Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

IBIL Zentroa Inagurazioa

2012.eko otsailak 08

Bernabé Unda Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburua ibilgailu elektrikoen Espainiako lehen kontrol-zentroaren inaugurazioaren buru izan da; zentro horri esker Ibil sozietateak bere karga-sarea denbora errealean monitorizatu ahal izango du, bere hedapen-plan handia osatzeko.

"Berrikuntza zarete, berrikuntza garbi-garbia", adierazi die sailburuak Eusko Jaurlaritzak (Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez) eta Repsolek 2010ean eratu zuten Ibileko kideei, Espainiako mota honetako lehen zentroaren eta Europako lehenengoetako baten estreinaldian. Instalazio berriari esker (Barakaldoko -Bizkaia- BEC Dorrean dago) konpainiak "kalitate eta segurtasun handiagoko zerbitzu bat eman ahal izango die bere bezeroei", arduradunek nabarmendu zutenez. Gune horretatik Ibil sozietateak zerbitzu publikorako nahiz partikularrentzat edo enpresentzat instalatutako karga-puntu guztiak, Ibilek car-sharingeko bere filialaren ibilgailuak (urtarriletik aurrera martxan dagoen ibilgailu elektrikoen errentamendua) eta elektrizitate berriztagarria erosteko baldintzak kontrolatuko dira.

Inaugurazio-ekitaldira 200 pertsona baino gehiago bertaratu dira, besteak beste, Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua, Josu Jon Imaz Repsol Nuevas Energías sozietatearen zuzendaria, Emiliano López Atxurra Ibil-en presidentea eta Ibil-ekin lankidetza-akordioak sinatu dituzten automozio-enpresen arduradun gorenak: Renault España sozietatearen zuzendari nagusi Armando García Otero jauna; Peugeot España sozietatearen zuzendari nagusi Antonio González jauna; Nissan Ibérica sozietatearen kontseilari eta zuzendari nagusi Manuel de la Guardia jauna; Berge y Cia sozietatearen presidente Jaime Gorbeña  Yllera jauna; General Motors  España sozietatearen erakundearteko harremanen zuzendari José María Garrido jauna, eta Toyota España sozietatearen korporazio-gaien zuzendari Karl Van Dijck jauna. Eroskiren presidente Agustin Markaide ere bertaratu da, IBIL sozietateak akordio bat sinatu zuen Eroskirekin karga-puntuak instalatzeko enpresa horren supermerkatu eta merkataritzaguneetan.

Bertaratuek, kontrol-zentro berria bisitatzeaz gain, aipatutako markak gaur egun merkaturatzen ari diren eta Ibil sozietatearen egoitzaren ondoan erakusgai jarri diren eredu elektrikoak ezagutzeko aukera izan dute. Kontrol Zentroari dagokionez, zentro horretan operadorearen bi postu, laguntzako bi postu eta krisi-areto bat daude; baita "videowall" bat ere, operadoreen eta langileen artean informazioa erraz partekatu ahal izateko eta bertan mapak, irudiak, estatistika-kurbak eta kalitate grafiko handiko datuak erakutsi ahal izateko.

Sistema horrek Ibil-en bi negozio nagusiak, kargatzeko azpiegitura eta Ibilek filialaren esku dagoen car-sharingeko sistema kontrolatzen ditu.

Lehenengoari dagokionez, sistemari esker kokapen-mapetan sartzeko aukera dago, karga-puntu bakoitzaren egoera monitoriza daiteke, kokapen bakoitzeko terminalen eskematikoetan sar daiteke (errealitate handituan) eta edozein gertakari jazotzen bada edo bezeroren batek eskatzen badu, terminaletan zuzenean esku har daiteke. Kudeaketa-sistemak terminal bakoitzean egindako eragiketa guztiak erregistratzen ditu, eta erabiltzaile bakoitza bere kontsumoekin eta dagozkion fakturekin lotzen du.

Bezeroak Internet edo mugikor bidez konekta daitezke sistemarekin, eta dagokien erabiltzaile-eremuan sar daitezke beren kargei buruzko informazio zehatza lortzeko eta puntu publikoak aurretiaz erreserbatzeko.

Ibilek enpresak ematen duen car-sharing zerbitzu elektrikoari dagokionez, kudeaketa-sistemari esker hartuneen kokapena eta egoera ikus daiteke, baita ibilgailu bakoitzaren kokapena, bateriaren karga-egoera eta bezeroek egindako erreserbak ere. Kontrol-zentrotik hainbat esku-hartze egin daitezke ibilgailuetan, esate baterako, ibilgailuaren ateak ireki edo itxi daitezke, edo bezeroei erabiltzeko baimena eman dakieke.

Bi kasuetan, alertak jaso daitezke arazoak eta/edo gorabeherak konpontzeko aurretiazko eta funtsezko prozesu gisa. Gainera, energia elektriko berriztagarria erosteari buruzko informazioa (kurbekin eta prezioekin) lor daiteke zentrotik.

Ibil enpresari buruz

Ibil enpresan Eusko Jaurlaritzak (Energiaren Euskal Erakundea deituriko energia-enpresaren bitartez) eta Repsolek % 50eko partaidetza dute; enpresaren helburua honako hau izanik: ibilgailu elektrikoa kargatzeko azpiegitura bat ezartzea Espainian, mugikortasun elektrikoa bermatzeko adinakoa.

Ibilek 109 karga-puntu baino gehiago instalatu zituen 2011n, urte horretarako aurreikuspenak gaindituz nabarmen. 2012. urterako aurreikusten du bere jarduera Espainia osora hedatzea; horretarako, ordezkaritzak irekiko ditu hainbat autonomia-erkidegotan.

Ibilek car-sharing enpresari buruz

Ibilek car-sharing mugikortasun-kontzeptu berri bat da, ohiko alokairuaren desberdina, eta norberaren ibilgailuarekiko alternatiba erreala eskaintzen duena energia elektriko bidez elikatutako ibilgailuak errentan utziz. Zerbitzu hori martxan dago Bilbon eta Barakaldon, 14 ibilgailu berriko flotarekin, ibilgailuak elektriko puruak nahiz entxufa daitezkeen hibridoak dira, baina kopuru hori igotzen joango da Ibilek-en hartune berriak martxan jartzen diren neurrian.

Ibilek-ek Euskadiko hiru hiriburuetara hedatuko du zerbitzu hori, eta mugikortasun elektriko globala ahalbidetuko du Euskadi osoan aurten.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)