Hauteskundeak 2024
Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak larrialdietako merezimenduen dominak emango dizkie 2023an babes zibilaren arloan egindako lanagatik nabarmendu diren 12 pertsonari

2023-12-18
  • Era berean Acción Norte GKEak egindako lana ere aitortuko du
  • Ekitaldia datorren otsailaren 11n egingo da, 112ren Europako Egunarekin bat etorriz

Gaur argitaratu dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2023an gizarte-lan solidarioa egin zuten edo babes zibilaren arloan merezimenduzko ekintzak egin zituzten pertsonei Jaurlaritzak egindako aitorpenak. Oraingo honetan, Gobernuak emango ditu Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduzko 12 domina (guztiak bereizgarri berdekoak), plaka-diploma bat Gasteizko Acción Norte Elkartearentzat eta 35 diploma aurtengo ekitaldian zerbitzuan 10 eta 25 urte bete dituzten babes zibilaren arloko boluntarioentzat.  

Bereizgarri gorriko domina pertsonak edo ondasunak arriskuan jarri dituen larrialdi-egoera batean aparteko karra, ausardia, gizatasuna edo gizarte-elkartasuna erakutsi duten ekintza edo jarduera bikainen kategoriari dagokio.

Bestalde, bereizgarri berdeko domina, besteak beste, larrialdi egoera batean pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen edo larrialdiaren ondorioak murrizten laguntzeko erabakigarriak diren eta herritarrek egin dituzten, eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dieten, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo egitateak saritzeko da.

BEREIZGARRI BERDEDUN 12 DOMINA

  1. 2023ko martxoaren 30ean, zerbitzutik kanpora zegoen ertzain batek BBB bat egin zion Eibarren (Gipuzkoa) bihotz-biriketako geldialdia izan ondoren konbultsioak zituen gizon bati, eta bizia salbatzea lortu zuen.
  2. 2023ko martxoaren 30ean, Victoria Eugenia Bustillo Casarek erabakigarritasunez esku hartu zuen Portugaleten arraza arriskutsuko txakur bat eraso egiten ari zitzaion 9 urteko adingabe bat babesteko. Victoriak lortu zuen txakurrak haurrari jaramonik ez egitea, haren arreta erakarriz, eta, horren ondorioz, txakurra oldartu egin zitzaion eta zauriak eragin zizkion.
  3. 2022ko azaroaren 28an, Iñigo Malax-Echevarria Uribek erabakigarritasunez esku hartu zuen Algortako (Getxo) Satistegi kaleko trasteleku batzuetan piztutako sutean, trasteleku horien barruan zegoen bizilagun bat erreskatatzera joan zenean. Sugarrek ke handia sortu zuten arren, Iñigok kaltetutako pertsona aurkitu zuen eta arropetatik tiraka kanporantz abiatu zen. Ekintza horretan, bien bizia salbatzeko bizia arriskuan jarri zuten bi ertzainen laguntza izan zuen.
  4. 2022ko azaroaren 28an, Ertzaintzako agente batek modu erabakigarrian esku hartu zuen Algortako (Getxo) Satistegi kaleko trasteleku batzuetan piztutako sutean, trasteleku horien barruan zeuden bi bizilagun erreskatatzean.
  5. 2022ko azaroaren 28an, Ertzaintzako agente batek modu erabakigarrian esku hartu zuen Algortako (Getxo) Satistegi kaleko trasteleku batzuetan piztutako sutean, trasteleku horien barruan zeuden bi bizilagun erreskatatzean.
  6. 2023ko otsailaren 12an, Madril-Bilbo bidea egiten ari zen autobus bateko gidariak ondoeza izan zuen Lerman (Burgos), orduko 100 kilometrotik gorako abiaduran zihoanean. Ibilgailua aldaroka ibili zen, harik eta bidaiari batzuek, tartean Jon Iker Garay Canelón bizkaitarrak, bolantearen kontrola hartu zuten arte, eta ibilgailua zerbitzugune batera arte gidatzea eta bertan aparkatzea lortu zuten.
  7. 2023ko otsailaren 12an, Madril-Bilbo bidea egiten ari zen autobus bateko gidariak ondoeza izan zuen Lerman (Burgos), orduko 100 kilometrotik gorako abiaduran zihoanean. Ibilgailua aldaroka ibili zen, harik eta bidaiari batzuek, tartean Aitor Zurinaga Goikoetxeak, bolantearen kontrola hartu zuten arte eta ibilgailua zerbitzugune batera arte gidatzea eta bertan aparkatzea lortu zuten.
  8. 2023ko ekainaren 8an, Borja Zapata Fidalgok Portugaleteko Burdinazko Kaiaren parean bere burua itsasadarreko uretara bota zuen gizon baten suizidioa eragozten lagundu zuen. Borjak bizirik mantendu zuen, eta ahalegin handia eginez eutsi zion harkaitzetan, harik eta larrialdietako zerbitzuek erreskatatu zuten arte operazio zail baten ondoren. Berez, gero Borja osasun-zerbitzuek artatu zuten, ebakiak baitzituen gorputz-adarretan.
  9. 2023ko uztailaren 11n, praktiketan zegoen Ertzaintzako agente batek, zerbitzutik kanpora zegoela, Bilboko Arrigunaga auzoan emakume batek bere buruaz beste egitea eragotzi zuen, honek bikotekidearekin zuen borrokan bitartekari lanak egin ondoren. Emakumeak sukaldeko labana bat zeraman bere buruari min egiteko asmoz.
  10. 2023ko apirilaren 30ean, Bizkaiko Trafiko Unitatean lan egiten zuen Ertzaintzako agente lehen batek Arrontegiko zubitik bere burua bota nahi zuen gazte baten bizia salbatzea lortu zuen, harekin hitz egin ondoren. Agenteak patruila-kide baten eta Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko suhiltzaileen laguntza izan zuen.
  11. 2023ko otsailaren 5ean, erizaintzako hirugarren mailako ikasle batek, Andrea Gómez Olivenzak, modu erabakigarrian esku hartu zuen Gasteizko diskoteka batean lau pertsona sastakatu zituztenean, sabelean zauri larriak zituen gazte bati tornikete bat jarriz.
  12. 2023ko otsailaren 5ean, erizaintzako hirugarren mailako ikasle batek, Uxue Suing Bermejok, modu erabakigarrian esku hartu zuen Gasteizko diskoteka batean lau pertsona sastakatu zituztenean, sabelean zauri larriak zituen gazte bati tornikete bat jarriz.

1 PLAKA-DIPLOMA

Gasteizko Acción Norte Elkartea suhiltzaile profesionalek osatzen dute. 2023ko otsailaren 8an, GKE horretako zortzi kide Turkiara abiatu ziren lurrikarak eragindako egitura kolapsatuetatik biktimak erreskatatzen laguntzera.

Era berean, irailaren 12an, Daniel zikloiak eragindako hondamendia zela eta, Arabako erakunde horretako hamar kide Libiara abiatu ziren, Derna hirian botatako euriteen ondorioz urak eramandako edo egitura kolapsatuetan harrapatuta geratutako pertsonak bilatzen eta erreskatatzen laguntzeko.

ZERBITZUAN 10 URTE BETE DITUZTEN BOLUNTARIOAK AINTZATESTEKO 35 DIPLOMA

  • 25 diploma zerbitzuan 10 urte betetzeagatik.
  • 10 diploma zerbitzuan 25 urte betetzeagatik.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak