Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eibarren Jaurlaritza egiten ari den trenbideetako obrak bisita eta prentsaurrekoa

2012.eko otsailak 08

Inbertsioa 17,5 milioi eurokoa izango da eta Amaña-Legarre tartea estaliko da

Iñaki Arriolak, Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, Eusko Jaurlaritzak Amaña-Ardantza zatia bikoizteko eta Amaña-Legarre tartea estaltzeko obren lizitazio prozesua hasi duela iragarri du gaur goizean Eibarren. Aurreikuspenak betetzen badira, lanak udazkenean hasiko dira.

Arriolak, Eibarko alkatearekin, Miguel de los Toyosekin, Eusko Jaurlaritzak, ETS erakunde publikoaren bitartez, Bilbo-Donostia trenbide linearen erdialdean burutzen ari den zenbait lanetara egindako bisitan egin ditu adierazpen horiek.

Proiektu berriaren oinarrizko aurrekontua 17,5 eurokoa da, eta burutzapenerako epea 20 hilabetekoa izango da. Proiektuaren barruan, Amañako geralekuaren eta Ardantzako geltokiaren arteko zatia bikoiztuko da, eta Amañan geltoki berri bat eraikiko da. Geltoki hori erabat irisgarria izango da, lur azpian egongo da eta gaur egungo geltokia ordezkatuko du.

Horrez gain, operazio honen barruan, Amaña-Legarre trenbidearen trazatua ere estaliko da. Proiektuaren parte hori, 2010eko urtarrilean Garraio Sailaren eta Eibarko Udalaren artean Eibarko trenbide trazatua hiri barruan hobeto integratzeko sinaturiko elkarlanerako hitzarmenaren barruan dagoen lana da.

Une honetan, Garraio Saila burutzen ari den lanen artean,  Txarakua-Azitain zatiaren bikoizketa, Txarakuako trenbide pasagunea kentzeko lanak, eta ehun urte baino gehiago dituen Eibarko geltokia goitik behera zaharberritzeko lanak daude. Lan horiek guztiak Eibarren ari dira burutzen. Elgoibarri dagokionez, Karakateko gurutzaketa lanak orain gutxi bukatu dira.

Ekimen horien helburua tren zerbitzuak eskaintzen duen kalitatea hobetzea da; hau da, joan-etorrien maiztasunak eta denborak eta segurtasuna hobetzea, trenean bidaiatzen duten bezeroen zein oinezkoen eta errepideko trafikoaren segurtasuna hobetzea, hain zuzen ere.

 

Amaña-Ardantza: proiektuaren deskribapena

Trenbidea bikoizteko trazatua gaur egungo trenbidearen inguruan garatuko da, eta bere aldapak eta erradioak antzekoak dira. 640 metro inguruko luzera izango du.

Geltoki berriak 80 metroko nasa izango du erdian, eta bertara burualdetik heldu ahal izango da. Bikoiztutako zatira egokitzeko hiri ingurunean integratuko da. Horrez gain, proiektuak, San Andres Pasealekua Torrekua kalearekin lotzen duen estrukturaren azpian egongo den trafiko errepide berria ere definituko du.

Amaña - Ardantza zatiaren bikoizketarekin eta estaltzearekin lotutako lanek aldaketa garrantzitsuak sartuko dituzte bideetan zein bide horien inguruneen urbanizaioetan.

Trenbidea bikoizteko, trazatua hobetzeko eta gaur egun bertan dagoen geralekua ordezkatuko duen geltoki berria eraikitzeko ezinbestekoa izango da gaur egun trenbideak duen plataforma zabaltzea. Lan hori egiteko, metroak irabazi beharko dira une honetan dagoen plataformatik hegoalderantz, eta horrek eragina izango du gaur egungo errepide azpiegituran eta, batez ere, Arratera doan errepidearen bide-zubian eta Amañako auzora dauden sarbideetan, aipatutako bide-zubikoan zein San Andres Pasealekutik dagoenean.

Beste alde batetik, trenbidea bikoiztuko den gunea estaltzean, 10.000 m2 inguruko plataforma handia egin ahal izango da. Plataforma hori, oinezkoentzako pasealekua Amañatik Ardantzaraino luzatzeko eta errepide sistema berrantolatzeko oinarria izango da. Amañako geltoki berrirako oinezko sarrera ere plataforma horretatik egingo da.

 

Beste obra eta proiektu batzuen egungo egoera

Eibarko geltokia

Jarduketa horren bitartez Eibarko geltokiaren hiri integrazioa hobetzen da.

Zaharberritze lanek 3,1 milioi euroko aurrekontua dute, eta eraikin enblematikoaren kanpoko estruktura errespetatuz ari dira burutzen. Sarbideak aldatu egingo dira, gaur egun ezarrita dauden irisgarritasun arauetara egokitzeko. Proiektuak, trenbideak bereizten dituen Eibarko bi guneen arteko komunikazioa errazten duen kanpoko igarobideari eusten dio.

Lana aurreikusitako erritmoan doa aurrera, baina oraindik honako hau falta da egiteko:

- Geltokia egongo den eraikineko instalazio berriak.

- Udaletxeko igarobide zaharraren ordez, igogailuen gunean dagoenaren berdina izango den beste bat jartzea.

- Nasatara heltzeko igogailuak jartzea.

- Urbanizazio perimetralaren burutzapena.

- Salmenta makinak geltoki berrira eramatea eta behin behineko sarbidea kentzea.

 

Txarakuako trenbide pasagunea

Trenbide pasagune hori kentzeko lanek hiru fase izango dituzte: trazatu berriko bide berria eraikitzea ibilgailuentzat; azpialdeko igarobidea egitea; eta 200 metro luze izango den trenbide bikoizketa txikia eraikitzea. Asko hobetuko da trenen eta oinezkoen segurtasuna, eta baita auzoen arteko irisgarritasuna ere. Lanak 3,1 milioi euroko aurrekontua du. Gaur egun azpialdeko igarobidea ari da burutzen, eta, aurreikuspenen arabera, Aste Santu inguruan irekiko da. Horrez gain, trenbide inguruko lanak amaituta daude, Eibarko geltokiko eta Txarakua-Azitain zatiko lanak amaitzearen zain. Orduan ekingo zaio proiektu honen bosgarren eta azken faseari.

Txarakua-Azitain

Txarakua-Azitain zatian 775 metro trenbide bikoiztea, Azitainen geltoki berria eraikitzea eta bi trenbide pasagune kentzea barne hartzen dituen jarduketa honi esker, maiztasunak hobetu ahal izango dira Ermua-Eibar-Elgoibar igarobidean eta, horrez gain, 150.000 bidaiari gehiago jaso ahal izango dira urtean. Proiektuaren aurrekontua 3,5 milioi eurokoa da. Azitaingo geltoki berriak erdian izango du nasa. Egungo geralekutik 230 metro ingurura egongo da, Donostiako noranzkoan.

Une honetan, ekimen horren fronte guztietan ari dira lanak burutzen. Beraz, Azitainen egongo den geltokia eraikitzeko lanak ere martxan daude. Erdiko nasa amaitu eta gero, geltokiaren estaldurak eta itxidurak egiteko lanak hasiko dira.

Elgoibar

Une honetan, Karakateko gurutzaketaren lanak ari dira burutzen. Lan horien barruan, trenak gurutzatzeko eta batak bestea aurreratzeko aukera emango duen trenbide bikoitzeko zati bat egingo da, eta horrela maiztasunak hobetu ahal izango dira. Lan horiek datorren udaren amaiera inguruan bukatuko dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)