguntza emango zaio “Dirdira Lab" ikus-entzunezko laborategia izeneko film artistiko eta esperimentalak garatzeko.  Hauek dira helburuak:

  • Trukerako, hazkunderako eta profesionalizaziorako espaziorik ez duten ikus-entzunezko/ zinematografiako proiektu esperimentalak garatzen laguntzea.
  • Belaunaldien arteko eta erkidego arteko trukea sustatzea profesional finkatuen eta belaunaldi berrien artean, bai Estatuan, bai nazioartean.
  • Ikus-entzunezko/zinemako pentsamendu garaikidea aberasten eta zabaltzen duten beste praktika artistiko batzuekiko sinergiak sustatzea.

Arriaga kultur jardueretarako zentroari zuzendutako 150.000 euroko dirulaguntza emango zaio “ZINEBI Networking: dokumentalen sorgunea" ikus-entzunezko azeleragailuaren proiektuaren garapena sendotzen laguntzeko. Proiektu hau prestakuntza-ingurune espezializatua da eta bertan, jarduera berriak kokatuko dira, eta pentsamendu- eta eztabaida-programazio bat izango dute, film luze dokumentalaren garapenaren hainbat alderditan sakontzeko: prestakuntza-programak, mundu osoko dokumentu-negozioaren ezagutza, proiektuaren garapena, produkzio-egiturak, banatzeko eta erakusteko erronkak, musikaren eta soinuaren erabileraren espezifikotasunak, bai eta argazki-, soinu- edo muntaia-zuzendaritzarenak ere.

Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionala” erakundeari 80.000 euroko dirulaguntza ematea onartu da "ARENA" gidoiak idazteko proiektua abian jartzeko. Laguntza honen bidez, batetik, aktibo dauden eta talentu sortzen ari diren gidoilari profesionalei narrazio-diziplina desberdinetako programak eskaintzeko oinarriak ezarri nahi dira. Bestetik, narratiba giltzarri duten negozio-eredu berriekin lan egin nahi da, hala nola adimen artifizialarekin, errealitate birtualarekin, narrazio-esperientzia ez-linealekin eta, are, scape roomekin.

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiari 200.000 euroko zuzeneko dirulaguntza emango zaio "Ikusmira berriak" proiektua sortzen laguntzeko. Helburu hauek bilatzen dira proiektu honen bitartez:

  • Sektoreko profesional berriak bultzatzeko eta ahalik eta denbora laburrenean hazkunde esponentziala lortzen saiatzeko beharrezko tresnak ematea.
  • Merkatuan dauden konponbideetatik abiatu ekintzailetza bultzatzeko.
  • Sektoreko profesional berri horiei beren proiektuak abian jartzen, sendotzen eta hazten laguntzea, kultura-aldaketa sortzea, barne-ekintzailetza sustatzea eta berritzea helburu duten enpresa handien ildo estrategikoei erantzuten dieten programen bidez.

Tabakalera-  Kultura garaikidearen nazioarteko zentroari, 200.000 euroko dirulaguntza zuzena emango zaio “Tabakalera Lab” ikus-entzunezko laborategia proiektuaren garapena finantzatzeko. Proiektu honen bidez, beste laborategi eta erakunde batzuekin trukeak egingo dira, berrikuntza teknologikoa sustatuko dira euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza-prozesuan eta teknologia berrietara egokitzeko irizpideak emango zaizkie artistei.

“Zineuskadi Elkarteak” 90.000 euro jasoko ditu "NOKA INDUSTRY" emakumeen ikus-entzunezko garapenean zuzendaritza- eta produkzio-taldeei laguntzeko proiektua garatzeko. Horretarako, prestakuntza-moduluak eskainiko dituzte idazketa lantzeko, gidoiak nola banatu ikasteko; finantzaketa-planak egiten ikasteko; foro profesionalen, deialdien edota jaialdien aukeren berri emateko; nazioarteko merkatuetara nola jo jakiteko edo marketing estrategiei buruz irizpideak izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko