Eman odola!
qrcode

Gogora Institutuak Ordena Publikorako Auzitegi frankistaren inguruko solasaldia egin du Donostian

2023-12-19

Gasteiz, 2023/12/19

Gogora −Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren eskutik ‘TOP 60 urte, euskal gizartean eragin zuena aztergai’ hitzaldia izan da gaur arratsaldean Donostiako San Telmo Museoan.

San Telmo Museoaren laguntzarekin, Gogora Institutuak espezialistak eta Frankismoko Ordena Publikorako Auzitegiak prozesatutako pertsonak bildu ditu. Aurkezpenean, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok nabarmendu du garrantzitsua dela auzitegi horrek 1963tik 1977ra bitartean izandako jarduera ikertu eta sakontzea.

Aintzane Ezenarrok Gogora Institutuak eta Kultura Ministerioak sinatutako hitzarmena izan du hizpide, Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroan gordetzen den Ordena Publikoaren Auzitegiko (TOP) dokumentazioa eskuratu, digitalizatu eta ikertzeko. Ikerketak aukera emango du frankismoaren garai hartako errepresioaren neurria zehazteko eta diktaduraren aurkako langile- eta gizarte-mugimenduak ezagutzeko.

"Ekitaldi hau errepresioari aurre egin eta oinarrizko askatasunak eta eskubideak defendatu zituztenentzat omenaldia izatea ere gustatuko litzaiguke, ekintza zibikoen eta demokratikoen bidez, egin zioten aurre errepresio frankistari, askotan oso prezio altua ordainduta. Horietako batzuk gaur hemen zaudete gainera"esan du Aintzane Ezenarrok.

Solasaldian Juan José del Águila, abokatu laboralista, magistratua eta Zuzenbidean doktorea, ‘El TOP: la represión de la libertad (1963-1977)" liburuaren egilea, Pedro Ibarra, abokatu laboralista eta Josu Chueca, UPV-EHUko Historia Garaikideko irakaslea, izan dira.

Hitzaldira bertaratu direnen artean, auzitegi frankistak auzipetutako dozena bat pertsona ere bazeuden.

Ikerketa-proiektua

Gogora Institutuaren eta Kultura Ministerioaren arteko hitzarmenak 1963 eta 1977 bitartean auzitegi horren bidez euskal herritarren aurka hasitako sumario guztiak biltzea eta aztertzea jasotzen du. Lehen hurbilketa bati esker jakin ahal izan da auzotasuna Euskadin duten pertsonen 3.000 prozesu baino gehiago daudela. Hala ere, helburua da hiru lurralde historikoetako pertsona naturalen sumarioetara ere iristea.

Ikerketa-proiektu hau TOP sortu zenetik 60 urte bete direnean iritsi da− joan den abenduaren 2an bete zen urteurrena− eta ekarpen garrantzitsua izango da frankismo garaiko eta Trantsizioaren hasierako egia argitzeko, aldi horretan Euskadin jasandako errepresioaren dimentsio eta ezaugarri gehienak ezagutzeko aukera emango baitu. Gainera, dokumentazio hori eskuratu ahal izatea funtsezkoa da diktaduraren aurkako gizarte-mugimenduen eta dinamika politiko eta kulturalen historia berreskuratzeko. Dokumentazio horren azterketa ‘Gerra Zibilean eta Frankismoan (1936-1978) izandako giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostenean’ txertatzen da.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2023-12-19

    Comentario de Twitter:
    🗣️ Con Juan José del Águila, abogado laboralista, magistrado y doctor en Derecho, autor del libro ‘El TOP: la represión de la libertad (1963-1977)’; Pedro Ibarra, abogado laboralista; y Josu Chueca, profesor de Historia Contemporánea de la UPV-EHU

    👉https://t.co/EjSZpJ8Oio

  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2023-12-19

    Comentario de Twitter:
    👮🏻 Gogora Institutuaren eskutik ‘TOP 60 urte, euskal gizartean eragin zuena aztergai’ hitzaldia izan da gaur arratsaldean Donostiako San Telmo Museoan 

    #GOGORA #Memoria #TOP #Tribunal #OrdenPublico #Frankismoa  🧵1

    👉https://t.co/CB0TnBy6qw https://t.co/PCU2LQouy0

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak