Hauteskundeak 2024
qrcode

Mendia Lehendakariordeak nabarmendu du Enplegu Legeak lan duinaren irizpidea Euskadiko politika publiko guztietan sartzera behartzen duela

2023-12-21
  • "Oinordetzan utzi nahi ditugun politikak antolatzen zituen lege batetik oinordetzan utzi nahi ditugunak definitzen dituen lege batera igaro ginen, eskubide gehiagorekin eta zerbitzu publiko indartsu batekin"
  • Legeak lan-orientaziorako eta -aktibaziorako eskubide subjektibo gisa jasotzen ditu leihatila eta lan-historia bakarrak, gobernantza partekatua eta udalen funtsezko zeregina

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuaren ustez, Euskadik duen lehen Enplegu Legeak balio estrategikoa du etorkizunerako; izan ere, besteak beste, lan duinaren ikuspegia jasotzen du aurrerantzean diseinatuko diren politika publiko guztietan, eta, horrez gain, lan-orientaziorako eta -aktibaziorako eskubide subjektiboa, leihatila bakarra eta lan-historia bakarra, gobernantza-eredu partekatua eta udalen funtsezko zeregina txertatzen ditu.

Mendiak hiru urte hauetan eragile sozial eta ekonomikoekin landutako testuaren aldeko botoa eskatu du ostegun honetan, bere garaian Ganberan 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian adostutako irizpideetatik abiatuta eta Legebiltzarrean hamarkada batez eztabaidatu ondoren. "Dena kontuan hartu dugu eta ez gara ados jarri gai guztietan", onartu du, baina gogorarazi du lehen aldia dela enpleguaren arloan autogobernua garatzen duen lege bat bozkatzen eta onartzen dela, eskubideetan aurrera egiteko eta Lanbideren zerbitzu publikoa indartzeko.

Legeak, hasteko, lan duina definitzen du, eta ezartzen du Euskadiko botere publiko guztien programa, plan eta arau guztiek ikuspegi hau izango dutela: bidezko soldata, segurtasuna, gizarte-babesa, garapen pertsonalerako ikuspegiak, parte-hartzea, aukera-berdintasuna eta aniztasunaren inklusioa bermatuko dituena. Berrikuntza hori Berdintasunerako Legearen eraginarekin parekatu da. "Ireki nahi izan dugun enpleguaren fase berrirako etorkizuneko blindajea da", nabarmendu du, eta laster indartuko da Itun Sozial baten bidez, "eragile instituzional, sozial, ekonomiko eta akademiko guztiak zeregin horretan konprometituko dituena".

Lehendakariordeak adierazi du Saila pozik dagoela lege honekin legegintzaldiko konpromiso guztiak betetzen direlako, eta ikuspegi integrala eta erakunde guztien eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren erabateko lankidetza lortu delako. Azaldu duenez, "ez genuen makillaje bat nahi, baizik eta politika berriak bultzatu eta Lanbideri buelta eman, bizi dugun iraultza sakonarekin bat etorriz". "Horregatik", laburbildu du, "oinordetzan jasoako politikak antolatzen zituen Lanbideren Lege batetik Enplegu Lege batera igaro gara, herentzian utzi nahi ditugun politikak definitzeko, eskubide gehiagorekin eta eskubide horiek bermatuko dituen zerbitzu publiko batekin, izan nahi dugun Euskadirentzat: inor atzean utzi gabe aurrera egiten duena".

Eskubideak zabaltzea, zerbitzu publikoa eta gobernantza

Lehen Euskal Enplegu Legeak bat egiten du Europako Estrategiarekin eta Eskubide Sozialen Europako Zutabearekin, herritartasun-eskubideak zabaltzearekin hasita. Mendiak zehaztu duenez, Lanbiden izena emanda dagoen edonork eskatu ahal izango du diagnostiko pertsonala eta lanerako prestakuntza, orientazio eta aktibaziorako plan indibidualizatua, enplegagarritasuna hobetzeko "neurrira egindako fitxa", berdintasunean sakontzen duena, lan hobea lortzea "poltsikoaren araberakoa izan ez dadin."

Hori lortzeko, zerbitzu publikoaren zeregina indartu egiten da, "publikoak bakarrik bermatzen dituelako eskubideak" eta, Lanbide murgilduta dagoen eraldaketa prozesuari esker, euskal enplegu zerbitzuak modu egokian egin ahal izango duelako langileek eskaintzen dutenaren eta enpresek eskaintzen dutenaren arteko prospekzio-, laguntza- eta lotura-lana. "Gai hori estrategikoa da Euskadiren berdintasunean eta lehiakortasunean. Gure ekoizpen-sarea modernizatzea ez da soilik teknologian inbertitzea. Batez ere pertsonengan inbertitzea da, guztietan, kualifikazio handiagoko, tarteko kualifikazioko eta are kualifikazio txikiagoko talentu bakar bat alferrik galdu gabe. Gure aurrerapenaren funtsezko hitza etengabeko kualifikazioa da, eta pertsona guztiek izango dute hura eskuratzeko aukera, Lanbideren berme publikoarekin", Lehendakariordeak berretsi duenez.

Helburu horrekin berarekin, Legeak gobernantza-eredu partekatu bat ezartzen du Aldundiekin eta Udalekin. Enpleguko Politika Publikoen Euskal Kontseiluan bilduko dira, eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiarekin osatuko da. Ildo horretan, udalerrien funtsezko zeregina nabarmentzen da. Izan ere, udalerriek beren premien araberako estrategiak egingo dituzte beren eremuetan, hiru urtera, eta finantzaketa-bermea izango dute.

Plangintza-koordinazio horren ondorioz, Enpleguaren Euskal Sarea sortuko da. Sare horren bidez errazagoa izango da Lanbideren pertsona eta enpresa erabiltzaileentzat, lurralde-leihatila bakarrarekin eta Euskadirentzat komuna den leihatila batekin, non pertsona bakoitzaren lan-historia bakarra partekatuko baita.

Legeak, halaber, Lanbideren figura juridikoa eraldatzea ekarriko du, zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtuko baita. Ildo horretan, eta zenbait esparrutan eragin duen gaitzespenaren aurrean, Lehendakariordeak erabat errefusatu du pribatizazioa izatea, eta gogorarazi du talde eta eragile sozial eta ekonomiko guztiek bat egiten zutela zerbitzu publikoak, erakunde autonomo gisa, ez zituela betetzen sortu zeneko helburuak. "Gure eredua Lanbidek funtziona dezan da", azpimarratu du, eta langile guztien espezializazioaren bidez egin nahi du, eta berriro ere eskerrak eman dizkio denbora horretan egindako ahaleginagatik eta inplikazioagatik.

Era berean, Lehendakariordeak argitu du Legeak lehen aldiz irekitzen dizkiela ateak kooperatibei Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko, eta, horretarako, "hori posible egingo duen akordioa sustatuko dela ordezkaritza duten enpresa-erakundeen artean".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak