Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak aurten ere merkataritza- eta ostalaritza-guneak zaintzeko eta kontrolatzeko prebentzio-kanpaina jarriko dute abian Gabonetan eta merkealdietan

2023-12-15
  • Bi kidegoek berriz jarriko dute martxan plan bateratua segurtasunaren arloko prebentzioan eragiteko, batez ere egun horietan ohikoenak diren delituetan, hala nola hiriko merkataritza- eta ostalaritza-gune nagusietan egiten diren ebasketa eta lapurretetan: Abandon, Alde Zaharrean, Indautxun eta Boluetan, batez ere.
  • Dispositibo hori asteburu honetan hasiko da, eta urtarrilaren 20ra arte luzatuko da.

 

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak aurten ere herritarren segurtasunaren arloko prebentzio-dispositibo berezi bat ezarri dute, eta Gabonetan eta merkealdietako lehenengo egunetan egongo da martxan.

Gaur bertan hasiko den eta urtarrilaren 20ra arte luzatuko den operatiboak hiriko merkataritza- eta ostalaritza-guneetan zaintza areagotzeko aukera emango du.

Kontuan izanik ondarearen aurkako delituak direla Bilbon erregistratzen den delinkuentziaren % 80 inguru eta horietatik gehienak ebasketak direla, bi kidegoek elkarlanean jarduten dute urte osoan horren eragina minimizatzeko. Hala ere, polizia-lan eta -koordinazio hori indartu egiten da urteko garai ezberdinetan, batez ere abuztuan, abenduan eta urtarrilean.

Izan ere, egiaztatuta dago delitu horiek gora egin dutela hilabete horietan: abuztuan, Aste Nagusian, deskuiduen ondorioz diru-zorroen eta telefono mugikorren ebasketek gora egiten dutelako; eta abenduan eta urtarrilean Gabonetako kanpainarengatik eta merkealdiengatik, bi garai horietan ere gora egiten baitute saltokietako eta kaleko ebasketek.  

Delitu-tipologia horien egileak erosketak egiten dituzten pertsonen pilaketetan, ekitaldien ospakizunetan edo aldi horretan egiten diren enpresa-bazkari eta afarietan babesten dira.  

Dispositibo bateratua

Gabonetarako eta merkealdietarako Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren Prebentzio Plana 2015ean jarri zen martxan lehenbiziko aldiz, eta, ordutik, bi kidegoek urtero antolatu dute eta oso emaitza onak izan ditu, Bilbon ebasketa- eta lapurreta-kasuen gorakada jaisteko edo geldiarazteko helburua betez.

Bizkaiko hiriburuko merkataritza- eta ostalaritza-gune nagusietan gauzatuko da, era horretako negozioen ohiko ordutegietan. Prebentzio-lana egingo da, beraz, kaleetan, batez ere oinezkoen guneetan, eta jende gehien pilatzen den lekuetan; eta merkataritzako eta gaueko aisialdiko guneetan, adibidez, Abandon, Indautxun, Alde Zaharrean eta Boluetan.

 

Plana abian jarrita honako delitu-egintza hauek prebenitu nahi dira:

  • Deskuiduaz baliatuz egindako ebasketak, bai eta indarrez tira eginda edo kontaktu fisiko bidez egindako lapurretak ere.
  • Kalean engainu bidez (besarkada solidarioak) egindako ebasketak.
  • Indarkeria fisikoa eta/edo hitzezko larderia erabiliz egindako lapurretak.
  • Banaketa-lanetan ibilgailu barruan begien bistan utzitako objektuen lapurretak.
  • Saltokietan bildutako diruaren ebasketak, langileen absentzia laburrak aprobetxatuz.

 

Zaintza eta kontrola asteko egun guztietan egingo dute, txanda ezberdinetan, uniformedun eta kale-jantziko patruilek, oinez eta ibilgailuz.

Gomendioak eta aholkuak

Nolanahi ere, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak herritarrei eskatzen diete arretaz ibiltzeko jende asko pilatzen den kaleetan eta dendetan. Gainera, gomendatzen dute norbere gauzen gainean arreta jartzea, poltsa edo motxila itxita eramatea eta fisikoki modu susmagarrian hurbiltzen diren pertsonez ez fidatzea; hori guztia lapurreten eta ebasketen biktima izatea saihesteko. Susmoren bat izanez gero edo gorabeheraren bat gertatuz gero, Ertzaintzari 112ra eta Bilboko Udaltzaingoari 092ra deitzeko aholkatzen dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan