Finantzen Euskal Institutuaren Legea eta Euskadiko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legea onartu dira
Eusko Legebiltzarrak Ekonomia eta Ogasun Sailari dagozkion bi lege onartu ditu gaur: Finantzen Euskal Institutuaren Legea eta Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen Legea. Lehen Legeak EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin-Podemosen aldeko botoak izan ditu, PP, Ciudadanos eta Voxen kontrako botoak, eta EH Bilduren abstentzioa; bigarren Legea, berriz, gobernua sostengatzen duten taldeek babestu dute (EAJ-PNV eta PSE-EE), baita EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere; kontra bozkatu dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek.
FEI Legea
FEI sortu eta abian jarri zenetik hamalau urte inguru igaro direnean, beharrezkotzat eta egokitzat jo da hura erregulatuko duen araudi espezifiko bat izatea, haren erregulazioa Euskadiko errealitate ekonomiko eta araudi berrira egokitzeko, baita erakunde horrek Eusko Jaurlaritzaren finantza-politikaren tresna gisa bere gain hartu behar duen zereginera ere, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko finantza-politika eta kreditu publikoa egituratzeari buruz egindako azterlan eta gogoeten ondoren ateratako ondorioetan oinarrituta.
Finantza-antolamenduko eredu berria ezartzearekin batera, Finantzen Euskal Institutuak hiru eginkizun bete behar ditu:
- Gobernuak funts eta sozietateetan dituen finantza-partaidetzak izatea.
- Eusko Jaurlaritzaren sustapen ekonomikoko politikekin lotutako finantza-tresnak kudeatzea (aurrerakin itzulgarriak, esportaziorako kreditua, Sendotu, Aurrera, etab.).
- Bere kreditu-jarduera 2 eta 5 milioi euro arteko eragiketetan kontzentratzea, finantza-erakundeekin batera inbertitzeko estrategiei jarraituz.
Berrantolaketa horren ondoriozko egoera berrian, Finantzen Euskal Institutuak eginkizun nuklearra bete behar duela zehazten da, eta funtsezko erakundea izango da azaldutako helburuak lortzeko planteatutako jarduerak abian jarri eta egikaritzeko. Horretarako, bere eginkizunak bete beharko ditu, bai finantza-arriskuen esparruan, bai sistema alderdi teknikoetan koordinatzeari dagokionez (besteak beste, dauden programak kudeatzea, lerro berriak garatu eta kudeatzea Eusko Jaurlaritzako sailekin, partaidetzak kontzentratzea eta koordinazio-funtzioa zentralizatzea). Bestalde, Finantzen Euskal Institutuaren esku-hartzea euskal garapen ekonomikorako balio erantsi handiagoko esparruetan oinarrituko da.
FEIren lege berrian egungo egoeraren inguruan planteatzen diren aldaketak sartzeko, eginkizun berriak hartzen dira kontuan, hala nola lurralde-esparrua aldatzea, eta aurreikusten da hedatzeko eta nazioartekotzeko helburuarekin jarduketa-esparrua Euskaditik kanpo zabaldu ahal izango dela egoitza soziala eta fiskala Euskadin duten enpresentzat. Gainera, pertsona fisikoei finantzaketa eman ahal izango zaie Eusko Jaurlaritzaren politika sektorialen esparruan.
Horrekin batera, enpresa ez-finantzarioetan parte hartzea aurreikusten du, horiek sustatzeko eta errotzeko, baita inbertsio kolektiboko erakundeetan eta enpresa ez-finantzarioen finantzaketa erraztuko duten fundazioetan parte hartzea ere, zehazki EBBetan eta kredituko finantza-establezimenduetan, eta finantza-merkatuetan edo antzekoetan diharduten erakundeetan.
Azkenik, zehazten da inbertsio kolektiboko erakundeen eta arrisku-kapitaleko erakunde edo funtsen kudeaketan eta gobernu-organoetan ekarpenak egin eta parte har daitekeela.
Beste alderdi garrantzitsu bat Euskadiko finantza- eta inbertsio-sektorea bultzatu eta indartzea da, FEIren zeregin nuklearraren kontzeptua sendotuta, eta bere eginkizunen artean sartzen da sozietateak eratu ahal izatea Eusko Jaurlaritzak lehentasunezkotzat jotzen dituen sektore edo esparru ekonomikoetan biltzeko EAEko finantza- eta ondare-partaidetzak.
Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen Legea
Lege-testu honi dagokionez, segurtasun juridikoa sendotzeko, bai dirulaguntza publikoen kudeaketaz eta kontrolaz arduratzen diren organoena, bai hartzaileena, zalantzak uxatzeko eta azken 25 urteotan sortu diren interpretazioei buruzko irizpideak bateratzeko, Lege berri honi ekin zaio, erregulazio osoa eta integratua jasotzen duena, era berean gastu publikoaren kudeaketaren efizientzia- eta eraginkortasun-mailak areagotzeko helburuarekin.
Berrikuntzen artean, sustatu egiten da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa betetzea, baita kolektibo minorizatuena ere, eta ezartzen da ezin izango dela inolako laguntza edo dirulaguntzarik eman zentzu horretan diskriminatzailea den ezein jardueratan. Halaber, oro har, ingurumen-ikuspegia txertatu behar da dirulaguntza publikoetan, eta oinarri edo arau erregulatzaileetan Euskadiko natura-ondarearen kontserbazioa sustatzeko neurriak sartu behar dira balorazio-irizpideen eta pertsona fisiko edo juridiko onuradunen betebeharren artean.
Ezingo dira onuradun izan sexu-bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak zehapenean ezarritako epean. Era berean, ezingo dira onuradun izan ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik zigortutako pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuak, ebazpen irmoaren administrazio-bidean, harik eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena bete arte. Era berean, ezingo dira onuradun izan desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota betetzen ez dutenak.
Jatorrizko lege-proiektuari dagokionez, nobedade gisa, aurreikusten da jasotako laguntzak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharra erregulatzea justifikaziorik gabe deslokalizatzen diren enpresentzat, Euskadin jarduera utzi edo nabarmen murriztuta eta aldi berean kanpoan garatuta deslokalizatzen direnentzat, alegia.
Deslokalizazio-deklarazioak aurreko zortzi urteetan jasotako zenbatekoak itzultzeko betebeharra ekarriko du enpresarentzat, dagokion berandutze-interesarekin batera. Deklarazio horrek, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek zortzi urteko epean emandako laguntzak jasotzeko ezintasuna ekarriko du deslokalizazio-deklarazioa egin zaien enpresentzat eta haien bazkideentzat.