Berriak Hezkuntza
qrcode

Euskadiko Lanbide Heziketa: Prestakuntza solidarioa

2023-12-18
  • Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azpimarratu du Euskadiko Lanbide Heziketak elkartasuna txertatzen duela prestakuntzan eta garatzen dituen proiektuetan
  • Euskadiko Lanbide Heziketak, Real Sociedad Fundazioarekin eta Donostiako Aquariumarekin lankidetzan, Reale Arenako instalazioak eta itsas mundua bisitatzeko modua garatu du, murgiltze esperientzia birtualen bidez; minbizia duten haurren eskura jarriko dira esperientzia horiek
  • Tknikaren bidez garatutako beste ekimen solidario batzuk gida batean jaso dira

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Euskadiko Lanbide Heziketak Realarekin eta Donostiako Aquariumarekin elkarlanean garatu dituen bi ekimen solidario aurkeztu ditu gaur. Reale Arenako instalazioak eta itsas mundua murgiltze esperientzia birtualei esker bisitatzeko aukera ematen duten proiektuak dira. Ekitaldian izan dira, halaber, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Jokin Aperribay Realeko presidentea, Esther Irigaray Donostiako Aquariumeko zuzendaria eta Euskadiko minbizia duten haurren familien hiru elkarteetako ordezkariak; Aspanogi, Aspoanafoas eta Aspanova elkarteetakoak.

Proiektu horiek, Lanbide Heziketako ikastetxeetan garatu dituzten eta Tknikak batu dituen beste ekimen solidario batzuekin batera, Euskadiko Lanbide Heziketaren lehen gida solidarioan jasoak gelditu dira. Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok aurkeztu du Lanbide Heziketako ikastetxeetan garatutako proiektuak ezagutarazteko gida berria. Proiektu horiek hainbat esparru solidario lantzen dituzte, hala nola ingurumena, komunitatea, kultura, hezkuntza, edo gizarte arloa. Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleak gero eta mundu teknologikoago baterako prestatzen ari baitira, baina baita bero eta gizatiarragoa den mundu baterako ere.

Ekimen horiek ikastetxeen, lanbide-arloen, zikloaren eta esparru solidarioaren arabera sailkatu dira gidan, eta hainbat adibide erakutsi dira ekitaldian, hala nola gastronomia solidarioaren proiektua, zeinaren bidez ostalaritza-zentroek astero mila menu baino gehiago banatu zituzten pandemia garaian; dibertsitate funtzionala hobetzen duten proiektuak, 3D inprimagailuak erabiliz; bakardadean dauden pertsonei laguntzeko proiektuak; edo hondamendi naturalen ondorioz beste herrialde batzuetan kaltetutako pertsonekin lankidetzan arituz egindakoak.

Murgilketa-esperientzia birtualak, ilusioa pizteko

Gaur aurkezturiko proiektuak Tknikak koordinatzen ditu (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatutako zentroa, Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntza ardatz nagusi dituena), eta  ingurune birtual murgiltzaileak sortzen dituzte, haurrei Reale Arena estadiora edo Aquariumera bisita egiteko ilusioa helarazteko, fisikoki hori egiteko modurik ez duten uneetarako. Bisita horiek modu birtualean egiteko aukerari esker, beren ongizate emozionala hobetzen lagundu lezaketen esperientziak biziko dituzte.

Aquariumean barrena egin ahal izango dituzten tour birtualak animazioak, bideoak eta eszenak ditu, benetan instalazioak bisitatzen ibiliko balira legez. Bestalde, Realaren futbol-zelaiko tour birtualak jokalarien testigantzak, ligako partida bat eta aldagelak, jantokia eta beste instalazio batzuk ezagutzeko aukera ematen du. Tour birtual honen garapenean, J3D enpresak modu altruistan lagundu du.

Alde horretatik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Euskal Lanbide Heziketak dituen elkartasun-balioak eta horrek ikasteko zabaltzen dituen bideak azpimarratu ditu. Bertan zeuden haurrei aipamen berezia eginez, konpromisoa hartu du txikienekin, hezkuntza-sistemak ikasteko tresnak eta jolas eta hezkuntza-esperientziak eskaintzen jarrai dezan.

Gainera, aurkeztutako proiektu horiek jasoko dituzten haurrek ez ezik, boluntariotzan ari direnek ere onura handiak jasotzen dituztela gaineratu du; positibotasuna, ekitatea eta justizia bezalako balioak sustatzen dituzte eta entitateen eta enpresen garapen egokia bultzatzen dute.

Zehazki, Euskadiko Lanbide Heziketak bere irakasleei ere laguntzen die ikasleekin balio horiek gara ditzaten, modu integratuan eta zeharka irakatsiz ikastetxeetako prestakuntzan, eta Euskadiko Lanbide Heziketa osoko geletara eramanez. Euskadiko Lanbide Heziketaren lehentasunetako bat ikasleak balioetan prestatzea da, eta, horrela, enpresek eta euskal gizarteak behar dituzten profesionalak izatea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jokin Aperribay, Esther Irigaray