Eman odola!
Berriak Lehendakaritza
qrcode

ERALDAROA: Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Batzarra

2023-12-13

Datozen abenduaren 18an, 19an, 20an eta 21ean, Donostian, Kanpoko Euskal Gizataldeen VIII. Batzarra izango da.

Biltzar hau lau urtean behin antolatzen da, kanpoko euskal gizataldeekiko harremanei buruzko 8/1994 Legeak ezartzen duen bezala, Euskal Erakundeen eta Euskal Gizataldeen artean harremanak estutzeko, Federazioen eta Euskal Etxeen inguruan.

Oraingo honetan, biltzarrak ehun lagun inguru batuko ditu Donostian, gehienak 18 herrialdetako hainbat ordezkaritzatako kideak dira, eta, horiekin batera, beste pertsona batzuk ere gonbidatu dira, Euskal Diasporarekin zuzeneko lotura izategatik. Horrela, Alemaniako, Argentinako, Australiako, Belgikako, Brasileko, Kanadako, Txileko, Kolonbiako, Kubako, Espainiako, Estatu Batuetako, Frantziako, Japoniako, Mexikoko, Paraguaiko, Peruko, Uruguaiko eta Venezuelako ordezkariak izango dira gurean.

“ERALDAROA” da aurtengo ediziorako aukeratu den leloa. Hiztegian ez dago termino hori; ERALDATU eta AROA terminoak elkartu nahi ditu, eta horrekin hasiera eman nahi zaio euskal erakunde publikoen eta bere diasporaren arteko hartu-emanen garai berri bati.

Izan ere, harreman mota hauek eguneratzeko gogoeta fasean murgilduta gaude, epe ertain-luzera, Euskal Diasporarako politikak ezartzen jarraitu ahal izateko.

Era berean, nazioarteko erakundeen gomendioei jarraiki, diaspora kontzeptua zabaldu nahi dugu, eta euskal herritarrak kanpoan egoteak, arlo guztietan, gure herrirako izan dezakeen eraginean sakondu nahi dugu.

Gazteek Euskaditik ateratzen jarraitzen dute, nazioartean eskarmentua lortzeko; orain ez dira historikoki joan garen lekuetara bertaratzen; horren ordez, batez ere, Europa inguruko herrialde eta hiri handietara jotzen dute; ildo beretik, Euskadik ez dio sekula utzi immigranteak jasotzeko lur izateari, eta hurrengo urteetan erronka demografiko garrantzitsu bati aurre egin beharko dio.

Egoera hauek guztiek kanpoan dauden euskal herritarrekiko hartu-emanetan sakontzen jarraitzeko beharrezko tresnez hornitzera bultzatzen gaituzte, bai antolatutako euskal erakundeetako kideen kasuan, bai Euskadin jaio arren aldi baterako edo betiko kanpoan bizi direnen kasuan.

Lau jardunaldi izango dira, elkarrekin eztabaidatu eta hausnartzeko. Helburua da Euskal Komunitate Globala eraikitzen jarraitzea, tartean dauden eragile guztiak erronka honen parte sentiaraziz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko