Ertzaintzak arretaz jokatzeko eskatzen du San Tomas eta Eguberri jaietan gerta litezkeen lapurreten eta ebasketen aurrean
Datozen San Tomas eta Eguberri jaiei begira, Ertzaintzak herritarrei eskatzen die arreta handiagoa jar dezatela kalean, orokorrean, eta jendea pilatzen den lekuetan, bereziki, gertatu ohi diren lapurreten eta ebasketen aurrean. Ertzaintzak eta udaltzaingoek prebentziozko dispositibo bereziak aurreikusi dituzte ahal den neurrian era horretako delituak egitea eragozteko.
San Tomas eta Eguberri jaiak hurbiltzen ari direnean, Ertzaintzak herritarrei eskatzen die arreta handiagoa jar dezatela egun hauetan bereziki areagotzen diren lapurretak eta ebasketak eragozteko.
Diru-zorroen, poltsen eta mugikorren lapurretak jende asko pilatzen den lekuetan gertatzen dira batez ere, hau da, azoketan, ostalaritzako lokaletan eta jai-esparruetan. Hori dela eta, herritarrei gomendatzen zaie datozen asteotan arreta berezia jartzeko euren gauza pertsonalen gainean, eta leku isolatuetara ez apartatzen saiatzeko zaurgarritasun-egoerak saihesteko.
Bestalde, egun horietan ez da alde batera utzi behar etxeetako segurtasuna (batez ere bizitza bakarreko etxeetan, etxabeetan edo lehenengo solairuetan), ezta ibilgailuetakoa ere, eta ez dira agerian utzi behar lapurtu litezkeen balioko objektuak.
Ebasketei eta lapurretei aurre egiteko gomendioak:
- Gauza pertsonalak, telefono mugikorrak, diru-zorroak, agiriak eta abar txamarra edo poltsa barruko konpartimentuetan edo poltsikoetan gordetzea komeni da. Objektu horiek ez dira agerian utzi behar, ez mahai gainean ez karteristen eskuera.
- Poltsa beti ondo helduta eta gorputzari erantsita eraman behar da, indarrez tira egin eta kentzea saihesteko. Ahal dela, lepotik urrezko katea indarrez tira eginda kentzea ere prebenitu behar da.
- Jende asko dagon lekuetan, ez fidatu gure ondoan jartzen diren pertsonez, batez ere jarrera susmagarriren bat nabaritzen badugu edo eskuetan arropa tolestu bat badaramate disimulatzeko.
- Kutxazain automatiko batetik dirua ateratzera bagoaz, gorputzarekin oztopatu behar da kanpoko pertsonek gakoa ikustea tekleatzen dugunean, eta dirua lehenbailehen gorde behar da, gure eskuetan erakutsi gabe.
- Garrantzitsua da lagun-taldetik ez aldentzea, eta, are gutxiago leku apartatuetara edo argi gutxi dagoen lekuetara. Beti norbaitekin egotea komeni da, indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurreten edo beste delitu batzuen egileak biktimaren zaurgarritasunaz baliatzen baitira hau bakarrik dagoenean.
Etxeetan lapurretak saihesteko gomendioak:
- Oporrengatik edo beste arrazoiren batengatik etxetik alde egin behar baduzu, ez esan ezezagunen aurrean ezta sare sozialetan ere. Ziurtatu atea ondo itxita utzi duzula, eta ez utzi etxean ez zaudela jakinarazteko abisurik atean ez eta mezurik ere erantzungailu automatikoan.
- Arretaz begiratu ateetan markatzailerik edo seinalerik dagoen.
- Eskatu familiarteko edo bizilagunen bati posta jasotzeko eta pertsianak ireki edo ixteko. Konfiantzazko norbaiti esan behar izanez gero non aurkitu ahal izango zaituen.
- Segurtatu leihoak eta bestelako sarrerak beheko solairuetan eta bizitza bakarreko etxeetan; gauza bera egin teilatuko edo garajeko ateekin, eta beti itxaron itxi arte.
- Garrantzitsua da larrialdietako 112 telefono-zenbakira, Ertzaintzara edo Udaltzaingora deitzea bizilagunen etxean mugimendu arraroak edo normalak ez diren hotsak entzunez gero edo komunitate edo urbanizazioetan pertsona susmagarriren bat ikusiz gero.
- Lapurrekin topo eginez gero, ez zaie aurre egin behar eta berehala deitu behar da 112 telefono-zenbakira.