Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Nerea Melgosa´k Gasteizko Matxete enparantzan egin den Kandelen Gauean parte hartu du

2023-12-22
  • Erdi Aroko Hiriguneko merkataritzak, ostalaritzak eta zerbitzuek antolatua
  • 13.000 kandela eta ardo beroa, Gasteizko Eguberrien hasieraren protagonistak
  • "Kandela horiek gogorarazten digute pertsona askok ezin dutela Gabonez gozatu"

Vitoria-Gasteiz, 2023 XII 22

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak, Marimar Ortizekin batera, Erdi Aroko Hiriguneko merkataritzak, ostalaritzak eta zerbitzuek Gasteizko Aihotz plazan ospatu duten Kandelen Gauaren hogeita hirugarren edizioan parte hartu du gaur arratsaldean.

"Kandelen Gauak Eguberrien erabateko aktibazioa suposatzen du —aipatu du Nerea Melgosak—, bereziki gure hiriburuaren bihotzean, non bertako bizilagunek, merkatariek eta ostalariek, gure erakundeekin batera, hainbeste ahalegin egiten duten bisitariei kalitatezko produktu eta agertoki erakargarriak eskaintzeko. Kandela horiek gogorarazten digute pertsona askok ezin dutela Gabonez gozatu".

Melgosak ekimen beterano hori goraipatu du, eta inguruko kale batzuk zeharkatu ditu Diego Martinez de San Vicenterekin, "Gasteiz On" merkataritza-elkarteko zuzendariekin eta Gasteizko zenbait zinegotzirekin batera.

Urtero, Gabon gauaren aurreko abenduko ostiralean, Gasteizko Erdi Aroko Hiriguneak argia eta giroa jartzen ditu, 13.000 kandelek "Erdi Aroko almendra" deritzonaren txoko bakoitza argiztatzen duten gau batean. Kandelen Gauaren bidez, Alde Zaharreko dendek eta ostalaritzak ongietorria ematen diete Eguberriei. Kaleak, dendak eta plazak kandela txikiz argitzen dituzte.

Antzerki-ikuskizunek, musikak eta pirotekniak Gasteizko Erdi Aroko Hiriguneko kaleak ere aktibatzen dituzte. Gainera, Buruileria Plazan, Zumardiko Markesaren plazan eta San Frantziskon ohiko ardo beroa doan dastatzeko aukera ematen da. Kandelez gozatzeko gune nagusiak Andre Maria Zuria, Matxete, Santo Domingo, Santa Maria plazak eta Ahateen Iturria izan dira.

Honako gune hauek ere apaintzen dira: Hedegile kalea, Zapatari kalea, Errementari kalea, Aiztogile kalea, Pintore kalea, Barnekale Berria, Diputazio kalea, Jesusen Zerbitzariak kalea, San Frantzisko kalea eta Errege atea; Andre Maria Katedrala, Farolen Museoa, Arkeologia Museoa, Villasuso Jauregia, El Portalon, Otxanda Andrearen Dorrea, Eskoriatza-Eskibel Jauregia, Erdi Aroko Harresia eta Harategien Kantoia.

Taberna, sozietate eta elkarteek Gabon gaueko ardo beroaren tradizioa berreskuratu dute. Ez bakarrik alde zaharrean, baita Zaramagan ere, Ardo Beroaren ibilbidearekin; taberna askok doan edo modu solidarioan zerbitzatzen duten Gabonetako ohitura. Andre Maria Zuriaren Kofradiak ere opariak egiten dizkie bere kofradiakideei, Farolen Museoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • María del Mar Ortiz