Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk lankidetza-hitzarmen berria sinatuko dute Jokoaren Euskal Behatokiaren ikerketa-proiektuekin jarraitzeko (Gobernu Bilera 2023-12-26)
- Segurtasun Sailak urtean 100.000 euro bideratuko ditu Jokoaren Euskal Behatokiak aurreikusitako jarduerak egiteko, besteak beste urtean dibulgazioko jardunaldi bat antolatzeko eta hiru hilez behingo albiste-buletin bat argitaratzeko
Gobernu Kontseiluak oniritzia eman du Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk lankidetza-hitzarmen berria sinatzeko, Jokoaren Euskal Behatokiaren bidez jokoaren arloko ikerketa-proiektuak garatzen jarraitzeko helburuarekin. Akordioa, aurreko hitzarmena 2020an sinatu zutenetik, bi erakundeek izan duten lankidetza positiboaren emaitza da, eta Segurtasun Sailak, beraz, urtean 100.000 euro bideratuko ditu 2027ra arte Behatokiak aldi horretarako aurreikusitako ekintzak gauzatzeko.
Organo honen helburua da Euskadin jokoaren inguruabarrak etengabe aztertzea, sektoreari buruzko ikuspuntu orokorra ematearen bidez joko arduratsua sustatzen lagunduko duten politika publikoak lantzeko. Aldian behin Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak gainbegiratuta egiten diren inkesten eta azterlan ekonomiko eta sozialen bidez, Behatokiak lan hauek egin ditu 2020tik:
- Jokoaren panoramika ekonomiko-enpresariala (2020)
- Euskadiko jokalarien prebalentzia, ohiturak eta profilak (2020)
- Gazteak eta jokoa Euskadin (2021)
- Jokoaren inguruko gizarte-pertzepzioa eta balorazioa (2022)
- Emakumeari eta jokoari buruzko panoramika (2022)
Gainera, beste jarduera batzuen artean, Behatokiak dibulgazioko urteko jardunaldia antolatzen jarraituko du azkena egindako lanak aurkezteko, eta jokoaren Euskadiko egoerari buruzko hiru hilez behingo informazio-buletin bat argitaratzen ere jarraituko du.