Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, udazken meteorologikoa serie historikoetako beroena izan da

2023-12-21
  • Prezipitazioari dagokionez, udazkena bustia izan da Euskadiko toki gehienetan
  • Prezipitazio-errekorrak hautsi ziren irailean, tenperatura maximoenak urrian eta haizearenak azaroan

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, udazken meteorologikoa (iraila, urria eta azaroa) serie historikoetako beroena izan da, eta Euskadiko batez besteko tenperaturaren balioa batez besteko normala baino 2,7 ºC altuagoa izan da. Aldi berean, bildutako euri-kopurua kontuan hartuta, bustia izan da lurraldeko toki gehienetan. Bestalde, azken hiru hilabete hauetan hautsi diren errekorrak ere aipagarriak dira: prezipitazioenak irailean, tenperatura maximoenak urrian eta haizearenak azaroan.

Euskalmeten datuen arabera, udazkeneko batez besteko tenperaturak 17-19 ºC inguruan ibili dira itsasertzean, eta Arabako Lautadan, berriz, 15 ºC inguruan, hau da, 1981-2010 aldi normaleko batez bestekoaren gainetik 2,7 ºC inguru. Balio horiek kontuan hartuta, serie historikoetako udazken beroena izan da aurtengoa, 2006ko udazkena zertxobait gaindituta.

Udazken meteorologikoko hiru hilabeteek izan dute izaera bero hori, eta iraila eta urria nabarmendu dira, oso beroak izan baitziren, 3 ºC-ko anomalia positiboekin. Horrela, irailaren 4tik 9ra bitartean, urteko bigarren bero-bolada izan zen, isurialde kantauriarrari bereziki eragin ziona. Urrian, berriz, tenperatura maximoen eta tenperatura minimo altuen errekor batzuk erregistratu ziren; izan ere, hilabeteko lehenengo eguna barnealdeko egunik beroena izan zen erregistroak daudenetik.

Prezipitazioari dagokionez, aurtengo udazkena bustia izan da Euskadiko leku gehienetan, eta oso bustia Bizkaiko itsasertzean, Arabako Mendialdean eta Arabako Errioxan. Salbuespena, berriz ere, Enkartazioak izan ziren, udazken meteorologikoan metatutako prezipitazio-balioen arabera, normaltzat jo baita. Iraileko berezitasuna lehenengo hamabostaldian izandako ekaitz handiak izan ziren; urrian eta azaroan, berriz, oso egun euritsuak izan ziren, eta, urriaren 26a nabarmendu behar da, isurialde kantauriarreko barnealdeko eskualdeetan urri bateko egunik euritsuena izan baitzen.   

Euri-egunak espero zitezkeenak izan dira gutxi gorabehera, eta 37 euri-egun izan dira Bilbon, 38 Donostian eta 27 Gasteizen. Bestalde, intsolazioa normala dena baino handiagoa izan da, eta eguzki-orduak % 10 gehiago izan dira isurialde kantauriarrean eta % 23 gehiago Euskadiko gainerako tokietan.

Meteorologia- txarrari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak udazkenean 12 alerta laranja aktibatu ditu: bat prezipitazio handiengatik, 7 haizeagatik eta 4 olatuengatik. Horrez gainera, 75 abisu hori ere aktibatu ditu, horietatik 30 itsasaldeko arriskuagatik, 25 haizeagatik, 10 prezipitazioengatik, 9 beroagatik eta bat basoko sute-arriskuagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)