Berriak Segurtasuna
qrcode

Erkorekak Lehendakariari eskerrak eman dizkio urte hauetan beregan jarritako konfiantzagatik, Bizkaia Irratian egindako elkarrizketan

2023-12-14

Eusko Jaurlaritzako Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote gaur goizean Bizkaia Irratiako “Goizeko izarretan” saioan. Besteak beste, segurtasun saileko gaiez mintzatu da eta datorren urtean amaituko den legealdiaz baita ere.

Azken gai honen harira, Erkorekak gaurko elkarrizketa baliatu du eskerrak emateko. “Datorren urtean legealdia amaitzen denean, 24 urte egingo ditut politikan lehen lerroan, besteak beste, 8 urte egin ditut Madrilen eta beste 8 Jaurlaritzan bozeramaile gisa eta 3 Segurtasun Saileko arduradun modura. Oso urte aberasgarriak izan dira, desgaste pertsonala ere handia da; alderdiari eta Lehendakariari eskertu nahi diet nigan jarritako konfiantza eta politikan lehen lerroan egoteari utziko badiot ere, kanpotik lanean jarraituko dut herriaren alde eta alderdiaren alde” esan du elkarrizketan.

Berak zuzentzen duen segurtasun saileko gai ezberdinen inguruan galdetuta, astelehenetik aurrera “Ertzainas en lucha” kolektiboak deitutako manifestazioa dela-eta aipatu du Ertzaintzako sindikatuen aburuz gizarteak ez duela deialdia ulertuko eta kolektiboaren irudia bera kaltetuko duela.

Ertzaintzan ordezkaritza duten sindikatuekin duten hartu emanari eta negoziaketei buruz Erkorekak esan du ez dituztela harremanak apurtu, baina sindikatuek mahai gainean jarritako soldata igoera orokorraren eskumena ez dagokiola Segurtasun Sailari, negoziazio mahai orokorrean jorratu beharrekoa proposamena dela funtzio publiko osoari eragiten diolako.

Jaurlaritzak atzo iragarritako 2023ko lan eskaintza publikoa ere izan du hizpide Erkorekak, izan ere, Ertzaintzari lotuta 127 plaza aterako dira, gutxi gorabehera, 50 inguru trafiko funtzioetarako eta beste 50 ikerketa kriminalerako, egoera ahulenean dauden unitateak sendotzeko helburuarekin. Zentzu horretan, Emakumeen Kontrako indarkeriari aurre egiteko Plan Integral berriaren baitan, arlo estrategikoa izanik, baliabide gehiago jarri, barne berrantolaketa egin eta eginkizun horietara bideratutako egitura eta lan taldea sendotuko dituztela azpimarratu du Erkorekak.  “Neurri eta protokolo berriak diseinatu eta martxan jartzen ari gara, arrisku egoera ebaluatzeko sistema ere eguneratu behar da, etengabeko hobekuntza aplikatzen dugu eguneroko jardunean Ertzaintzaren jarduna eta jokamoldea egokitu eta hobetzeko, bereziki estrategikoa den alor honetan” adierazi du.

Emakumeen aurkako indarkeria kasuen gorakadarekin batera, internet bidezko delituek ere gora egin dute azken urteetan. Adin txikiko gazteen mugikor erabileraren inguruan galdetuta, sailburuak adierazi du arlo horretan gogoeta sakona eta serioa egitea ezinbestekoa dela hezkuntza komunitate osoarekin batera. “Ez da erraza delitu horien jarraipena egitea, beraz, ezinbestekoa da komunitate osoaren babesa, irizpide amankomunak izatea, horrek poliziaren ikerketa lagundu eta erraztuko lukeelako”.

Amaitzeko, eskumenen eskualdatzeaz ere mintzatu da sailburua. Bilboko portuari lotuta, adierazi du indarrean dagoen dekretuak ez duela aurreikusten Ertzaintzaren eskuhartzerik portuan eta akordioaren baitan, desegokitasun hori zuzenduko dela. “Ertzaintzak ez ditu funtzio berriak bereganatuko, orain arteko eginkizunak gauzatuko ditu baina horiek jasota geratuko dira dekretuan eta erabakiak hartzeko guneetan egoteko aukera izango du Ertzaintzak” azaldu du. Azkenik adierazi du eskumenen eskualdaketarako lehen batzarra astelehenean egingo dela “konpromisoei bidea ematea da gure helburua, 3 hilabeteren bueltan, lehen hiru eskumenen transferentzia gauzatu dadin”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak