qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek aurrera egin dute Euskal Autonomia Erkidego osoan garraio publikoa erabiltzeagatik deskontuak aplikatuko dituen tarifa-sistema bakar bat sustatzeko

2023-12-19

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriola Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Mugikortasun eta Garraio arloetako foru diputatu Jon Nogales, Sonia Perez eta Azahara Dominguezekin bildu da astearte honetan, Eusko Legebiltzarrak joan den azaroan Mugikortasun Jasangarriaren Legea onartu ondoren, datozen hilabeteetan hiru lurralde historikoetan emango diren hurrengo urratsak aztertzeko. Arau berriak, besteak beste, garraio publikoaren erabilera eta irisgarritasuna errazteko tarifa-sistema bakarra —erabiltzaileen erabilera-maila eta maila sozioekonomikoa kontuan hartuta— sustatzeko agindua jasotzen du.

Mugikortasun Jasangarriaren Legeak 26. artikuluan jasotzen duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Garraio Agintaritzak (EGA) tarifa-sistema bakar eta integratu bat sortzea sustatuko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein bazterretako edozein garraiobide publikotan sarbide unibertsala eta erabiltzaileek baldintza berdinetan erabili ahal izatea bermatuko duena.

Bileran, hiru foru diputatuak —Alavabus, Bizkaibus eta Lurraldebus garraio-operadoreak haiek ordezkatzen dituzten erakundeen mende daude— ados agertu dira Sailak Euskadiko Garraio Agintaritzaren barruan egindako oinarrizko proposamenarekin; hots, garraio publikoaren erabileraren araberako deskontu progresiboen sistema komuna, erabiltzaileen ezaugarri sozioekonomikoak eta zeharkatzen dituzten eremuak kontuan hartuta. Halaber, kontuan hartuko dira kolektibo bereziak —familia ugariak, gazteak, adinekoak, desgaitasunak dituzten pertsonak eta gizarte-profilak—. Horietako batzuei doakotasuna eman dakieke gehien erabiltzen dituzten tarteetan. Doakotasun hori, hasiera batean, sei urtetik beherakoei ere emango zaie.

Planteamenduak jasotzen du ibilgailu-aldaketak doakoak izatea Euskal Autonomia Erkidego osoko garraio modu desberdinen artean; Gipuzkoan jada gertatzen da hori, Mugi txartelaren bidez, eta Bizkaia Bizkaibusen ezartzen ari da datorren urterako.

EGAri egindako proposamenak sistema uniformea bilatzen du, baina, aldi berean, malgutasuna eskaintzen du lurralde bakoitzaren ezaugarrietara egokitu ahal izateko zonifikazioa edo deskontu-tarteak —oinarrizko planteamenduak hiru edo gehiago izateko aukera ematen du— bezalako gaietan. Izan ere, profil horien oinarrizko eredua hiru lurraldeetan modu komunean definitzea da tarifen integrazioa lortzeko lehen urratsa.

Arriola sailburuak positibotzat jo du foru-aldundiek erakutsi duten jarrera, eta lortu nahi den sistema “bidezkoena” dela adierazi du: “garraio publikoaren erabilera intentsiboa saritzen du, eta errenta baxuenak dituzten pertsonei eta premia bereziak dituztenei (gazteak, adinekoak, familia ugariak, desgaitasunak dituztenak) sarbidea hobetzen die”. “Oso erronka konplexua da lurraldeen egoera oso desberdina delako –azpimarratu du sailburuak-, baina argi geratu da borondate irmoa dutela Euskadiko garraio publikoaren kalitatea hobetzeko akordioak lortzeko”.

Mugikortasun jasangarriaren inguruko konpromisoak ez du atzera biderik. Araban oso aurrerapauso garrantzitsua eman berri dugu hobari progresiboak martxan jartzerakoan, eta neurri horrekin espero dugu gure lurraldean tarifa-sistema integratuaren bidean aurrera egitea”, azaldu du Jon Nogales, Arabako Mugikortasun Jasangarriko eta Bide Azpiegituretako diputatuak.

Sonia Pérez Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatuak bilera positiboa izan dela adierazi du eta, berak azpimarratu duenez, “funtsezkoa da erakundeen arteko koordinazioa eta elkarrekin mugikortasunean lan egitea, gaur egungo beharretara gehiago egokitzen den garraio modernoagoarekin, elkarreragingarritasuna erraztuz, deskontu progresiboen tarifa-sistema martxan jarriz, irisgarritasuna bermatuz eta denbora errealean informazio guztia eskuratzeko aplikazioen prestazio hobeekin, besteak beste”.

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Gipuzkoako diputatuak positibotzat jo du “Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoan hainbeste arrakasta duen Mugi sistema erreferentetzat hartzea Euskadi osoan tarifa-sistema bakar baterantz aurrera egiteko”.

Bilera honen ondoren, Saila hiri-operadoreekin bilduko da proposamen hori kontuan hartzeko eta hirien esparruan ezartzea aztertzeko.

Bestalde, Garraioko arduradunek Legeak jasotzen duen mugikortasun jasangarria bultzatzeko erakundeen arteko lankidetzari eta plangintzari buruzko alderdiak aztertu dituzte; besteak beste, autonomia erkidego mailan lehen Mugikortasun Jasangarriko Plana sortzeko beharra eta lurralde historiko bakoitzak ildo horretan landu behar dituen planak.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @v_en_c
    2023-12-19

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco y las tres Diputaciones avanzan en el impulso de un sistema tarifario único que aplique descuentos por uso del transporte público en toda Euskadi - Irekia https://t.co/Snodr26YaA

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Nogales, Mugikortasun Iraunkorreko eta Bide Azpiegituretako diputatua, Sonia Pérez, Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatua, eta Azahara Dominguez, Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu diputatua