Hauteskundeak 2024
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Gobernuak urtarrilera aurreratu ditu industria, enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntzak

2023-12-26
  • Gauzatu Industriak 28.000.000 euro izango ditu eta Elkartek-ek 44.000.000 euro
  • Laguntzak 2024 urte hasieran eskatu ahalko dira, urteko lehen seihilekoan enpresek laguntza jaso dezaten
  • Hurrengo urtean enpresei laguntzeko 80tik gora programa planifikatu dira, orotara, 600 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin, eta urtarrilean emango da horien berri

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan Jonan Fernandez, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarekin batera. Azken honek EMANTZIPA programaren laguntzak arautzen dituen dekretua aurkeztu du.

INDUSTRIA, ENPRESA TXIKI ETA ERTAINENTZAT LAGUNTZAK

Zupiriak azaldu duenez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen dituen Elkartek eta Gauzatu Industria, enpresa txiki eta ertainentzako laguntzen deialdia aurreratzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Gauzatu Industriak 28.000.000 euro izango ditu eta oinarri teknologiko eta berritzaileko enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko izango da. Eta Elkartek-ek 44.000.000 euro arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko. Gaurko erabakiaren ondoren, bi programa horien laguntzak 2024 urte hasieran eskatu ahalko dira eta, hala, urteko lehen seihilekoan jaso ahalko dituzte enpresek. “Bi deialdiotan, SPRI taldea izango da laguntzaile eta proiektuak jaso, ebaluatu eta aztertuko ditu. Hurrengo urtean enpresei laguntzeko 80tik gora programa planifikatu dira eta urtarrilean emango da horien berri. Orotara, 600 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua aurreikusi da. Aurreko edizioetan bezala, enpresa ertain eta txikientzako laguntza hauek eta beste batzuk 2024ko hasierako saio informatiboetan aurkeztuko dira” adierazi du bozeramaileak.

EMANTZIPA programa gazteen emantzipazioan laguntzeko

Gazteen emantzipazioa bultzatzeko laguntzak arautzen dituen Emantzipa Programaren Dekretua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu Lehendakariak proposatuta. Bi urtetan zehar, hilean 300 euroko zuzeneko dirulaguntza aurreikusten du programak 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, emantzipazio-prozesu bat hasi dutenentzat edo hastera doazenentzat.“Emantzipa Programa gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren barruan dago. Estrategia hori martxoaren 21ean onartu zen eta helburua da gazteen emantzipazioa erraztea, beharrezkoa eta egokiena denean bultzada edo laguntza emanez” adierazi du Fernandezek. Idazkari nagusiak azaldu duenez, 2030erako helburua da 28 urterekin emantzipatzeko batez besteko adina murriztea eta emantzipazio-tasa % 50eraino igotzea” azaldu du 2030 Agendaren idazkari nagusiak.

“Kontuan izan behar da Euskadiko gazte gehienak 30 urte inguruan edo adin horretatik aurrera emantzipatzen direla. 25-29 urteko gazteek zailtasun handiagoak dituzte. Adin-tarte horretan, emantzipatutako pertsonen ehunekoa % 32,8tik behera dago” azaldu Fernandezek horregatik Emantzipa programa honen helburu zuzena gazteen emantzipazio-prozesuak erraztea edo sendotzea da. Emantzipa Programaren 2024ko aurrekontua 53 milioikoa da eta 2024ko otsailaren 20tik aurrera eskatu ahal izango da laguntza. Aurreikuspenen arabera, lehen urtean, 15.000 gaztek baino gehiagok jasoko dute laguntza hori.

GOBERNU KONTSEILUAK ONARTUTAKO BESTE HAINBAT GAI

Ohikoa den moduan, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratu eta onartutako beste hainbat gai.

Gobernu Kontseiluak EAEko Administrazio Orokorraren eta Arabako Foru Aldundiaren artean lankidetza hitzarmena sinatzea onartu du barne komunikazioetarako TETRA irrati-komunikazioen sarea partekatzeko. Modu honetara foru erakundea sare horretara sartu ahal izango da, hainbat zerbitzutan erabiltzeko, adibidez, premiazko osasun-garraioan, tren-sistemen eta tranbien seinaleztapen eta komunikazioetan, meteorologia eta ingurumen estazioen arteko datu garraioan, bide eta errepideetako komunikazio zerbitzuetan, obra hidraulikoetan eta suhiltzaile parkeetan, besteak beste. “TETRAk Euskadiko Administrazio Orokorraren telekomunikazio sarearen bidez ahotsa eta datuak elkarrekin konektatzen laguntzen du, eta, horri esker, baliabide publikoak partekatuta erabil daitezke. Itelazpik kudeatzen duen sarea da, hau da, irrati-telebistako seinaleak eramaten dituzten zerbitzuak eta komunikazio publikoko zerbitzuak ematen dituen euskal enpresa publikoak alegia” azaldu du Zupiriak.

Halaber, Jaurlaritzak Euskadiko garraio publikoko operadoreei zuzeneko dirulaguntzak ematea erabaki du gaurkoan, 2022ko irailetik indarrean dauden % 50eko deskontuak aplikatzeak dakartzan kostuak finantzatzen laguntzeko. Gaur onartutako laguntza 2023ko bigarren seihilekoari dagokio eta 9,2 milioi eurokoa da. Garraio publikoko bidaietarako laguntzak emateko planteatu den antolamenduaren arabera, %50 horretan alegia: Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioaren aldetik, hobaria % 30ekoa da; eta Euskadiko Garraio Agintaritzan lortutako akordioaren arabera, berriz, Eusko Jaurlaritzak % 10ekoa du, eta operadore bakoitzaren mendeko administrazioek gainerako % 10ekoa. Eusko Jaurlaritzari dagozkion 9,2 milioi euroetatik, 2 milioi udalentzat dira, 3,7 Aldundientzat eta 3 Bizkaiko Garraio Partzuergoarentzat (Bilboko metroa). Zenbateko horiei 2023ko lehen seihilekoko 9 milioi euroak eta 2022ko azken lauhilekoko 6 milioi euroak gehitu behar zaizkie. Hau da, guztira, Eusko Jaurlaritzak 23 milioiko ekarpena egin du garraio publikoari hobariak emateko.

Amaitzeko, 2023 urteko azken bileran, Gobernu Kontseiluak ikus-entzunezko sektoreari lotutako hainbat dirulaguntza onartu ditu talentu zein belaunaldi berrien beharrei erantzuna emateko. Kultura eta Hizkuntza Politika sailetik bultzatutako dirulaguntza zuzen horiek helburu dute profesional berriei tresnak ematea sormena, ekintzailetza eta profesionalizazioa garatzeko ahalik eta denbora laburrenean beren hazkundea ahalbidetzeko. Guztira 820.000 euro bideratuko dira 2023-2024 epean. Jaurlaritzak onartutako finantzaketa honek Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren “Ikusmira berriak” proiektua sortzen lagunduko du; “ZINEBI Networking: dokumentalen sorgunea” izeneko prestakuntza-ingurunea sustatzeko balioko du; “Dirdira Lab” deituriko film artistiko eta esperimentalak garatzeko, “Tabakalera Lab” proiektua finantzatzeko; "Noka Industry" ikus-entzunezko proiektua martxan jartzeko edota “ARENA" narratiba berrien inguruko proiektua abian jartzeko aukera emango du.

Prentsa txostena

Gai zerrenda

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @AlbisTech
    2023-12-29

    Comentario de Twitter:
    🔦 +80 programas @Gob_eus de ayudas a la empresa con +600M€: las de #Gauzatu #Industria y #Elkartek para #pymes pueden solicitarse a inicios de 2024, la idea es que estén disponibles en la primera mitad del año 📝

    https://t.co/eAZveoOcb5 https://t.co/IBIwMrMVPq

  • Argazkia SN Robot
    @AlbisTech
    2023-12-29

    Comentario de Twitter:
    🔦 Enpresentzako laguntzen 80 programa @Gob_eus baino gehiago eta 600 milioi eurotik gora: #ETE-entzako #Gauzatu #Industria eta #Elkartek enpresetakoak 2024aren hasieran eska daitezke, asmoa da urtearen lehen erdian eskuragarri egotea 📝

    https://t.co/tyD1qUAxYI https://t.co/m2Df5hU53G

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak