Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoko Baso Suteetarako Larrialdi Plan Berezia eguneratzeari ekin dio

2023-12-19
  • Dokumentuak baso-eremuan sua piztean eragina izan dezaketen aldagai guztiak jasotzen ditu, bai eta horiek arintzen lagundu dezaketen prebentzio-neurri operatiboak ere

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea eta Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria buru direla elkartu den Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoko Baso Suteetarako Larrialdi Plan Berezia eguneratzeari ekin dio. Dokumentu horrek zehatz-mehatz jasotzen ditu aldagai orografikoak, meteorologikoak, klimatologikoak eta operatiboak, bai eta horien ondorioak arintzen lagunduko duten foru-mailako eta tokiko jarduera-planekin lotutako alderdiak ere.

Plan horrek Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren ekarpen berriak jasotzen ditu, era horretako gertakarien prebentzioan eta kudeaketan oinarrituak. Alde horretatik, Batzordeak Meteorologia-fenomeno kaltegarriak iragartzeko, horien segimendua egiteko eta esku hartzeko protokoloa ere jaso du. Dokumentu horretan muturreko meteorologiari lotutako abisuak/alertak/alarmak sortzeko prozedura garatzen da.  

Bertan ezartzen dira, besteak beste, parte hartzen duten erakundeen artean informazioa trukatzeko mekanismoak, horien jarraipena egiteko, organismoak eta erakundeak aktibatzeko neurriak zehazteko eta, oro har, euskal herritarrei informazioa emateko haiei aurre egiteko lehenengo prebentzio-jarduerak gauza daitezen.

Gainera, Batzordeak Zibersegurtasunaren arloko jarraipen-planak egiteko aginduaren berri ere eman du. Horren helburu nagusia da Euskadiko sektore, jarduera, zentro, establezimendu edo azpiegitura sentikorren segurtasun informatikoarekin lotutako ekitaldietan aholku ematea.  

Era berean, Autobabes-planak egiteko gaitutako teknikarien akreditazioa arautzen duen Segurtasuneko sailburuordearen aginduaren aldeko txostena ere eman du.

Azkenik, Mendaroko (Gipuzkoa) udalerriko Larrialdietako Plana eta HUTTENES ALBERTUS ILARDUYA SLU (Zornotza) enpresaren Kanpoko Larrialdietako Plana azaldu dira, bai eta beste enpresa hauen kanpoko larrialdietako plan berrien eguneraketak ere: GENERAL QUÍMICA SAU (Lantaron), GUARDIAN LLODIO UNO SL, MAIER S.COOP (Ajangiz), BILBAINA DE ALQUITRANES SA (Barakaldo), PETRÓLEOS DEL NORTE, SA PETRONOR (Muskiz), EXOLUM EL CALERO SA, REPSOL BUTANO PORT SL, DBA BILBAO PORT SL, eta ESERGUI-AVIA SA (guztiek Santurtzin dute egoitza), eta TERMINALES PORTUARIAS SLU TEPSA eta WEYLCHEM BILBAO SLU (biek Zierbenan dute egoitza).

BATZORDEKO KIDEAK

Euskadiko Babes Zibileko Batzordea erakundeen arteko organo bat da, eta batzordekideak Segurtasun Saila, Osasun Saila, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, Lehendakaritza, hiru foru-aldundiak, EUDEL–Euskadiko Udalen Elkartea eta Estatuak EAEn dituen ordezkariordetzak dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)