Eman odola!
qrcode

Emakundek prestakuntza eman die enpresei sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloen inguruan

2023-12-15
  • Gaur jardunaldi bat egin da legelari espezializatuekin arlo honetako araudi berria aztertzeko
  • Helburua da indarkeria matxistarik gabeko lan-giroak ahalbidetzea

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak "Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako enpresen protokoloen testuingurua eta berrikuntzak" jardunaldia inauguratu du gaur Azkuna Zentroan, Bilbon. Bilera honetan protokolo-eredua berrikusteko lana aurkeztu da, Emakundek legelari nabarmenekin elkarlanean egindakoa, azken lege-berrikuntzetara egokitzeko.

Protokoloaren bertsio berri honek sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko egoerak detektatu eta konpondu nahi ditu erakundeetan. "Oinarrizko hainbat eskubideren aurka egiten duten indarkeria-adierazpenak dira, eta pertsonen osotasun fisikoan, psikikoan eta moralean eragiten dute, batez ere emakumeenean", nabarmendu du Elgarrestak.

Emakundeko zuzendariak nabarmendu du oso garrantzitsua dela enpresek protokolo bat izatea indarkeria eta diskriminazio mota horiek prebenitzeko, sentsibilizatzeko eta eragozteko. "Jakin badakigu enpresen eskaria eta interesa dagoela eta honetan ekiteak indarkeria mota horien aurkako konpromisoa erakusten du, langileak sentsibilizatzen ditu eta jazarpenaren aurrean prebentziozko babesa argitzen du", nabarmendu du.

Elgarrestak gogorarazi duenez, 2011z geroztik, Emakundek jarraitu beharreko prozedura-eredu bat du lan-eremuan sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena gertatzen den kasuetan. Harrezkero, hainbat berrikuspen egin dira, indarrean dagoen araudira egokitzeko eta enpresetako jazarpena ahalik eta modu erabilgarri eta eguneratuenean desagerrarazteko.

Azken berrikuspena sexu-askatasunaren berme integralari buruzko Lege Organikoa indarrean sartu ondoren egin da. Azken urtean onartutako beste arau batzuek ere eragina izan dute enpresan sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokolo-eredu horretan.

Jardunaldiak Emakundek garatutako elkarlan hori hartu du erreferentzia gisa, eta arlo horretan espezializatutako bi legelari bildu ditu. Ana Isabel Pérez penalistak enpresek sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurrean duten erantzukizun penalari buruzko azterketa azaldu du. Bestalde, UPV/EHUko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedradun Olga Fotinopoulouk berdintasunaren arloko arauen berritasunak azaldu ditu, baita Emakundek duen protokoloan duten eragina ere.

Jardunaldian, Osalaneko laneko arriskuen prebentzioko teknikari Edurne Elorzak ere parte hartu du. Bertan, enpresek nahitaez hartu behar dituzten prebentzio-neurriak aztertu dira, bai eta jokabide horiei aurre egiteko genero-ikuspegia duen lan-arriskuen prebentzio-politika ere.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @RevTrabajadora
    2023-12-15

    Comentario de Twitter:
    Emakunde forma a las empresas sobre los protocolos contra el acoso sexual y por razón de sexo en el entorno laboral https://t.co/04bJlHtANW

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak