Berriak Lehendakaritza
qrcode

Transferentzien inguruko Madrilgo gaurko bilerarekin hasitzat emango du Jaurlaritzak hiru eskumen zehatz eskualdatzeko hiru hilabeteko epea

2023-12-19
  • Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak bilera egingo dute gaur arratsaldean Madrilen, Euskadiri eskumen berriak eskualdatzeko
  • Gobernuko bozeramaileak ziurtatu du lehen bilera honekin Jaurlaritzak hasitzat ematen duela adostutako hiru eskumenak eskualdatzeko hiru hilabeteko epea

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan. Ohikoa den moduan, bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluan jorratu eta onartutako hainbat gai.

DATUEN GOBERNANTZARAKO ESTRATEGIA

Zupiriak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Datuen Gobernantzarako Estrategia. “Ekimen honen helburua da datuetan oinarritutako gobernu baterantz aurrera egitea, eta baliagarria izango da lan prozesuak gidatzeko eta erabakiak hartzeko herritarrentzako politika eta zerbitzu publikoen kudeaketan” esan du. “Egun datuak gobernatzeko eredu globalik ez dagoenez,- jarraitu du- zaila da erakundeen eta sektoreen artean datuak partekatzea eta berrerabiltzea, eta datuak, eta gabezia horrek prozesuak integratzea zaildu egiten du. Esparru komun bat sortu nahi da ezagutza, datuak eta informazioa modu arin, azkar, efiziente, fidagarri eta seguruan partekatzeko” azaldu du bozeramaileak. Gauzak horrela, Gobernuaren iritziz Kontseiluak gaur onartu duen Datuen Gobernantzarako Estrategia urrats garrantzitsua da sektore publikoari gaitasun analitiko eta prediktibo handiak ematen baitizkio, beti ere datuetan oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko.

GOBERNU KONTSEILUAK ONARTUTAKO BESTE HAINBAT GAI

Era berean, Gobernu Kontseiluak 2023-2024 urteetarako SENDOTU programa araupetzen duen agindua onartu du. Programaren helburua da babesa eta indarra ematea Euskadiko nekazaritzaren eta elikaduraren garapen ekonomikoko eta lehiakortasuneko estrategiari, eta landa-eremuak garatzea. Eta horretarako, finantzaketari laguntzeko, laguntza-lerroak eta maileguak ematearen beharra aurrikusten da Finantzen Euskal Institutuaren eta beste erakunde batzuen eskuetatik. Guztira 17.500.000 euro bideratuko dira. “Sendotu programa laguntzari esker nekazaritzaren eta elikaduraren sektorearen hazkunde ekonomikoa bultzatu nahi da, Barne Produktu Gordina areagotzen lagun dezan eta, era berean, landa-eremuan enplegua sortu eta bizi-kalitatea hobetu dezan” esan du Zupiriak. 2015ean sortu zenez geroztik, 30 proiektutik gora babestu dira: 29 milioi euro inguru eman dira, eta 82,7 milioi euroko inbertsio induzitua sortu da.

Hezkuntza saialari dagokionez, 5 milloi baino gehiagoko gastua baimendu da Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetarako 25 gela interaktibo hornitu, entregatu, instalatu eta abian jartzeko. Hezkuntza Sailak Euskadiko Lanbide Heziketako 17 ikastetxe integratutan sortuko ditu 25 gela interaktibo berri horiek. “Teknologia digital eta interaktibo berriek talde-lana dinamizatzeko ahalmen handia dute. Duela hamar urte hasi zen Lanbide Heziketa zeregin honetan eta egiaztatuta dago ikasgelak komunikazio-modu eta teknologia horietara egokitzeak biderkatu egiten duela potentzial hori prestakuntza-prozesurako baliatzeko aukera” adierazi du Bingen Zupiriak.

Kultura sailari dagokionez, Gaurko Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio HABE eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskara Institutuaren arteko hitzamena sinatzeari.  Helburua bi erakundeek elkarlanean “Euskararen Jabekuntza Helduaroan” aditu tituluaren unibertsitate-agiria eskaintzea da. Euskara irakasleei eta hizkuntzaren didaktikan teknikari direnei eskainitako hezkuntza-eskaintza izango da eta 2024-2025 ikasturtetik aurrera Eibarreko Gipuzkoako Ingenieritza eskolan eskainiko da.

Amaitzeko, Euskadiko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoei dirulaguntzak emateko deialdia onartu da gaurkoan, toki-erakundeek sustatuta. 1,6 milloiko partida izango du 2024-2025 deialdirako eta hirugarren aldiz jarraian handitu den kopurua da. Laguntza horien helburu nagusia kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak sustatzea eta defendatzea da. “Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoek zeregin garrantzitsua dute kontsumitzaileei informazioa eta orientazioa emateko doako zerbitzu gisa. Bere arduretako bat da zuzeneko erreklamazioak jasotzea, izapidetzea eta bitartekotza egitea, bai eta kontsumitzaileen eta enpresaburuen arteko gatazkak konpontzea ere” esanez amaitu du Bingen Zupiria bozeramailea.

Azkenik, transferentzien negoziaketarako gaur Madrilen egingo den Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien arteko bilerari buruz galdetuta, Jaurlaritzako bozeramaileak, Bingen Zupiriak, esan du lehen bilera honekin Jaurlaritzak hasitzat ematen duela adostutako hiru eskumenak eskualdatzeko hiru hilabeteko epea.

Prentsa txostena

Gai zerrenda

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)