
Guinea Bissau eta Euskadiren arteko "Osasun Globala" osasun lankidetzako programak lehen urtea bete du
Orain arte, osasuneko 30 profesionalek parte hartu dute programan, gehienak Osakidetzako langileak. Horri esker, hobekuntzak egin dira osasun-langileen prestakuntzan, asistentziaren kalitatean edo ospitaleen kudeaketan.
Ekimen solidarioak Euskadin adingabeentzako osasun-laguntza ere jasotzen du. 2022ko ekainean hasi zenetik, lau adingabe eraman dituzte Gurutzetako Ospitalera, hiru kardiopatiarekin eta bat hestegorriko estenosiarekin
Edizio berri batean, Osakidetzako profesionalak, bereziki Erizaintzako eta Laborategiko langileak, hilabete batzuetan Simão Mendes Ospitale Nazionalean lan egitera animatu nahi dira, asistentziaren kalitatea hobetzeko eta langileen prestakuntza indartzeko
2022ko ekainean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak eta eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Ginea-Bissauko Osasun Publikoko Ministerioak eta AIDA elkarteak Ginea-Bissau Euskadi Osasun programa abiarazi zuten. Orain arte, osasuneko 30 profesionalek parte hartu dute, gehienak Osakidetzakoak. Langileen artean daude familia eta komunitate medikuntzan, barne-medikuntzan, anestesian, erizaintzan, kirurgian, mikrobiologian eta osasun-kudeaketan espezialistak, besteak beste.
Epe luzerako programa da, eta osasun-arloko sei profesionalez osatutako talde batek etengabe laguntzen die Simão Mendes Ospitale nazionaleko langileei. Horregatik guztiagatik, egun, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako profesionalen parte-hartzea bilatzen du. Horiek aukera izango dute hilabete batzuetan Ginea-Bissauko ospitalean lan egiteko, Euskadiko baldintza soziolaboral berberetan. Parte-hartzaile berriak erakartzeko asmoz, programak kanpaina bat abiarazi du, bereziki erizaintzako eta laborategiko langileentzat zuzendua, premiazko espezialitateak baitira.
Lehen urteko lorpenak
Programa abian jarri zenetik, osasun-langileek ospitaleko profesionalei lagundu diete egunero barne-medikuntzan, larrialdietan, erizaintzan, kirurgian, anestesian eta laborategian, bai eta ospitalearen kudeaketan ere.
Aldi horretan, tokiko profesionalek eta atzerriratuek osatutako taldeek asistentziaren kalitatea hobetu dute, eta jarraibideak eta errutinak ezarri dituzte ospitaleratze-solairuetan, larrialdietan, ebakuntza-geletan eta gaixotasunetan espezializatutako kontsultetan, hala nola diabetesa, hipertentsio arteriala, asma eta gaixotasun arrunten tratamendua.
Era berean, osasun-kooperanteek lagundu dute bisitak antolatzen edo plangintza kirurgikoa egiten. Gainera, langileen gaitasunak hobetu dituzte, bai prestakuntzaren bidez, eta baita eguneroko jardueran laguntzen ere.
Emandako pausoez gain, ekimena hasi zenetik lau adingabe eraman dituzte Gurutzetako Ospitalera, hiru kardiopatiarekin eta bat estenosi esofagiko batekin. Xedea da Ginea-Bissaun eskuragarri ez dauden tratamenduak eskaintzea, gerora bizitza luzea eta kalitatezkoa izateko aukera ematen duten gaixotasunentzat.
Erakundeen arteko kolaborazioa
Ekimen hau 2030 Agendaren lehentasunen euskal programaren proiektu adierazgarri bat da, eta Eusko Jaurlaritzak politiken koherentziaren eta garapenenerako lankidetzaren erantzukidetasunaren alde egindako apustuari erantzuten dio, Jaurlaritzako beste sailetan eta askotariko eragileekin.
Joan den ekainean, misio bat joan zen Ginea-Bissaura honako ordezkari hauekin: Osasun saileko sailburua Gotzone Sagardui, Kabineteko zuzendaria Imanol Zuluaga eta Planifikazio zuzendaria Mikel Sánchez; Osakidetzako zuzendari orokorra Rosa Pérez eta osasun-lankidetzako koordinatzailea Ismael Diéz del Val, eta eLankidetzako zuzendaria Paul Ortega eta teknikariak. Programa nola garatzen den ikusteaz gain, taldeak bilera instituzionalak izan zituen eta hainbat osasun-instalazio bisitatu zituen herrialde afrikarraren osasun-sistema publikoa ezagutzeko.
Programaren finantzaketa partekatua da hiru erakunde sustatzaileen artean: Osakidetzak ekimenean parte hartzen duten hiru osasun profesionalen lanaren kostua ordaindu du ( 222.693 euro, gutxi gorabehera); Osasun Sailak bere gain hartzen du Euskadira ebakuatutako pazienteen esku-hartzeen eta osasun arretaren kostua (238.410 euro, gutxi gorabehera), eta eLankidetzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailekoa, 550.000 euroko ekarpena egin du, besteak beste, ekipamendu profesionala osatzeko, programa kudeatzeko, desplazamenduetarako edo material mediko eta sendagaiak erosteko.
Bestalde, AIDA elkarteak koordinatzen ditu programan mediku-kirurgikoak ez diren alderdiak, eta Euskadira datozen pazienteen egonaldia. 2007tik Ginea-Bissaun dagoen GGKE bat da, Simão Mendes Ospitale Nazionalaren kudeaketan parte hartzen duena eta pertsona zaurgarrienei tratamendua jasotzeko aukera ematen diena.
Joan den udan, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburua eta Paul Ortega eLankidetzako zuzendaria buru zituen ordezkaritza bat Guinea-Bissaun izan zen, teknikariekin batera, proiektua baloratzeko eta helburuak betetzen direla egiaztatzeko, hala nola osasun-langileen prestakuntza, asistentzia-kalitatea edo ospitale-kudeaketa. Programa nola garatzen den in situ ikusteaz gain, taldeak bilera instituzionalak egin zituen eta osasun-instalazioak bisitatu zituen, herrialde afrikarreko osasun-sistema publikoaren bilakaera ezagutzeko.
Osasun-profesional kooperanteak
Ginea-Bissauko bizi itxaropena 58 urtekoa da, Munduko Bankuaren arabera, eta ez du populazio zaurgarriaren beharrei erantzuteko moduko osasun sistemarik. Simão Mendes Ospitale Nazionalak 700 ohe baino gehiago ditu, baina ez ditu espezializaturik.
Ospitalean osasun langile kooperanteen presentzia jarraitua bermatzeko, txandakako taldeetako parte-hartzaileek gutxienez lau hilabete eman beharko dituzte erizainen kasuan, eta bi hilabete gainerako espezializazioetan. Osakidetzako langileek gizarte eta lan-baldintza berberak izango dituzte, eta bidaia, asegurua eta ostatua programaren kontura izango dira.
Informazio jaso nahi duten interesatuek edo parte-hartu nahi dutenek www.elankidetza.euskadi.eus webgunean dagoen formularioa bete eta info.cooperacionsanitaria@osakidetza.eus helbide elektronikora idatzi dezakete
-
2023-12-27
Comentario de Twitter:
Nuestro programa de cooperación sanitaria “Salud Global” entre Guinea Bissau y Euskadi cumple su primer año.Aquí te contamos lo que hemos logrado entre @OsasunEJGV @osakidetzaEJGV @ONGAIDAyBooks y el Ministerio de #Salud Pública de Guinea-Bissau 👇🏿