Hauteskundeak 2024
qrcode

Kontroleko Osoko Bilkura (2023/12/15)

2023-12-15

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Iñigo Iturrate Ibarra Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetarako dituen erronka nagusiei buruz.

Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu du legegintzaldia ez dela azken egunera arte amaitzen.  Zailtasun guztien aurrean, lanean indar eta ilusio guztiarekin arituko direla baieztatu du, gizartearen aurrean hartutako konpromisoak betetze asmoz. Esan duenez, hori da helburu nagusia: hitzartutakoa betetzea, gure Herrian ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko. Datozen hilabeteei begira, Gobernuak aurrera eramango dituen hainbat ekimen aipatu ditu Lehendakariak: lehen Mailako Arretan eta Kirurgietan itxaron-zerrendak pandemiaren aurreko mailetara murriztea; Osasun Mentalera bideratutako errekurtsoak handitzea; etxebizitza publikoaren parkea zabaltzea, Zaintzaren aldeko Euskal Ituna adostea, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako plana gauzatzea; gazteen emantzipazioa laguntzeko neurri guztiak garatzea, LANBIDE zerbitzua berritzea, euskara aro eta eremu digital berrira egokitzeko 100 milioi euroko laguntzak kudeatzea, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren aurkako Legea, lan-eskaintza publikoak eta kontsolidazio-prozesuak aurrera eramatea, Miramon parke teknologikoa handitzea,  Enpresa Txiki eta Ertainei zuzendutako laguntza programa berria abiaraztea, Hezkuntza eta Enplegu Lege berriak onartzea eta Espainiako Gobernuarekin adostutako hiru eskumenak egiazki lotzea, besteak beste.

Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, legegintzaldiaren balantzeari buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi du legealdiaren balantzea legealdiaren amaieran egin behar dela eta oraindik lan egiteko hainbat hilabete dituztela aurretik. Lehendakariak azpimarratu du ez datorrela bat tesi katastrofistarekin, ezta ere EH Bilduk hamabostean behin azaldu nahi duen jarrera beltz, ezkor, eta negatiboarekin ere. “Gure jarrera beti da positiboa, etengabeko hobekuntzarako jarrera da gurea, elkarlanaren bidez aurretik ditugun erronkak gainditzeko” gaineratu du. Beste behin, Urkulluk datu objektiboak eman ditu EH Bilduk irudikatu nahi duen errealitatea iraultzeko. “Gure herriaren historian inoiz ez da hainbeste pertsona egon lanean eta kotizatzen, eta horrek duela 10 urte baino askoz langabezia txikiagoa izatea ekarri du, eta, bide batez, kalitate hobeko lan-baldintzak izatea, inoiz ez dira hainbeste baliabide bideratu Osasunera, Hezkuntzara edo Gizarte Babesera, inoiz ez da hainbeste pertsona egon pobreziatik urrun, eta inoiz ez dugu izan 2024an izango duguna baino inbertsio publikoko partida handiagorik” esan du Lehendakariak. Eta gehitu du, “egiturazkoak eta larriak badira ditugun arazoak, zergatik dago soilik 300 milioi euroko aldea zuen eta gure proposamenaren artean? Hain larriak badira ditugun arazoak, 15.000 milioi euroko aurrekontuari 300 milioi gehituta konponduko dira arazo guztiak? Egiturazko arazoak badira, aurrekontuaren %2 bakarrik aldatuta konpon litezke beraz? Zuen arrazoiak bestelakoak dira eta hauteskundeekin itsututa zaudete” esan du Urkulluk eta adierazi du Gobernuak pertsona guztien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko gaitasuna eta baliabideak eskura izango dituela eta lanean jarraituko dutela helburu horiek betetzeko.

Galdera,  Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, gure ikasleen errendimendu akademikoei buruz. 

Lehendakariak azpimarratu du beharrezkoa dela emaitza hobetzea. “Hezkuntza gure gizartearen funtsezko zutabea da eta bikaintasuna bilatu beharra dugu etengabe; analisi zorrotza eta autokritika egin behar dugu, inolako baldintzarik gabe, hori da ezinbesteko oinarria hobetu ahal izateko”. Ildo horretatik, baina, Lehendakariak argi utzi nahi izan du, PISAk ez duela hezkuntza-sistema osoa ebaluatzen, hiru gai oso zehatz aztertzen dituelako adin jakin batean. Gorrotxategik adierazitako hezkuntza sistemaren hondamendiaren eta finantzaketa publiko gehiagoren beharraren aurrean, Urkulluk esan du, Euskadiko hezkuntza-sistema hondamendian izatetik oso urrun dagoela eta arazoak ez direla konpontzen soilik finantzaketa publiko gehiagorekin. “Etengabeko hobekuntza eredua defendatzen dut eta gastu publikoaren zorroztasuna. Urtez urte, gure zerbitzu publikoetako inbertsioa handitu dugu, hobetzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Aurrekontuen proiektuan 190 milioi euro gehiago jarri ditugu Hezkuntzan, eta gure helburua ekitatea eta bikaintasuna hobetzen jarraitzea da” gaineratu du Lehendakariak.

Amaitzeko, Estatistikako Institutu Nazionalaren hainbat datu eman ditu Urkulluk:  Euskadik estatuko eskola-uzte indizerik txikiena du, errepikatzaile gutxien dituen erkidegoa gara, Estatuko unibertsitateko eta LHko tituludunen tasa altuenak ditu Euskadik eta Euskadi buru da selektibitateko emaitzetan. Gazteen % 65ak hirugarren mailako ikasketak dituzte. “Emaitza horiek kalitate baxuko oinarrizko hezkuntza batekin lor daitezke?” galdetu du. “Euskadin hezkuntza-sistema ona dugu, badugu hobetzeko tartea eta baditugu hobetzen jarraitzeko bitartekoak” esanez amaitu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, PISA txosten berriari eta euskal hezkuntzak lortutako emaitzei buruz. 

Lehendakariak berriro ere esan du PISA txostenak ez duela hezkuntza-sistema bere osotasunean aztertzen. Bere hitzaldian adierazi du euskal hezkuntza sistemak ez duela lurra jo eta bi egiaztapen objektibo azpimarratu ditu: alde batetik, pandemiak hezkuntza-sistema guztietako emaitzetan izan duen eragina, eta, bestetik, ELGAko herrialde guztiek duela 20 urteko emaitzak mantendu dituztela, pandemiaren eragina gorabehera. Urkulluk esan du Euskadi ez dela uharte bat, pandemiak gainerako herrialdeetako emaitzetan izan duen eragin bera izan duelako Euskadin. Horregatik galdetu du: zergatik irudikatu nahi duzue katastrofismo egoera hemen, soilik Euskadin, jaitsiera orokorra izan bada? Edonola ere, Lehendakariak berretsi du beharrezkoa dela datuak hobetzea eta horretan lanean dihardutela.  Zentzu horretan abiatutako hainbat jarduera aipatu ditu: segregazioaren gaiari  aurre egitea, ikasleen dimentsio emozionalari aurre egiteko programa; ikastetxeetako zuzendaritzen lidergo pedagogikoa bultzatzea; hezkuntza-premia bereziei arreta pertsonalizatua ematea; gaitasun digitaleko prestakuntza-planak, besteak beste. "Jarduera zehatzak dira, jada abian ditugunak, Jaurlaritza honek etengabeko hobekuntzaren bila jarduten duelako, PISA txostenaren aurretik eta ondoren"  amaitu du Urkulluk.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa - Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, PISA txostenaren azken edizioaren emaitzei buruz.

Lehendakariak, beste behin, berretsi du PISA txosteneko emaitzek, pandemia globalaren testuinguruan, bilakaera bera izan dutela Euskadin, zein gainerako erkidego eta herrialdeetan. Berriro ere azpimarratu du txostenak hiru eskumen oso zehatzi egiten diela erreferentzia eta beraz, adierazle bat gehiago dela eta ez bakarra. Lehendakariaren arabera, emaitza horietatik ezin da ondorioztatu euskal ikasleen errendimendu akademikoak okerrera egin duenik. Hori dela eta, Urkulluk adierazi du ez duela ulertzen emaitzen beherakada Euskadin bakarrik gertatu izana azpimarratzeko ahalegina, ELGAko herrialde gehienetan gauza bera gertatu denean. "PISA txosteneko datuek lagundu diezagukete erabaki hobeak hartzen, hezkuntza-politiketan proposamen batzuk birbideratzen eta ikastetxeek eta hezkuntza-komunitateak identifikatutako ildo estrategikoak berresten. Etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, bikaintasuneko hezkuntza baterantz eta guztiontzako ekitatea bermatuko duen hezkuntza sistema baterantz” esan du. Zentzu horretan, azken urteotan egin den lan- eta partaidetza-prozesua aipatu du Lehendakariak, hezkuntza-itun bat izenpetzeko aukera eman duena; eta, “datorren astean onartuko dugu Legebiltzar honetan EAEko lehen Hezkuntza Lege integrala. Lan horrek euskal hezkuntza-sistema eguneratzeko, eraldatzeko eta hobetzeko bidea zehazten du, epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin "amaitu du Urkulluk.

Interpelazioa, José Manuel Gil Vegas Mistoa- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, administrazioan euskara sustatzeko dekretuari buruz.

Lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak sei urte baino gehiago daramatza Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzea helburu duen Dekretua lantzen, araudia eguneratzeko eta egungo testuingurura egokitzeko helburuarekin. Izan ere, Urkulluk adierazi duenez, 26 urte baino gehiago igaro dira aurreko dekretua onartu zenetik, eta euskal gizartea, oro har, eta baita administrazio publikoa eta euskal sektore publikoa ere, eboluzionatzen eta eraldatzen joan dira hainbat arlotan. Euskal administrazioen bilakaera soziolinguistikoa agerikoa izan da eta horregatik, dekretu berriak tresna eguneratua eta baliagarria izan nahi du euskal herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan eta sustapenean aurrera egiteko, herritarrentzako arreta-hizkuntza, lan-hizkuntza eta harremanetarako hizkuntza izan dadin euskara.

Galdera, Josu Estarrona Elizondo EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ustelkeriaren, jardunbide desegokien eta gardentasunaren arloan Lehendakariak egiten duen balantzearen inguruan. 

Lehenik eta behin, Lehendakariak azaroaren 28an Gobernu Kontseiluan onartutako Euskadiko Gardentasunaren Lege Proiektua balioan jarri du. Orain dokumentua Legebiltzarraren eskuetan dago, “legebiltzar honek, testu oso landua, integratzailea eta eguneratua du eskuartean” esan du Urkulluk. Lehendakariak azaldu du Jaurlaritzak onartutako lege-proiektuak ez duela aurreikusten Foru-aldundiei aplikatzea gardentasunari buruzko aurreikuspenak Aldundiek, hirurek, beren foru arau propioak dituztelako. Lege-proiektuaren arabera, ordea, euskal sektore publikoko kide guztiei aplikatuko zaie arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesaren erregulazioa. “Euskadin, gardentasunaren eta eredugarritasunaren kultura sakona dugu, funtsezko oinarria baita gai publikoetan herritar aktibo eta parte-hartzaileak izateko. Euskadi, azken hamarkada honetan, lehen postuetan kokatu da gobernu-kalitateari eta gardentasun-indizeei dagokienez. Balantzea, beraz, positiboa da. Jakin badakigu, ondo baino hobeto, zuen balantzea zein den, balantzea baino gehiago,iritzia. Gobernuaren balantzea, ordea, datuak eskuan, positiboa da. Arlo honetan, eta beste askotan, badago hobetzeko tarterik. Ez dago ezer perfekturik, eta jakinda ere perfekzioa ez dugula lortuko, perfekzioa izan behar dugu helmuga: bikaintasuna” esan du Urkulluk.

Galdera, José Manuel Gil Vegas Mistoa- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, azken PISA txostenean euskal hezkuntzak lortutako emaitzei buruz 

PISA txostenari dagokionez, Lehendakariak errepikatu du momentu zehatz bateko argazkia erakusten duela eta inondik inora ez duela euskal hezkuntza sistema ebaluatzen. Urkulluk berretsi du Hezkuntza zerbitzu publikoen funtsezko zutabea dela eta horregatik Gobernuak etengabeko hobekuntza helburu duela. Helburu hori lortzeko, bikaintasuna lortu nahian, hezkuntza-sistema etengabe eta egunero aztertua izaten dela ziurtatu du Lehendakariak. "Azterketa horren baitan eta datu objektiboekin eskuartean, ahulguneak identifikatzen ditugu hobekuntzak aplikatzeko  eta indarguneak ere bai horiek sendotzeko” gaineratu du. "Jakin badakigu – jarraitu du – ikasle zaurgarriak pilatzen direla ikastetxe jakin batzuetan eta, horregatik, eskola-segregazioaren arazoari aurre egiten ari gara; badakigu emozioak lantzeko formakuntza beharrezkoa dela hezkuntza komunitateari erantzun egokiagoak emateko. Aitortu beharra dago aurrerapausoak ematen ari garela: matematikaren kasuan curriculum berri bat jarri dugu martxan, Lehen Hezkuntzako hasierako etapetan irakurtzeko zailtasunak dituzten haurrak hautemateko lana errazten duten tresna berriak garatu ditugu; Bigarren Hezkuntzan ikasle zaurgarriak oinarrizko gaitasunetan alfabetatzea sustatzeko ekimen berriak jarri ditugu abian, eta sisteman berandu matrikulatzen diren ikasleak hartzen dituzten ikastetxeetan hizkuntza plan integralak indartu ditugu, besteak beste. Azken batean, hezkuntza sistemaren ahulgune eta indarguneak aztertzen ditugu etengabeko hobekuntza aplikatzeko” esanez amaitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak