Argi berdea TETRA irrati-komunikazioen sarea partekatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmenari (Gobernu Bilera 2023-12-26)
- Gobernu Kontseiluak onartu egiten du foru erakundeak sare horretan sartu ahal izateko hitzarmena, hainbat zerbitzutan erabili ahal izateko, hala nola, garraio sanitarioan, tren-sistemen seinaleztapen eta komunikazioetan, estazio meteorologikoen arteko datu garraioan
Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako Foru Aldundiak barne komunikazioetarako TETRA irrati-komunikazioen sarea partekatzeko lankidetza hitzarmena sinatzea onartu du gaur. Horrela, foru erakundea sare horretara sartu ahal izango da, hainbat zerbitzutan erabiltzeko, hala nola, premiazko osasun-garraioan, tren-sistemen eta tranbien seinaleztapen eta komunikazioetan, meteorologia eta ingurumen estazioen arteko datu garraioan, bide eta errepideetako komunikazio zerbitzuetan, obra hidraulikoetan eta suhiltzaile parkeetan, besteak beste.
TETRA sareak, halaber, gailuen arteko konektibitate soluzioak (gauzen internet) edo mugikortasun ultraazkarreko komunikazio aurreratuetarako bilakaerak emango dizkio Arabako foru erakundeari.
Bi administrazioen arteko hitzarmenak TETRA teknologian oinarritutako irrati-komunikazio mugikorren sarearen bidez bideratuko diren zerbitzuak planifikatu, erabili eta emateko baldintzak arautzen ditu. Datuen transmisioa eta etorkizuneko garapen teknologiko guztiak ere arautzen ditu.
TETRAk Euskadiko Administrazio Orokorraren telekomunikazio sarearen bidez ahotsa eta datuak elkarrekin konektatzen laguntzen du, eta, horri esker, baliabide publikoak partekatuta erabil daitezke. Itelazpik kudeatzen du, irrati-telebistako seinaleak eramaten dituzten zerbitzuak eta komunikazio publikoko zerbitzuak ematen dituen euskal enpresa publikoak alegia. Halaber, telekomunikazio azpiegitura publikoak kudeatzen ditu. Itelazpi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikita dago.
Arabako Foru Aldundiak bat egin du Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundiekin, bai eta Eudelekin ere, horiek ere sinatuta baitute hitzarmen hau.