Berriak Kultura
Eu

Etxepare Euskal Institutua Berlinen

2012.eko otsailak 08

Euskal kulturak eta gastronomiak berezko tokia izango dute aurtengo Berlinalen, otsailaren 13a Euskadiren Eguna izango baita, Eusko Jaurlaritza, Etxepare Euskal Institutua eta Basque Culinary Center-ek antolatuta

Egun horren aurretik, gainera, beste kultur ekitaldi aipagarri bat ere izango da: otsailaren 11an, Ruper Ordorikak Berlinen eskainiko duen kontzertua. Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuaren esanetan “oso pozgarria da euskal kultura era bateratzailean kanporatzeko gai garela erakustea: Donostiako Zinemaldia, zinegintza, musika, gastronomia… denok elkarrekin goaz, eta hori oso harro egoteko modukoa da, elkarlan horri esker gure kultura era eraginkorragoan nabarmendu dezakegulako kanpoan”.

Ruper Ordorikak  Hodeien azpian bere azken lanaren piezak joko ditu larunbatean 19:30etatik aurrera Berlingo Mediengalerie aretoan (Duddenstrasse, 10) emango duen kontzertuan. Deutsch-Baskische Kulturvereinek antolatu du emanaldia, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz. Gainera, Alemanian jarraituko du Ruperrek: otsailaren 13an Konstanz hiriko Antzokiko Werkstatt gunean beste emanaldi bat eskainiko du. Konstanzeko Unibertsitateak antolatutako kontzertu honek ere Institutuaren babesa jaso du.

Otsailaren 11ko Berlinaleko Euskadiren Eguna Berlingo Espainiako Enbaxadan hasiko da, bertan  Rafael Dezcallar de Mazarredo Espainiak Alemanian duen enbaxadorea, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga izango direlarik. 11:30etan Gastronomia, artea eta gizartea izenburuko mahai-ingurua egingo da. Partaideak, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center zentruko zuzendaria, José Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, Andoni Luis Adúriz, Elena Arzak eta Eneko Atxa sukaldariak eta  Thomas Struck, Kulinarisches Kino programako zuzendaria izango dira.

12:30etan, Amaia Barrena Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariak euskal elikagaigintza aurkeztuko du segidan. Eta ondoren, Etxepare Euskal Institutuak antolatu duen kontzertua eskeiniko dute Felipe Ugarte, Mugaritz BSO filmeko soinu-bandaren egileak eta kozuzendariak, Beñat Iturriotzekin batera. Gainera, haien  doinuekin “Euskal Herria” izeneko soloa dantzatuko du Mikel Aristegi dantzari eta Berlingo Euskal Koreografoen Jaialdiko antolatzaileak.

Goizari amaiera emateko, Elena Arzak eta Eneko Atxak Euskadiko produktuekin prestatutako mokadua dastatuko dute.

Gauez, Andoni Luis Adúriz sukaldariaren Mugaritz BSO pelikularen nazioarteko estreinaldia izango da, Berlinaleko Zine eta Gastronomia–Kulinarisches Kino zikloaren baitan. Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga ere emanaldian izango dira.

Eguna Andoni Luis Adúrizek Berlinalen 200 lagunentzako prestatuko duen afariarekin itxiko da,  Basque Culinary Center eta Eusko Jaurlaritzako Turismo sailak emandako babesari esker.


 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell, Aizpea Goenaga