Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

“Turismoak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko elkarrekin lan egitea” proposatu die Jaurlaritzak Gipuzkoako erakundeei

2012.eko otsailak 09

Eusko Jaurlaritzak azken bi urte hauetan 6 milioi baino gehiago bideratu ditu Gipuzkoako turismo-sektoreari laguntzera.

 

Pilar Zorrilla Merkataritza eta Turismoko sailburuordea Gipuzkoako erakunde nagusietako turismo-arduradunekin bildu da gaur Eusko Jaurlaritzak Donostian duen ordezkaritzan. Sailburuordeaz gain, honako hauek ere bertaratu dira bilerara: Isabel Muela Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendaria eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren zuzendaria. Gipuzkoako Aldundiaren aldetik, Jon Uriguen Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko foru-diputatua eta Roke Akizu arloko zuzendaria bertaratu dira; eta Donostiako Udalaren aldetik, berriz, Josu Ruiz zinegotzia eta Manu Narváez Donostia Turismoko zuzendaria.

Bilera horretan lurraldeko turismoarekin lotutako azken datuak aztertu dira, eta datu horien arabera ikusten da beheranzko joera dagoela batez ere Espainiako gainerako herrialdeetako bisitarien etorrerari dagokionez.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren arduradunek Gipuzkoako erakunde nagusiei jakinarazi diete "turismoak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko elkarrekin lan egin" behar dutela.

Horregatik, Pilar Zorrilla sailburuordeak Aldundiari eta Udalari proposatu die elkarrekin bat eginda lan egitea turismoaren alde eta gaur egun abian dauden eta turistak erakartzeko nahiz sektoreko lehiakortasuna hobetzeko orain arte eraginkortasun handikoak direla egiaztatu duten planen jarraibideei jarraitzea. Zehazki, Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Plana eta Marketin Plana euskal turismoari emaitza garrantzitsuak ematen ari diren bi tresna dira.

Turismo-sektorean jendearen iritzia garrantzitsua direla kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako agintarien aurrean berriz ere konpromisoa hartu du mezu positiboak emateko, bai etor daitezkeen turistei (atzerrikoak nahiz estatukoak), bai aisia dela medio edo lanbide-arrazoiengatik gure lurraldera iristen diren bisitariei. Kontuan izan behar da turista eta bisitari horiek beste turistentzako bultzatzaileak direla beren jatorrizko tokietan.

Era berean, sailburuordeak nabarmendu du Euskadiko eta Gipuzkoako ekonomiarentzat garrantzitsua dela "turismoak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzea". Zehazki, urte honetarako aurreikusitako jarduerak errepasatu ditu, esate baterako, Donostiako Zinemaldia, 2016 kultura-hiriburutzaren ondoriozko ekintzak, María Cristina Hotelaren urteurrena (aurten ehun urte beteko ditu) edo Hotela birmoldatu ondoren berriz irekitzea, baita beste hainbat ekitaldi ere, adibidez, San Sebastian Gastronomika 'Euskadi dasta ezazu' edo Ordiziako Azokaren 500. urteurrena. Aurretik, apirilean, ostalaritzaren biltzar nazionala egingo da, sektoreko Espainiako Federazioak antolatuta, bere garaian Lehendakariak defendatu zuen hautagaitza.

Horri dagokionez, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak baieztatu du turismoa Euskadi osoan, eta bereziki Gipuzkoan, sustatzen jarraituko duela, sektore estrategikoa eta etorkizun itxaropentsukoa dela uste duelako.

6 milioi baino gehiago bi urtean

Jaurlaritzak sektoreari laguntzeko ekintzak egiten jarraituko du Gipuzkoan. Izan ere, azken bi urte hauetan 6 milioi euro baino gehiago bideratu ditu turismoari laguntzeko lurralde honetan.

Azken bi urte hauetan Sailak sustatzen lagundu duen sektorearekin lotutako jardueren artean honako hauek daude:

  • San Sebastian Gastronomika 'Euskadi, dasta ezazu' nazioarteko biltzarra
  • Hondarribiko 'Euskadi, dastatu' Pintxo Txapelketa
  • Flyscharen ibilbidea, Eusko Jaurlaritzak ematen duen turismoko Euskadi Saria irabazi zuena
  • Donostia 2016an Kultura Hiriburua izateko emandako laguntza
  • Balentziaga Museoari emandako laguntza, 'Euskadin moda zapore' erakusketarekin indartu dena, eta Alemanian, AEBetan, Bilbon, Madrilen zehar ibili dena, eta laster Beasainen jarraituko duena.
  • Basque Culinary Center-ri emandako laguntza eta gastronomiaren alde egindako apustua Marketin Planaren barruan lehentasunezko produktu gisa.
  • Kazetaritza-sariak sortzea Donostiako Jazzaldiaren eremuan.
  • TourGUNE IKZri emandako babesa, Miramongo Parke Teknologikoan du egoitza; Zentro horrekin, 2011n, Euskadiko Turismo Behatokia sortu da.

Lurralde honetako turismo-sektoreak etekina lortu duen programen artean Turismo Zuzendaritzaren programa batzuk nabarmendu behar dira; esate baterako, Turismo Establezimenduak Modernizatzeko laguntzak, lehiakortasunerako laguntzak, dinamizaziorako laguntza, turismo-enpresen inbertsioa finantzatzeko laguntza eta kalitatezko Q-a lortzeko laguntzak.

Sektoreari emandako laguntza horietaz gain, Gipuzkoako turismoa sustatzera bideratutako laguntzak ere aipatu behar dira; adibidez, Turismoaren Lehiakortasun Plana aplikatzea, Gipuzkoako turismo-bulegoen sareari egindako ekarpena (Itourbask sarearen barruan), edo aurrerakin itzulgarriak (Gauzatu programa).

Eusko Jaurlaritzak proposatuko du elkarrekin jarraitzea turismo-sektorea sustatzeko erakunde-politikaren arloan, orain arte egin den bezala. Politika horrek emaitza bikainak eman ditu azken bi urte hauetan.

Donostia, 2012ko otsailaren 9a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)