Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

2.000 profesional inguru prestatu dira azken 8 urteetan indarkeriaren biktimak artatzeko Emakunderen Jabetuz programaren bidez

2023-12-21
  • Gaur bildu da Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako arreta koordinatzeko Erakundeen arteko III. Akordioaren jarraipen batzordea
  • 2022ko indarkeria matxistari buruzko datuen balantzea aurkeztu da, mito faltsuak desagerrarazteko sentsibilizazio-lanarekin jarraitzeko beharra islatzen duena

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak, Nerea Melgosa, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestarekin batera, Indarkeria Matxistaren Biktima diren Emakumeei Arreta Hobea Emateko Erakundeen arteko III. Akordioaren Jarraipen Batzordearen buru izan da gaur.

Akordio horren helburua da biktimei arreta ematen dieten erakundeen arteko koordinazioa areagotzea, babes osoa bermatzeko (osasun, segurtasun, justizia eta gizarte arloetan). Sailburuak berak azaldu duenez, “2001. urtean sortu zenetik aurrera pauso handiak eman dituen batzordea da eta ondorioz indarkeria jasaten duten emakumeen babesa hobetu egin da, nahiz eta lanean jarraitu behar den hobetzen jarraitzeko”.

Batzordea Emakundek koordinatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako sei sailek (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila; Segurtasun Saila; Osasun Saila; Lan eta Enplegu Saila; Hezkuntza Saila; eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila), Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak, hiru aldundiek, EUDELek, Arartekoak, Legelarien Euskal Kontseiluak eta Medikuen Euskal Kontseiluak osatzen dute, eta hainbat lantalde teknikotan hedatzen da.

Bileran Jabetuz programaren emaitzak ezagutu dira, Emakundek 2015etik sustatutako prestakuntza-programarenak. Programa honek emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloan esku-hartze profesionalerako irizpideak homogeneizatzen ditu erakunde arteko ikuspegi adostu bat sustatzeko. Programa honen bitartez dagoeneko 2.000 profesional baino gehiago prestatu dira emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak artatzeko.

Parte-hartzea handituz joan da azken urteotan, eta programa aurreratu bat ere ezarri da, seme-alabei, desgaitasuna duten emakumeei eta adineko emakumeei arreta espezifikoa emateko, guztiak ere indarkeria matxistaren biktimak.

Indarkeria matxistaren eraginari eta prebalentziari buruzko txostena
Batzordean EAEko emakumeen aurkako 2022ko indarkeria matxistari buruzko txostena ere aurkeztu da, erregistro ofizialetatik intzidentzia-datuak biltzen dituena. Kalkuluen arabera, EAEko emakumeen % 31,4k bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria motaren bat jasan du bizitzako uneren batean (350.000 emakume inguru), eta % 7,6k duela gutxi. Hala ere, azken aldiko indarkeria-tasa Espainiako eta Europako batez bestekoa baino neurritsuagoa da.

2022an, Ertzaintzak erregistratutako biktimizazioak % 13 inguru hazi ziren, batez ere bikote-indarkeriarenak eta eremu horretatik kanpoko sexu-indarkeriarenak. Hala ere, Emakunderen txostenaren arabera, "erregistratutako sexu-indarkeria kasuen gorakadak aurrerapen bat adieraz lezake indarkeria mota horren adierazpen batzuen desnaturalizazioari dagokionez".

Txostenean azpimarratzen da beharrezkoa dela hezkuntza- eta sentsibilizazio-lanarekin jarraitzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota batzuk normalizatzeari uzteko. "Belaunaldi berriek ez dute berdintasuna lortuko eta indarkeria-tasak ez dira murriztuko bizi garen gizarteko egitura sozial matxista eraldatzeko lana ez bada jarraitzen eta indartzen". Hala, emakumeen aurkako indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larritzat onartuta dagoen arren, oraindik ere estereotipoak eta mito faltsuak daude, eta horiek desagerrarazi egin behar dira.

Azken 20 urteetan, 51 emakume hil dituzte EAEn indarkeria matxistaren ondorioz, eta 16 gazte umezurtz geratu dira.

Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistaren Biktimei Laguntzeko Erakundeen arteko III. Akordioa duela urtebete onartu zen, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztiei erantzun integralagoa eta kalitatezkoa emateko, koordinazioa indartuz.

 

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-12-24

    Batez ere elkargokide diren praxi profesionalen konfiantza izanik, fiskaltzara bideratzea abusu edo erasoren baten berri izan duten pertsonak jasan izanaren zantzu oinarrizkoetaraino.

  • Argazkia Xaver
    2023-12-24

    Confiando buena praxis profesionales colegiados sobre todo, canalicen a fiscalia hasta indicios fundados de haber sufrido personas en conocimiento de algún abuso o agresión

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)