Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Adinekoen ikuspuntua kontuan hartzen duen hiri-eredu berri baten bideragarritasuna aztertu dute adituek

2012.eko otsailak 08

 

  • Gemma Zabaleta sailburuak zahartze aktiboari buruzko "EUSKADI LAGUNKOIA, guztiontzako lurralde bat" jardunaldia inauguratu du Bilbon.

Inoiz baino urte gehiagotan eta osasun hobearekin bizi gara. Euskadin bizi‑itxaropena bikoiztu egin da azken ehun urteetan, eta Eustatek egiten dituen prospekzioen arabera, hogei urte barru gizartea zahartuta egongo da, eta herritarren laurdenak 60 urtetik gorakoak izango dira -orain 65 urtetik gorakoak herritarren % 19,2 dira-. Baliteke joera hori hor ez geratzea, eta horrek erronka berrietara garamatza zahartze-demografikoaren fenomenoaren azterketan, non formula berritzaileak bilatzen diren, zaharrei gizartearen garapenean parte-hartze aktiboa ematen zaien eredua eraikitzeko.

Enplegu eta Gizarte Gaeitako Saila hainbat egitasmo garatzen ari da aspalditik zahartze-aktiboari lotuta, eta adinekoei zuzendutako politiken planifikazioan perspektiba berri horrek giza talde horren autonomiaren sustapena, haien nahiaren errespetua eta gizarte-konpromisoa jasotzen ditu.

Proiektu horietako bat,  hain zuzen ere Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) "ingurune lagunkoak" kontzeptuari lotuta sustatzen duena, aztertzeko bildu dira gaur Bilbon sektoreko hainbat aditu, Gemma Zabaleta sailburuak "Zahartze Aktiboaren eta belaunaldien arteko elkartasunaren Europako Urtearen"  testuinguruan inauguratu duen lan-jardunaldiaren kariaz. Jardunaldian zehar zahartze aktiboaren fenomenoa aztertuko da, batetik, eta OMEak  "ingurune lagunkoiak" egitasmoan proposatzen duen kontzeptua Euskadi osora zabaltzeko aukeraren bideragarritasuna, bestetik ("EUSKADI LAGUNKOIA, guztiontzako lurralde bat")  

"Ingurune lagunkoiak" nazioarteko ekimena da, hiriei laguntzea helburu duena, herritarren zahartze azkarraren eta etengabe hazten ari den urbanizatzearen aurrean; horretarako, zaharren ikuspegia txertatzen da hirigintzaren plangintzan, ingurunean, etxebizitzen eraikuntzan, irisgarritasunean eta hiru-guneetako mugikortasunean, besteak beste. Euskadiko zenbait hirik, adibidez Donostiak eta Gasteizek, bat egin dute ekimen horrekin, hiriak herritarrei bizi‑kalitatea eta segurtasuna eskeintzea helburu hartuta.

Bere hitzaldian Gemma Zabaletak adierazi duenez, beharrezkoa da adinekoek herriaren gizarte-garapenari egiten dioen ekarpena balioestea eta giza talde hori mendetasunari eta gaixotasunari lotuta ulertzen duten estereotipoak ezabatzea. "Adinekoek familiaren eta gizartearen dinamikan duten protagonismoa aintzat hartzea da geure etorkizuna prestatzeko modu logikoena", azpimarratu du sailburuak.

Horren ildotik, beharrizanak estaltze hutsean oinarritutako plangintza-politika ordezkatzen du zahartze aktiboak; izan ere, adinekoak objektu pasibo gisa hartzen dituen plangintzaren ordez, haien eskubideetan eta garapen pertsonalean oinarritutakoa ezartzen da.

Gizarte-kohesioa, ardura partekatua eta belaunaldien arteko elkartasuna sustatzeko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak dituen ekimenen artean, aipagarria da "Zahartzen diren pertsonen ongizatean eta tratu onean aurrera egiteko ehun proposamen" dokumentua, herri-administrazioen eta Euskadiko elkarteen ordezkarien partaidetzarekin idatzitakoa. Dokumentuan planteatzen denez, beharrezkoa da, gizarte- eta osasun-zerbitzuek ez ezik, bestelako kudeaketa esparruek ere (hezkuntza, garraioa, hirigintza, kultura, turismoa, ingurumena eta merkataritza, besteak beste) beren zerbitzuak pertsona guztien beharrizanetara egokitzea, haien adina edo gaitasun funtzionala edozein dela ere.

Zahartze aktiboaren ildotik sailak dituen beste ekimenen artean daude Berrikuntza Soziosanitarioko Zentroa, etxez etxeko zaintzarako Etxean Ondo esperientzia pilotua eta Beti ON Euskadiko telelaguntza aurreratuko zerbitzua.  

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)