Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak bi jarduketa-gida aurkeztu ditu genero-indarkeriako biktimei osasunaren esparruan ematen zaien arreta eta babesa indartzeko

2023-12-15

 

Protokoloek jarraibideak eta tresnak eskaintzen dituzte osasunaren arloko profesionalentzat, zehazki genero-indarkeriako biktimen seme-alabei eta sexu-indarkeriaren biktima diren 14 urtetik gorako emakumezkoei arreta ematen dieten profesionalentzat

 

Bi gidak Osasun Sailak eta Osakidetzak antolatutako Genero Indarkeriari buruzko XI. Jardunaldian aurkeztu dira. Aurten, jardunaldia Nazio Batuen Erakundeak sustatutako Generation Equality kanpainan oinarritu da, hau da, genero-indarkeriaren aurkako 16 eguneko aktibismoko kanpainan

 

Euskadin, 2022an, genero-indarkeriaren biktima izandako 1.676 emakume artatu zituzten larrialdietako eta osasun-zentroetako osasun-profesionalek, hau da, egunero tratu txarren 4 kasu berri artatu ziren

 

 

Rosa Pérez Osakidetzako zuzendari nagusiak inauguratu du, gaur goizean, Osasun Sailak eta Osakidetzak urtero antolatzen duten Genero Indarkeriari buruzko Jardunaldiaren XI. edizioa.

 

 

Jardunaldiak amaiera emango dio Nazio Batuen Erakundeak sustatu duen genero-indarkeriaren aurkako 16 eguneko aktibismoko Generation Equality kanpainari. Osakidetzak kanpaina horretan parte hartu du, eta Estatuan erakunde aitzindaria izan da Nazio Batuen Erakundeak babestutako horrelako ekimenen jarraipen aktiboan. Hori dela eta, Juncal Plazaola NBE-Emakumeak erakundeko Genero Indarkeria Ezabatzeko Politiketan adituak modu telematikoan parte hartu du eta Bilboko Euskalduna Jauregian egin den jardunaldi horren inaugurazio-hitzaldia eman du.

 

Jardunaldian, “Osasunetik, bat egin! Inbertitu emakumeen eta haien seme-alaben kontrako indarkeria prebenitzeko” lelopean, genero-indarkeriaren aurkako borrokan osasunaren arloko profesionalek egiten duten lana bistaratu eta balioetsi nahi izan da. Ildo horretan, genero-indarkeriaren biktimei osasunaren esparruan ematen zaien arreta eta babesa indartzeko bi gida aurkeztu dira.

 

ERANTZUN INTEGRALA ETA KOORDINATUA

 

Gaur aurkeztutako bi gidek jarraibideak eta tresnak eskaintzen dituzte osasunaren arloko profesionalentzat, zehazki genero-indarkeriako biktimen seme-alabei eta sexu-indarkeriaren biktima diren 14 urtetik gorako emakumezkoei arreta ematen dieten profesionalentzat.

 

Jarduketa-gida osasun arloko profesionalentzat, genero indarkeriaren biktimen seme-alaben aurrean” gidaren eta “Jarduketa-gida osasun arloko profesionalentzat, 14 urte baino gehiagoko emakumeen aurkako sexu-indarkeriaren aurrean” gidaren helburua da Osakidetzaren zerbitzuek printzipio eta balio berberekin bat datozen eta koherenteak diren erantzunak ematea eta esku-hartzearen oinarrizko prozesuei buruzko jarraibide zehatzak eskaintzea (arakatze-esparruak, tresnak, teknikak eta abar).

 

Hala, protokolo horien bidez, euskal osasun-sistemako profesionalak hobeto prestatuta egon daitezen bultzatu nahi da, bai genero-indarkeriari aurrea har dakion, bai indarkeria-egoerak garaiz antzeman eta esku har dadin, bai arreta integrala eta babes handiagoa eskain dadin, baita eragindako kalteak konpon daitezen ere.

 

GENERO-INDARKERIA DATUETAN

 

Emakumeen eta nesken aurkako indarkeria da, oraindik ere, mundu osoan hedatuen dagoen giza eskubideen urraketa.  Kalkuluen arabera, planeta osoan 736 milioi emakumek —ia hirutik batek— bizitzan behin gutxienez jasan dute indarkeria fisikoa edo sexuala bikotekidearen eskutik edo sexu-indarkeria bikoteaz kanpo, edo biak. 

 

Osasun-sistema da genero-indarkeriako kasu ugariren sarrerako atea. Euskadin, 2022an, genero-indarkeriaren biktima izandako 1.676 emakume artatu zituzten larrialdietako eta osasun-zentroetako osasun-profesionalek, hau da, egunero tratu txarren 4 kasu berri artatu ziren. Kasuen erdiak (860) larrialdi-zerbitzuetan hauteman ziren eta beste erdiak (816) osasun-zentroetan. Lurraldeen arabera, Bizkaian 966 aldiz aktibatu zen genero-indarkeriaren ondoriozko kodea, Gipuzkoa 495 aldiz eta Araban 213 aldiz.

 

Sexu-erasoei dagokienez, 188 emakumek jo zuten osasun-zerbitzuetara laguntza eske. Eraso horietako % 63 bikotekidearen edo bikotekide-ohiaren eskutik etorri ziren.

 

GENERO INDARKERIARI BURUZKO XII. JARDUNALDIA

 

Inaugurazio instituzionalaren ondoren, genero-indarkeriarekin lotutako laguntza, osasun, lege edo prestakuntzaren arloko alderdiei buruzko bi mahai-inguru egin dira.

 

 

Lehenengoak “Genero-indarkeria emakumeengan eta seme-alabengan” izenburua izan du eta Maite Paino Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko programen arduradunak gidatu du. Bertan parte hartu dute: Itziar Vergara Biodonostia OIIko zuzendari zientifikoak; Maialen Berridi  Gipuzkoako Familia eta Komunitate Arretako Irakaskuntzako Unitateko teknikariak; Francisco Serna Osakidetzako Prestakuntza Zerbitzuko buruak; eta Lola Aguilar pediatrak. Solasaldian, osasuna eta generoa, genero-ondoezaren arloko prestakuntza edo genero-indarkeria seme-alabengan gisako gaiak aztertu dira.

 

Bigarren mahainguruak “Lege berriak, egoera berriak sexu-indarkerian” izenburua izan du, eta Pepe Quintas Osasuneko sailburuordeak gidatu du. Bertan parte hartu dute Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak —besteak beste, “soilik bai da bai” lege berria aztertu du, emakume bortxatuei arreta emateko laguntza- eta auzitegi-protokoloa berritzea eragin duen aldetik—; eta Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak —jarduteko agertoki berriez, krisi-zentroez eta koordinazio-beharraz aritu da—.

 

Osasuna eta artea uztartu dituen ekitaldi artistiko batekin amaitu da jardunaldia. Christian Borrelli kontratenor eta medikuak genero-indarkeriari buruzko Orfeo ed Euridice operaren zati bat errepresentatu du ikuspegi garaikide batetik, eta matxismoarekin eta genero-indarkeriarekin zerikusia duten elementuak dituen mitoaren bertsio bat eskaini du: bikote toxiko baten barne-harremana, urruntze-agindua edo legeak onartzen ez dituen gizona.

3 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @Marikitafemm
    2023-12-16

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza presenta dos guías de actuación para reforzar la atención y prot https://t.co/ee2koVCBGD @pineiro_alb

  • Argazkia SN Robot
    @Marikitafemm
    2023-12-16

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza presenta dos guías de actuación para reforzar la atención y prot https://t.co/ee2koVCBGD

  • Argazkia SN Robot
    @Marikitafemm
    2023-12-16

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza presenta dos guías de actuación para reforzar la atención y prot https://t.co/ee2koVCBGD https://t.co/YA5xoMKeCF

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)